Miren Garate
Adimen handiko ikasleei hezkuntza arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren 2019-2022ko planak badu berrikuntza nagusi bat: ikastetxe guztiek baheketa bat egiteko obligazioa izango dutela, gaitasun handiak hautemateko. Pandemiak atzeratu egin du kontua, baina egitasmo horren nondik norakoak datozen hilabeteotan aurkeztekoa da Eusko Jaurlaritza. Aupatuz Adimen Gaitasun Handiko Haurren Euskal Elkartearen iritziz, neurriak “aurrerapauso handia” ekar dezake detekzioan eta haur horiei ematen zaien arretan, “betiere bermatzen bada proba horiek egingo dituzten irakasleek eta Berritzeguneko aholkulariek prestakuntza zorrotza, kalitatezkoa eta behar adinakoa jaso dutela”.
Gaur egun, ikasleen %0,25i detektatzen dizkiete gaitasun handiak, baina, Aupatuz-eko kideen esanetan, jakinekoa da eragina %3 eta %5 artekoa dela. Arriskua dago ikasle horien ehuneko handi batek eskolako etapa era negatiboan bizitzeko eta sisteman porrot egiteko. Aupatuz-eko kideek kontatu dute ikasle haietako asko ez direla ulertuak sentitzen eskolan, eta guztiz desmotibatuta amaitzen dutela. Beste batzuek ez dituzte garatzen ikasketa ohiturak, eta beren gaitasunen oso azpitik dagoen errendimendu batekin iristen dira goiko ikasturteetara.
Askotariko ezaugarriak dituzte gaitasun handiko ikasleek, eta gaitasunak berak ere askotarikoak dira. Jaurlaritzaren planean ageri diren datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan %4,8 goiz helduriko ikasleak dira, %37,3k talentu motaren bat dute, eta erdiek baino gehiagok (ia %58k), supergaitasunak. “Desberdintasun horiek garrantzitsuak dira hezkuntza neurriak hartzerakoan, haurraren interesak kontuan hartu behar baitira”. Adibidez, Aupatuz-ekoek esan dute posible dela literatura talentua duen ikasle batek erritmo normala izatea matematikan eta egokitzapena behar izatea euskaran. Supergaitasunak dituen ikasle batek, berriz, ikastaro bat aurrerago joateko beharra izan dezake.
Malgutasun eske
Oro har, gaitasun handiko ikasleek curriculumean malgutasun handiagoa behar dutela diote Aupatuz-eko kideek. “Ikasteko eta arrazoitzeko duten modua ez dator bat ikaskuntza mekanikoarekin, ezta gehiegizko errepikapenekin ere. Horrek deskonexiora eramaten ditu, beren munduan egotera, nahiz eta gero errendimendua ona izan”.
Lehen Hezkuntzan emaitza onak izan ohi dituzte, baina, askotan, egoera aldatu egiten da DBHn eta Batxilergoan hasten direnean. “Autoikaskuntza, sormena, pentsamendu kritikoa, ikerketa eta esplorazioa sustatu behar dira; hau da, haien jakin-min intelektuala suspertu, ahalmenaren garapena ahalik eta gehien bultzatzeko”.
Jaurlaritzaren planak jasotzen duenez, irakasleen hasierako prestakuntzaren eta etengabeko prestakuntzaren premia dago. Irudipen hori bera du Aupatuz-ek ere. “2019ra arte ez da inolako protokolorik egon. Horrek egundoko aldeak eragin ditu ikastetxe batzuen eta besteen artean. Oraindik ere irakasle askok ez dakite gaitasun handiko ikasleentzako plan bat eta protokolo bat daudela ere”. Detekzio gutxiago izan ohi dira sare publikoko ikastetxeetan gainerakoetan baino. “Detekzio sistematikoarekin alde horiek desagertzea espero dugu”.
Elkarteak onartu du gaitasun handiko ikasleen aniztasunaren eraginez zaildu egiten dela arreta egokia ematea. “Esku hartzeak, ikasle bakoitzaren ezaugarri kognitiboetara ez ezik, ezaugarri sozial eta emozionaletara ere egokitu behar du”. Eta gogoratu du administrazio publikoen ardura dela ikastetxeei baliabideak ematea ikasle horiei erantzun egokia emateko.
Datorren ikasturtetik aurrera, beste aldaketa bat ere izango da: ikasle zaurgarrientzako gordetako plazak beteko dituzte gaitasun handiak dituzten ikasleek. “A priori” neurri hori ere begi onez ikusi arren, zaurgarria kontzeptua ez zaio oso egokia iruditzen Aupatuz-i. “Ikasleen ehuneko handi bat guztiz integratuta dago, eta zaurgarritzat hartzeak mitoak suspertzea eragin dezake”. Horrez gain, ohartarazi du familien artean ere detekzioa “arbuiatzeko” joera sor daitekeela.
Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren planean ageri denez, gaitasun handiak izateko susmoa egon arren, familia batzuek ez dute inolako jarduketarik egin nahi izaten beren seme-alabekin. Aupatuz elkarteari ez zaio egokia iruditzen erabaki hori. “Barre egingo dioten beldur betaurrekoak behar dituen ume bati betaurrekoak ukatzea bezala da hori”. Nabarmendu du garrantzitsuena izaten dela haurrak berak jakitea beste era batera ikasten duela, “bere indargune eta ahuleziekin”, eta batzuetan sentituko duela ez dutela ulertzen. “Sentipen hori ezinbestean izango du; beraz, hobe du horren berri izatea, eta ez bere burua zigortzen aritzea besteak bezalakoa ez izateagatik”.
Nesken egoera, zailagoa
Jaurlaritzaren txostenean ageri denez, “oso kontuan hartzekoa” da kultura estereotipoek, genero rolek eta beste aldagai jakin batzuek zaildu egiten dutela gaitasun handiko neskak detektatzea, beren ahalmenak ezkutatzeko joera izaten baitute. Gaitasun handiak hautematen zaizkien hamarretik zazpi mutilak izan ohi dira. “Neskek ingurunearekin mimetizatzeko joera handiagoa dute. Batzuek bizitza bikoitza daramate: modu batekoak dira ikasgelan, eta beste modu batekoak handik kanpo”. Egoera horrek somatizazioak ere ekartzen ditu, eta ikasle horien artean ohikoak dira tripako mina, buruko mina…
Elkarteko kideen arabera, jende batek pentsatu ohi du eskoletan errendimendu hobea izaten dutela neskek, baina zehaztu dute gaitasun handiak ez direla horrekin nahastu behar. “Aparteko arrazoiketez, sormen handiko ideiez, ohikoak ez diren gustuez eta abar ari gara. Hori guztia asko zigortzen zaie neskei”.
Leave a Reply