Ana Lodeiro: “Ahaldundu egin behar dira umeak”

Ana Lodeiro: “Ahaldundu egin behar dira umeak”

M. Garate

Bi seme ditu Ana Lodeirok, 16 urtekoa bata eta 8 urtekoa bestea, gaitasun handikoak biak. Gaiaz ezer ez zekiela harrapatu zuen zaharrenaren diagnosiak. Harekin egindako bideari esker, bigarrenarekin egoera nola “gidatu” badakiela dio. Argi du: batetik, umeei “tresnak” eman behar zaizkie ulertzeko zergatik funtzionatzen duten funtzionatzen duten bezala, eta, bestetik, esplikatu behar zaie nola bizi gaitasun handiak “baliotzat” edukiz. “Ahaldundu egin behar dira, eta autoestimu handia eman”.

Lodeirok esan du sentsibilitate handiko haurrak izan ohi direla gaitasun handiak dituztenak. “Nolabait esateko, benetan duten baino adin handiagoa dute mentalki, baina sentimentalki gehiago kostatzen zaie sentsazioen olatu handi hori kudeatzea”. Ohikoa da, adibide baterako, haur horiek beldurra izatea iluntasunari edo jasangaitzak egitea soinuak; edo kotoizko arropak jantzi nahi ez izatea, duten sentsibilitateagatik azkura egiten dielako; edo janariaren testura batzuk gustuko ez izatea. “Ulertu behar izan dugu umeak ez zuela hori egiten gu izorratzeagatik, arrazoi zientifikoak daudela horren atzean”.

Oso txikitatik hasi zitzaien semea harridura eragiten zieten galderak egiten. Oso hiztuna eta jakin-min handikoa zen. Heriotzari lotutako gauzek, berriz, kezka izugarria eragiten zioten. “Baina guk orduan ez genuen umerik inguru hurbilean”. Elgoibarren bizi dira, eta, eskolan, lagun talde txiki batekin ibili ohi zen. “Bospasei ziren futbolzaleak ez zirenak, eta horiek elkarrekin gehiago ibiltzen ziren. Une batean, ordea, txantxekin-eta hasi ziren, eta min egiten zion horrek semeari”.

Lodeirok kontatu duenez, jazartzen hasi zitzaizkion orduan. Alabaina, irakasleak amari esan zion ikaskideek ez zutela gaizki tratatzen. Anaia ere jaio berria zen. Panorama horretan, sufritzen ikusten zuten, baina noraezean sentitzen zirela esan du Lodeirok. “Nik lan egiten dudan enpresako prebentzio arduradunak aipatu zidan gaitasun handiak izateko aukera. Nire erantzuna izan zen: ‘Zer?'”.

Eibarko psikologo bat gomendatu zion hark. Proba batzuk egin zizkion psikologoak umeari, eta orduan jakin zuten gaitasun handiak zituela. “Eta ulertzen hasi ginen haurrarekin bizitako gauza asko”. Aupatuz elkartearen berri ere eman zien psikologoak. “Niretzat sekulako laguntza izan da elkartea”.

Pedagogoarekin hizketan

Behin semeak gaitasun handiak zituela jakinda, ikastetxeko pedagogoarengana jo zuten. Jazartzen zitzaizkion ikasleen gurasoekin ere hitz egin zuen eskolak, eta haurrak ere konturatu ziren min egiten ziotela, eta baretu zen egoera. “Bera ere ahaldunduz joan da. Badaki sentsibilitate handiagoa duela, eta tresna gehiago ditu egoerei aurre egiteko”.

Eskolan ez du maila aurreratzerik nahi izan. Gaitasun handiak dituzten ikasleekin, batik bat sozializazioaren gaia landu behar dela uste du. “Lan gehiago ematea ez da kontua; jar ditzatela zailtasun handiagoa dituztenekin, lagundu ahal izateko, eta ahalduntzeko”. Halere, beharrezkotzat jo du ikasteko ohiturak barneratzea. “Dena oso erraza denez haientzat, ez bazara txikitatik hasten lantzen, benetan ikastea tokatzen zaienean deskonektatu egiten dira, eta porrot egitea ohikoa da”.

Gaur egun, dioenez, semearen eta 16 urteko beste gazte baten bizimodua ez dira guztiz ezberdinak. “Hori bai, intentsitate handiko umeak dira. Beren ideiekin ere oso zorrotzak dira. Gure semeari musika klasikoa, planetak eta halakoak gustatzen zaizkio; agian, ez da ondo egokitzen toki guztietara, baina ikasi du non nahi duen hegan egin eta non ez”.

Seme txikiak ere “portaera oso antzekoak” dituela azaldu du, nahiz eta jakin-mina ez doan bide beretik. Bestelako ezberdintasun batzuk ere igarri ditu. “Minaren aldetik, gogorragoa da txikia, errazago jasaten du; aldiz, pixka bat ozenago hitz egiten badiozu, bere onetik ateratzen da”. Urteotan gaitasun handiei buruz asko ikasi duela dio Lodeirok, eta beste patxada batekin ari da bizitzen bere umeen egoera. “Bidea aurkituz joatea da kontua”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.