Tolosako inauterietara lehenengo aldiz joaten dena mozorroen festaren giroak harrapatuko du. Zaila da tolosarren eta inguruko herritarren parte hartzea gainditzea: mozorroturik ez dagoenari lekuz kanpo sentiarazten dio. Bada beste fenomeno bat ere bisitaria harrituta utzi ohi duena: txarangak.
Txupinazoa jaurtitzeko ohorea Poca Tripa txarangak du aurten. 50 urte beteko ditu, eta Kabi Alai elkarteak, festei hasiera emateko ardura duenak, Inauterizale Kuttun izendatu du. Javier Arrizibita Poca Tripa txarangako kideak argi du: “Inauterientzat txarangak gorputzarentzat odola bezala dira”. Arrizibitak dio “oso ondo” pasatzen dutela txarangarekin aritzen direnean: “Guk jotzen dugun egunean ez gara konpartsez asko jabetzen. Musikarekin festa alaitzen saiatzen gara, gehienbat zezen plazan eta dantzaldian”.
Tolosan kaleko musika beharrezkoa dela dio. “Udalak gauerako ere kontratatzen ditu txarangak. Ostegun Gizenean jendea kalean dago 23:00etan. Alaitasun handia sortzen dute”, esan du Poca Tripako kideak. Berdura plazan egiten den dantzaldia “oso polita” dela gaineratu du: “Txaranga batek bukatzen duenean, beste bat igotzen da. Eta biek elkarrekin jotzen dute pieza bat”. Arrizibitarentzat une bereziena Alde Zaharretik zezen plazara egiten duten bidea da: “Alde Zaharretik zoazenean txarangaren soinua berezia da, eta ikusten duzu jende guztia zezen plazara alai doala”.
Emakumeen parte hartzea
Txaranga asko herriko elkarteren batetik sortuak dira. Poca Tripa da salbuespenetako bat, hainbat elkartetako kideek osatutakoa baita. Pintxana da horietako beste txaranga bat; kaleko sagardotegi batean elkartzen ziren talde batetik orain urte asko sortutakoa. Bertako kidea da Mila Garcia de Iturrospe, txaranga bat zuzentzen aurrenetako emakumea. “Gure garaian gutxi ginen, baina orain emakume dezente ikusten dira txarangetan”, dio. Pintxanan beste bi emakume ere izan dira zuzendari. Postua aldatu egiten dute kideen artean, tarteka, Garcia de Iturrospek azaldu duenez: “Lau edo bost kanta joz atera daiteke Pintxana txaranga, eta nik uste dut taldea gidatzeko aukera eman behar zaiola jendeari”.
Txikitatik bizi izan du musika eta txaranga giroa Garcia de Iturrospek: “Nire etxean denak oso inauterizaleak izan dira. Saxofoiarekin hasi nintzenean, gero txarangetan sartu nintzen”. Harentzat inauterietan musika “oso garrantzitsua” da: “Pentsa ezazu, asteazkenetik Ostegun Gizenerako gauerdian [inauteriak hasi aurretik], Vista Alegre txaranga ateratzen denean, sekulakoa da jendea nola hasten den saltoka”.
San Esteban elkarteko txarangan ere jotzen du Garcia de Iturrospek. Aurten, habanera berri bat sortu dute. Izan ere, elkarteek, euren txarangekin kalean giroa sortzeaz gain, doinuen errepertorioa aberasten dute.
Kexak ere izaten dituzte musikariek. Ramon Zubeldia San Esteban txarangako zuzendariak karroza eta konpartsen ondotik igarotzean bolumena jaisteko eskaria egin du. Bestalde, zezen plazatik Alde Zaharrera joateko kalejira bizkortu dezala eskatu dio udalari: “Betidanik aurrerantz izan da. Baina, iaz, lau pauso aurrerantz eta bost atzerantz ematen zituen jendeak”.
Horrelako gaiak eztabaidatzen dituzte txarangetako ordezkarien eta udalaren arteko bileran. Bertan urte bakoitzeko arautegia adosten dute. Izan ere, hamar txaranga daude ofizialak direnak, eta horien jardunari eragiten diete batez ere arauek. Esaterako, Zaldunitan, Astelenitan eta Asteartitan (inauterietako igandea, astelehena eta asteartea), egun bakoitzean hiru txaranga ofizial daude, eta txandatu egiten dira urtetik urtera.
Egitarauko ekitaldi garrantzitsuenetan parte hartzen dute txaranga ofizialek: zezen plazarako eta handik ateratzeko kalejiretan, zezen plazan bertan eta Berdura plazan egiten den dantzaldian. Arautegiak, adibidez, zezen plazan txaranga bakoitzak izango duen kokalekua zehazten du, edota zezen plazara joaterako kalejiran txaranga doinuen errepertorioaren 7. eta 14. abestiak jo behar direla, hau da, Praskhuarena eta Irureta.
Errepertorio propioa
Abesti ugari daude, baina klasikoak edo betikoak zein diren jakiteko egokiena, etzi, Tolosako Musika Bandaren Inauteri Kontzertura joatea da. Bertan, txarangazaleen oroimen musikalean dauden hogei bat abesti jotzen dituzte: Diana, Pello Ziri-Ziri, Galtzaundi, Artillero, Gaur txantxo naiz, Polka, Isabelita… Enrike Arostegi bandako zuzendariak emanaldi berezia dela dio: “Berdura plaza bete egiten da. Gure kontzerturik jendetsuena da. Bandan aurretik aritu direnak ere etortzen dira”.
Arostegik ere inauterietan musikak eta txarangek duten garrantzia nabarmendu du: “Inauteriak leku askotan daude, baina Tolosan ezberdina da, denbora guztian kalean musika dagoelako, eta gainera errepertorio propioa dugu”. Arostegik Urdiña Txiki txarangan jotzen du. “Tolosan inauterietan gelditzen den musikariak txarangaren batean parte hartzen du”, dio. Hain justu, musika eskola eta musika banda izaten dira txarangetan jotzen dutenen harrobia.
Udalak ere argi du txarangek “berebiziko garrantzia” dutela. Mikel Arreseigor zinegotziak dioenez, “herriko beste hainbat eragile bezala ezinbestekoak dira inauterietan. Haiek gabe inauteriek ez lukete zentzurik izango”.
Inauterietako doinuak herriz herri zabaltzen txarangek asko lagundu dutela esan du Arreseigorrek. “Aurten, gainera, udaleko euskara zerbitzukook, doinuak zabaltzeko asmo horretan, euskarazko inauteri kantuen liburuxka bat argitaratu dugu. Inauterietan egunero txarangek jotzen dituzten abestietako hitzak jasotzen dira bertan”, gaineratu du. Txarangen musika oso barneratuta dagoela dio: “Tolosako inauterizaleok txarangen atzetik dantzan joatea maite dugu, eta hori kanpotik datorrenari ere kutsatu egiten zaio”.
Datorren ostegunean, Ostegun Gizenean, suziriarekin batera lehertuko da jaia. Eta txarangek musikaz bustiko dituzte, beste behin, Tolosako kaleak.