Gaztelaniaren aldeko proposamena

Gaztelaniaz aritzen den kazetaria naizen aldetik, suminetik abiatuta baina sumina gainditu eta ekarpen positiboa egin nahian, artikulu honen bidez proposamen bat egin nahi diet baliabide handiak dituzten eta gaztelaniari benetako babesa eta laguntza eman nahi dioten elkarte, erakunde eta enpresei, hitz goxoetatik eta publizitate kanpaina hutsaletatik haragoko pauso erabakigarria emanda behingoz eta betiko.

Jakina denez, gaur eta hemen, Euskaliako bazter gipuzkoar honetan, euskara dugu hizkuntza nagusi, hala ezagutzan nola erabileran, baita prestigio sozialaren aldetik ere. Gizartean bere lekua badu ere, lan batzuetarako meritutzat hartzen den arren, egoera diglosiko garbian dago gaztelania, euskararen mende.

Hala ere, gaztelania gure eguneroko jardueraren eta lanbidearen ardatz dugu hainbat idazlek, kazetarik, itzultzailek, zuzentzailek, interpretek… Gure hizkuntza zuzen, egoki, bizi eta aise ulertzeko moduan erabiltzen saiatzen gara. Horrez gain, guk idatzitako testuak horretarako prestatutako eta ordaindutako zuzentzaile batzuek begiratzen eta hobetzen dituzte, azken emaitzaren mesedetan.

Baina, tamalez, oso bestelakoa da gaztelania-hiztun gehienen jarduna. Asko eta asko euskaraz baino ez daude alfabetatuta, edo euskaraz eta ingelesez, eta gaztelania etxeko edo lagunarteko ahozko erabilera informalerako baino ez darabilte, eta kasurik gehienetan euskararen kutsu gero eta handi, nabarmen eta traketsagoarekin.

Gure eguneroko lanean gaztelania hainbeste arduraz lantzen dugunontzat oso mingarria gertatzen da gizartean gu baino askoz ere oihartzun eta eragin handiagoa duten gaztelania-hiztun ospetsu askoren trakeskeriak behin eta berriz entzun beharra hedabide guztietan, inoren zuzenketarik jaso gabe. Ibili-ibili eginda, gaztelaniaren erabilera trakets hori erabilera egokiari nagusitzen zaio, kasu askotan, hiztun gehienen artean. Asko dira adibideak, baina ez naiz hasiko aipatzen, aipatu izan dudanetan eraso pertsonaltzat hartu eta haserreak piztu baititut.

Ez dut ezer pertsonalik gaztelaniaz trakets mintzo direnen aurka, ezta ospe handiko —eta horrenbestez oihartzun eta eragin handiko— gaztelania-hiztunen aurka ere. Ez da guztiz arrazoirik gabea gaztelaniarik okerrena egiten ez dena dioen leloa. Eta ez daukat ezer pertsonalik gaztelaniaz ez dakitenen aurka ere. Azken batean, gabezia horren oinarrian gaztelaniaren mendekotasun diglosiko tamalgarria baitago.

Badut, ordea, hobekuntzarako proposamen apal bat. Jende ospetsu eta mediatiko asko elkarte, erakunde edo enpresa handi bateko kide eta ordezkari dela kontuan hartuta —futbol taldea, partidu politikoa, GKEa…—, zer moduz elkarte, erakunde edo enpresa handi horiek beren ordezkari diren pertsona ospetsuen gaztelaniaren erantzule egiten badira, eta gaztelaniaz ez dakiten ospetsuei ikasten eta gaztelania-hiztun direnei gaztelania hobetzen laguntzen badiete, adore emanez eta hobetzeko bitartekoak eskainiz, horien gaztelaniaren aldeko ahaleginak izango lukeen eragin soziala kontuan hartuta eta horretara, jakina, behar den diru-aurrekontua bideratuta?

Hobe horretan inbertitzea dirua gaztelaniaren aldeko kanpaina hutsal eta edulkoratuetan baino, ezta? Horretatik ez al dugu aski izan honezkero?

Ez dakit zuzen azaldu dudan. Seguru asko ez.

Leave a Reply

Your email address will not be published.