Irisgarritasuna eta ondarea: oreka zaila

Irisgarritasuna eta ondarea: oreka zaila

Unai Zubeldia

Ariketa bisual bat da, Donostian balio arkitektoniko handia daukaten hainbat etxebizitza ataritan egindako eraldaketak edo egokitzapenak bertatik bertara ikusteko eta ulertzeko saiakera bat. Ondare atariak, irisgarri eta inklusiboak? erakusketa ikusgai dago Donostian, Egiako kultur etxean. Urtarrilaren 12an inauguratu zuten, eta otsailaren 28ra arte ikusi ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era. Berezitasun bat izan du aste honek, bisita gidatuak egin baitzituzten herenegun. Herritarren eskaera kopurua ikusita, otsailerako bisita gehiago programatzekoak dira, Juan Martin Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako delegazioko Ondarearen batzordeko zuzendariak adierazi duenez.

DONOSTIAKO ATARI BAT

Iaz sortu zuten erakusketaren proiektua, Ondarearen Europako jardunaldietan landu zutenari jarraipena emanda. “Urtero, gai bat lantzen dugu jardunaldi horietan, eta Irisgarritasuna eta inklusibitatea zen iazkoa. Interesgarria iruditu zitzaigun ordurako Donostian lantzen ari ginen hainbat atariri buruzko azalpenak ematea”. Donostiako Udalaren Hirigintzako eta eraikitako ondarea babesteko plan bereziak B mailarekin babestuta dauzka hiriko 25 etxebizitza atari —barrualdeak ere babesten ditu izendapen horrek—, eta horietatik 23tan egiten ari diren moldaketak bildu dituzte erakusketan. Erdialdekoak dira atari gehienak: Prim, Getaria eta Hondarribia kaleetakoak eta Salamanca eta Frantzia pasealekuetakoak.

DONOSTIAKO ATARI BAT

“Ondarearen balioa eta irisgarritasuna”; askotan “mutur banatan” egoten diren bi errealitate horiek elkarren ondora biltzen saiatu dira Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako delegazioko ordezkariak. “Ez da ariketa erraza izaten, irtenbide bat baino gehiago izaten baita sarri”, zehaztu du Martinek. Beste atari batzuek, berriz, oraindik ez daukate soluziorik. Espazio askorik gabeko atariak dira horietako batzuk, mailadi handikoak, eskailera askokoak —atariko bertako 15-20 zentimetroko lehen koskatxoa ere bai kasu askotan, uholdeei-eta aurre egiteko—, lanketa handiko eta diseinu ikusgarriko materialak dauzkatenak… “Horrelakoetan ez da erraza izaten atari horiek nortasunari eutsiz moldatzea; magia pixka bat egin behar izaten dugu tarteka”.

DONOSTIAKO ATARI BAT

Jasogailuak, aldapak…

Adibideak jartzen hasita, atari batzuetan jasogailu bat edo aldapa txiki bat jartzea nahikoa izaten dela azpimarratu du Martinek. “Eta igogailua beheraino jaisten dute beste batzuek; aukera asko daude. Baina, noski, irisgarritasunaren eta ondarearen artean oreka bilatu beharra dago, eta lan zaila da udalarentzat, teknikariontzat, bertako bizilagunentzat…”. Frantzia pasealekuko 2. zenbakia aipatu du Martinek eraldaketa errazen barruan: “Ia-ia kale bat dago eraikin horren atariaren barruan, eta igogailura iritsi aurreko koska txiki bat besterik ez zeukan egokitzeko. Oinezkoen pasabideetan egiten den antzeko obra txiki bat egin genuen, eta kito”.

DONOSTIAKO ATARI BAT

Martinek lan zailagoen barruan sartu ditu Prim kaleko hainbat atari: 23. eta 28. zenbakiak, esaterako. “Hain bereziak dira, inor ez da ausartzen ukitzera; marmolezko objektuak daude, espaziorik ez dago… Horietan zaila da irisgarritasuna bermatzea eta ondarea mantentzea”. Donostia erdialdean bitxikeria batzuk ere badaude. “Etxe sail asko daude, eta, Kortazar inguruan, adibidez, antzeko eraldaketa egin zuten lau eraikinetan. Beste batean, ordea, ez dute ezer egin: San Martzial kaleko 26. zenbakian”. Hasieran bezala dago atari hori. “Dena bere horretan mantendu nahi badugu, ezinezkoa da ezer aldatzea”, azaldu du Martinek.

JUAN MARTIN

Bizilagunen artean ere sortzen dira gorabeherak horrelako moldaketak egin behar izaten direnean. “Justifikatu egin behar izaten da 65 urtetik gorako batek mugikortasun arazoak dauzkala; kasu horretan, derrigor egokitu behar izaten da obra”. Baina, Martinen hitzetan, halakoetan ere bizilagun guztiak ezin dituzte behartu ordaintzera. “Ondorioz, askotan, eskaera egin duenak aurre egin behar izaten dio gastuaren zatirik handienari”.

Erakusketan oso modu praktikoan egin daiteke bisita. Panel bat dauka etxebizitza atari bakoitzak, hiriaren maparekin eta tokian-tokian hartutako neurriekin. Sarrerako argazkiak, barrukoak, bi hizkuntzatan eraikin bakoitzaren historia eta egindako egokitzapen lanak, horietan erabilitako materialak… “Zehaztasun asko dauzka panel bakoitzak”. Istorio txikiz osatuta dago Donostian balio arkitektoniko handia daukan etxebizitza atari bakoitza.

Argazkiak, ordenean:
1 Donostiako Salamanca pasealekuko 7. zenbakia. Zazpi eskailera daude igogailuaren parera iritsi aurretik; jasogailu bat jarri dute.
2 Donostiako Frantzia pasealekuko 2. zenbakia. Kale baten modukoa da eraikinaren barrualdea, eta koska txiki bat egokitu behar izan dute.
3 Donostiako Prim kaleko 23. zenbakia. Oso sarrera berezia da, eta ez dute egokitu oraindik.
4 Donostiako Lapurdi kaleko 1. zenbakia. Sarrerako eskaileren amaieraraino iristen da jasogailua, eta bertan dago igogailua.
5 Juan Martin Arkitektoen Elkargoko Gipuzkoako delegazioko Ondarearen batzordeko zuzendaria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.