Estazio berriarekin, datu zehatzagoak

Estazio berriarekin, datu zehatzagoak

Irati Saizar Artola

Ordezkatu egin dute Berastegin 1989tik instalatuta zegoen Euskalmet euskal meteorologia agentziaren estazio historikoa; berriago bat jarri dute gune berean. Egindako aldaketekin, gailu berriak ahalmena du haizeari, tenperaturei, prezipitazioei, hezetasunari, eguzki erradiazioari eta beste hainbat alorri buruzko datu adierazgarriak emateko. Eusko Jaurlaritzaren eta Berastegiko Udalaren arteko elkarlanari esker jarri dute ekipamendu berria.

Eusko Jaurlaritzak instalatu zituen lehenengo estazio automatikoetako bat izan zen Berastegiko estazio meteorologikoa. Amaia Azkue alkateak azaldu duenez, duela urtebete estazio meteorologikoaren aldameneko eraikinean obrak egiten hasi zen udala, eta kamioi batek kable bat jo eta konexiorik gabe geratu zen estazioa. “Horren ondorioz, denbora batean geldirik egon da, informazioa ezin bidalita”.

AMAIA AZKUE

Estazio berria jartzeko asmoa begi onez ikusi du udalak: “Herritar askok esan digu estazioaren falta sumatzen zuela. Jendea deseatzen zegoen berriz ere Berastegiko informazioa jasotzeko”. Azken finean, herriarentzat “beste zerbitzu bat” da estazio meteorologikoa. “Herritarrek ez dute zuzenean erabiltzen horko informazioa, baina ilusioa egiten du herriko datuak zabaltzeak”. Hala, estazio berria jarri aurretik, jatorrizko estazioa zegoen lursaila erosi zuen udalak, eta leku berean jarri dute orain azpiegitura berria.

Konpondu ordez, berritu

Jose Antonio Aranda Euskalmeteko arduradunak esan duenez, estazioa konpondu beharrean, “berritu eta eguneratu” egin nahi izan dute, “material eta sentsore modernoagoak” jarrita. “Horri esker, informazio aurreratuagoa eta baliotsuagoa lortuko dugu aurrerantzean”.

JOSE ANTONIO ARANDA

“Bere buruari eusten dion dorre bat” du instalazio berriak, jatorrizkoa baino altuagoa, eta ez dauka azpiegiturari eusteko aurrekoaren alboko tenkagailurik. Horrez gain, inhibitzaile bat ere badu, tximistak bertan ez jausteko, ez estazioan bertan, ez inguruan. Era berean, Arandak esan du sistema elektroniko berria eta kable eta sistema sentsorial berria ere jarri dituztela, haizearen norabidea, batez besteko abiadura eta boladarik indartsuenak, airearen tenperatura, hezetasuna, eguzki irradiazioa eta prezipitazioa neurtzeko.

Berezitasun bat ere badu Berastegiko estazio berriak: tantak neurtzeko sentsore bat jarri dute. Arandak azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederatzi tanta neurgailu besterik ez dago oraintxe. Tresna horrek euri tanten, txingor pusken eta elur maluten kopurua eta tamaina neurtzen du, baita abiadura ere. “Bi buru ditu aparatuak, lau zentimetro inguruko distantzian, eta hortik pasatzen den edozer gauza neurtzeko gai da”, esan du Arandak. Informazio horretatik abiatuta, elurra, euria edo txingorra bereizteko gai da neurgailu berria: “Abiadura oso motela bada, adibidez, badakigu elurra ari duela, eta tamainagatik ere jakin daiteke hori”.

Aurrerapen teknologikoei esker, Bernedon (Araba) dagoen Kapilduiko radar meteorologikoaren euskarri gisa jardungo du Berastegiko estazio berriak. “Kapilduiko radarraren bidez, altu dauden hodeien erreflektibitatea neurtzen dugu, ez beheko hodeiena, eta, goitik beherako bide horretan, tantak hazi edo desager daitezke. Beraz, goian dagoen prezipitazioa eta behean dagoena ezberdina da”, azaldu du Arandak. “Minutu bateko maiztasunarekin, prezipitazioen higadura ahalmena zenbatekoa den jakin dezakegu”. Euskalmeteko arduradunak ziurtatu du Berastegiko estazio berria “lagungarria” dela Kapilduiko radarraren informazioa osatzeko. “Zehatzago landu ditzakegu datuak”.

Estaziorik “modernoena”

Arandak aipatu du Berastegiko estazioa dauzkatenen artean “modernoena” dela orain, “erreferentziazkoa” dela. Lekua bera “estrategikoa” da: “Ditugun estazio gehienak nahiko altitude baxuan dauzkagu, eta Berastegikoa, 400 metroan egonik, altitude garrantzitsua da guretzat. Altitudea, kokalekua eta Leitzarango autobidearekiko hurbiltasuna garrantzitsuak dira alertak ezartzeko, eta baita errepideetarako zenbateko arriskua dagoen baloratzeko ere”.

Berastegiko estazioa berrituta, Eusko Jaurlaritzak 124 estazio meteorologiko eta hidrologiko dauzka Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.