E. Goenaga Lizaso
Hauts laino handi bat. Horixe ikusten dute Belartza inguruan (Donostia) bizi diren herritarrek. Eta gaia ere hautsak harrotzen ari da azkenaldian. Izan ere, Belartzako poligonorako bidean, harrobia zegoen tokian, Mercadonaren supermerkatu bat eraikitzeko obrarekin hasi dira, eta eraikuntza enpresak baimenik gabe egindako zenbait jarduerak natur taldeen zein bizilagunen haserrea eragin dute.
Gipuzkoako talde ekologista eta naturzaleak biltzen dituen Naturkon plataformak agerraldia egin du aste honetan, obrek orain arte eragin duten kaltea salatzeko eta Belartza II poligonoa eraikitzeko egitasmoa bertan behera gelditu dadila eskatzeko. Egun eraikita dagoen Belartza poligonoaren jarraipena litzateke Belartza II, eta proiektuak hogei hektareatik gora eraikitzea aurreikusten du. Natur taldeen arabera, “natur balio handiko inguru batean” eraikiko da poligonoa, eta, egun hutsik dauden industrialdeei erreparatuta, “zentzugabekeria” litzateke beste bat eraikitzea.
Baimenik ez
Belartza II Gelditu taldeko kide eta Añorgako bizilaguna da Mikel Esnaola, eta, Hitza-ri azaldu dionez, harrobian egiten ari diren obra —Mercadonakoa— Belartza II industrialdearen eraikuntza egitasmoaren barruan kokatu behar da. “Bi obrak nahastu egiten dira hemen. Bateko obratik ateratzen ari diren harria bestea eraikiko den tokira ari dira botatzen, bi obra eremu ezberdin izan arren. Egiten ari direnak EAEko Lurzoruaren Legearen 135 eta 136 artikuluak urratzen ditu”.
Esnaolaren esanetan, harrobiko obra hasi zutenetik baimenik gabeko lau jarduera egin dituzte. Batetik, ateratzen ari diren harria Belartza II eraikiko den orubera botatzen ari dira, orube horretan obra baimenik ez dagoen arren. Jada 150.000 metro kubikoko betelan irregularra egin dutela salatu dute talde ekologistek, zazpi metroko altuera eta 3.000 metro koadroko azalera hartzen dituela, eta lan horretan haritzak eta bestelako zuhaitzak suntsitu dituztela. “Betelan hori baimenik gabe egiten ari zirela behin eta berriro salatu dugu Donostiako Udalean, udala baita baimena eman behar duena. Baina erantzunik ez dugu jaso. Maiatzaren hasieran prentsaurrekoa eman genuenean hasi ziren mugitzen”.
Donostiako Udalak maiatzaren 16ko datarekin eman zion baimena eraikuntza enpresari, “epe ertain batean —20 hilabete gehienez— behin-behineko betelana egiteko”. Baimen horrek dioenez, epe hori agortzen denean eraikuntza enpresak lehen zegoen bezala utzi behar du orubea. Esnaolaren iritziz, baimen hori “ilegala” da, hilabete eta erdiko atzerapenaz iristeaz gain.
Gainera, eraikuntza enpresak baimenik gabeko beste hiru jarduera egin dituela salatu dute auzotarrek zein talde ekologistek. “Baimen bakarra eman dute, eta lau jarduera egin dituzte”. Maiatzaren hasieran pilatutako harriak tokian bertan txikitu eta manipulatzen hasi zirela salatu dute talde ekologistek. “Maiatzaren hasieratik, birringailu baten bidez, harriak txikitzen eta xehatzen ari dira etengabe, granulometria txikiko agregakin bilakatuz, eta hogei metroko garaiera duen hauts hodeia sorraraziz. Atmosferaren kutsatzailea den jarduera horrek eragin zuzena du airearen kalitatean, eta ondorio nabarmenak ditu inguruko baserri eta etxebizitzetan”.
Azkenik, obran dabiltzan ibilgailuak mugitzeko bi mendi pista ireki dituztela eta lurraren mugimenduarekin bertatik pasatzen den erreka estali dutela salatu dute. “Bideak egiteko lurra mugitu dute, eta lur hori erreka gainera erori da. Ez dute erabat estali, baina ur emari gutxiko erreka txiki bat da, ez da Oria ibaia, eta lehortzeko arriskua dago”, azaldu du Esnaolak.
Babestutako gunea
Esnaolaren arabera, harrobian egiten ari diren obrak baino gehiago, obra horren ondorioek eta poligono berriaren eraikuntzak eragiten dute kezka. “Eremu hori Unanue naturgunearen mugakide da, eta babestutako eremuan txertatu beharko litzatekeela defenditzen dugu”, eskatu dute Naturkoneko kideek, prentsaren aurrean. “Makroproiektuak, zuzeneko eremuan dituen eraginak kontuan ez hartzeaz gain, nahita uzten ditu aipatu gabe inguruko guneetan zeharka sortuko dituenak. Belartza II eraikitzeak kalkulaezina den balioko korridore ekologikoen txikizioa ekarriko luke”.
Horrez gain, prentsaurrekoan bildutakoek zalantzan jarri dute halako industrialde handi bat eraikitzearen komenigarritasuna. “Donostian industrialde berri bat eraikitzea zentzugabekeria hutsa da, eta are gehiago hirien zaharberritu daitezkeen industrialde erdi hutsak edukita”. Ildo horretan, salatu dute Eskusaitzetako poligonoan (Zubieta, Donostia), Gipuzkoako industrialde handiena izanik, oraindik ez dagoela enpresa bakar bat ere.
Leave a Reply