Imanol Larrañaga Juaristi: “Baserritarrak atearen atzetik entzun behar ditu lehen koplak”

Imanol Larrañaga Juaristi: “Baserritarrak atearen atzetik entzun behar ditu lehen koplak”

June Romatet Ibarguren

Gipuzkoako beste hainbat herritan bezala, Elgoibarren ere ohitura zaharra da biharko egunez, Santa Ageda bezperan, kopla kantuan aritzea. 1980tik 1994ra hutsunea izan zuten, baina Izarra Euskaltzaleon Topagunea elkarteak urte hartan berreskuratu zuen ohitura zaharra. Imanol Larrañaga elkarteko kideak (Elgoibar, 1964) azaldu du 1994tik urteroko ekitaldi bihurtu dela Santa Ageda bezperakoa. Elgoibarren kantuan ariko dira bihar ere.

Nondik nora sortutako elkartea da Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topagunea?

1963an sortutako elkartea da, eta hasieran ez zen ezagutzen Euskaltzaleon Topagune modura. Euskararen eta euskaldunon egoerari buelta bat ematen saiatzeko sortutako kultur elkarte bat da. Garai hartan debekatuta zeuden horrelako gauzak, ezin zen esan euskararen aldeko elkarte bat zenik, eta, beraz, Elgoibarko umeen aldeko ekimen bat zela esaten zuten. Ikastola, gau eskola, aterpetxea, umeentzako dantza eta txistu eskolak, bertso eskola eta abar antolatu zituzten lehen urteetan.

Zer bilakaera izan zuen?

1980ko hamarkadan beherakada handia izan zuen elkarteak: [Francisco] Franco hil, eta euskara elkartetik alderdi politikoetara pasatu zen militante asko. Krisi hori pasatuta, 1990ean berriz ere martxan jarri zuten elkarteko hiru kidek, eta ordutik lanean aritu gara. Barren aldizkaria eta atari digitala ditugu, baita beste hainbat proiektu ere. Elkartearen 60. urteurrena ospatuko dugu aurten. Azken urteotan Euskaltzaleen Topagunearen barruan dago gure elkartea, eta horregatik du izen hori.

1963an elkartea sortzearekin batera hasi ziren Santa Ageda bezpera ospatzen?

Batzuek gogoan dute 1980ra arte Santa Ageda bezperan kantuan eta eskean jarduten zutela herrian. Eta 1980ko etenaren ondoren, 1994an berreskuratu genuen ohitura. Beste hasiera bat izan zen hura; orria zuri-zuri genuen, eta bururatzen zitzaizkigun ekimenak lantzen genituen. Ohitura zaharrak berreskura genitzakeela konturatu ginen, eta hori bihurtu genuen gure egiteko. Ohitura zahar horietako bat izan zen Santa Ageda bezperakoa. Ordurako, herrian ospatzen zuten batzuek, eta baserriz baserri ibiltzea erabaki genuen guk. Lehen urtean, kantuan 09:00etan hasi eta hurrengo eguneko 04:00etan bukatu genuen, jendeak ia ez zigulako erantzuten. Latza izan zen, eta ohitura horri eutsi behar geniola erabaki genuen.

Urteren batean etxean gelditu behar izan duzue?

Behin, elurragatik, ezin izan ginen atera; 2018 inguruan izango zen. Baserri bide guztiak elurtuta zeudenez, ezinezkoa zen iristea. 2021ean eta iaz, berriz, osasun arazoengatik ezin izan genuen kantatu; COVID-19aren eraginez zehaztu zituzten muga guztiak errespetatu behar izan genituen. 2020a justu samar libratu genuen, gu kantuan atera eta hilabete inguru geroago iritsi baitzen itxialdia. Hortaz, aurtengoa izango da konfinamenduaren ondoren berriz kantuan aterako garen lehen urtea, eta oso gogotsu dago jendea.

Nola antolatzen duzue Santa Ageda bezperako eguna?

Goizean elkartuko gara denok, baserritar jantzita, Elgoibarko zapia lepoan eta makila eskuan, Kalegoen plazan, 09:00etan. Denon argazkia atera, eta taldeetan banatuko gara, bakoitza tokatu zaion auzora joateko. Furgoneta bat eta auto bat eramango dugu talde bakoitzak, eta, horri esker, baserrietako atariak ez ditugu autoz beteko. Hirugarren talde bat ere aterako da aurten, eta autobus txiki bat izango dute horiek. Baserriz baserri abestu eta gero, berriz elkartuko gara denok, 15:00ak aldera, Aiastia elkartean, eta bertan bazkalduko dugu. Bazkalostean, norberak erabakitzen du jarraitu edo ez, baina egun osoko festa denean, afaria ere izaten dugu; aurten ere izango dugu.

Baserrietara iristen zaretenean, zein izaten da ohitura?

Baserrira iritsi, eta atarian jartzen gara, upada egin eta kantuan hasteko. Ohitura zaharrak dio baserritarrak atearen atzetik entzun behar dituela lehenengo koplak, eta, gustura dagoenean, atea zabaldu behar duela. Pixka bat gehiago kantatzen dugu ondoren, eta limosna botatzen digute jarraian. Orduan jada lizentzia izango genuke amaitzeko. Koplariek bat-batean aritu behar dutela dio ohitura zaharrak, eta baserri bakoitzean daudenen inguruan hitz egin behar dela. Hori egiten saiatzen gara beti, ia etxe guztietako jendea ezagutzen dugulako, batez ere.

Koplariek euren lana amaitu ondoren, etxekoak agurtzen ditugu, eta joan egiten gara. Egia da baserri gehienetan limosnarekin batera jatekoa ere ematen digutela. Askok baserrira sartzeko eskatzen digute, eta guretzat bereziki prestatutako jatekoa izaten dute, kafe bero-beroa, eta abar. Guk, askotan, nahiago izaten dugu jatekoa eta edatekoa jasotzea limosna biltzea baino, berotzeko eta atseden hartzeko aukera ematen digulako horrek. Otsail hasiera da, eta negua nabaritu egiten da.

Aipatu duzu hirugarren talde bat izango duzuela aurten. Nola osatu duzue talde hori?

Bi talde ateratzen gara normalean, bina koplarirekin eta trikitilari eta pandero jolearekin. Baina aurten, larunbata izaki, familien talde bat sortzea pentsatu genuen. Nahiko harrera ona izan du proposamenak, eta 25 haur eta gurasok eman dute izena.

Eskertzekoa izango da herritarren parte hartzea, ezta?

Hala da, bai. Elkartekook eskerrak eman nahi dizkiegu 30 urteotan ekimen honetan parte hartu dutenei: kopla kantuan jardun duten bertsolariei, trikitilariei, Santa Ageda bezperako koruetan parte hartu duten herritarrei, urtero afaria prestatzen duten San Migel elkarteko kideei, Elgoibarko Udalari ekimena diruz laguntzeagatik, eta, batez ere, baserritarrei, etxeko ateak zabaldu eta gu hain ondo hartzeagatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.