Naturaz inguratutako liburutegia

Naturaz inguratutako liburutegia

June Romatet Ibarguren

Urtez urte liburuak bilduz joan dira Oñatin, Arantzazuko santutegiko liburutegian: erlijioarekin loturiko liburu zaharrak, nobelak, beste hainbat testuliburu… Denetik dago. 50.000 ale inguru dituzte apalategietan. Artxiboan ordena bat mantentzen saiatu dira urteotan guztiotan, baina liburu batzuk ez zeudela toki egokian jabetu ziren, eta berrantolatzea erabaki zuten.

Iaz, lekuko aldaketa izan zuten liburutegiko ardura postuetan, eta Juan Miguel Dorronsoro frantziskotarra jarri zuten buru. Orduan jabetu ziren liburutegiak aldaketa bat behar zuela. “Ikastetxea zen garairako pentsatua zegoen liburutegi hau. Teologia ikasten zuten bertan, baina azken berrogei urteotan ez duenez funtzio hori izan, aldaketa bat behar zuen”, azaldu du Dorronsorok. Gaineratu du, beste hainbat komentu itxiz joan diren heinean, horietan zeuden liburutegietako aleak Arantzazuko liburutegira eramaten hasi zirela, eta pixkanaka-pixkanaka liburuak pilatuz joan direla Arantzazun.

ARANTZAZUKO SANTUTEGIKO LIBURUTEGIA

Berehala bete egin zen liburutegia. “Zer behar zegoen aztertu, eta aukeraketa bat egin beharra geneukan, kontua ez baitzen biltegi bat bihurtzea”, esan du frantziskotarrak. Liburu bakoitza banan-banan hartu, garbitu, eta ordena bat zehazten hasi ziren. Nahiz eta urtebete daramaten lanean, “denbora gehiago” beharko dutela aitortu du Dorronsorok: “Liburutegia handia da, eta lan asko dugu oraindik egiteko, baina ari gara pixkanaka”.

Batzuk, digitalizatuta

Txukunketa lanetan murgilduta, aitortu du jendeak egunerokoan ez dituela erabiltzen liburutegiko liburu gehienak. Gainera, digitalizatu berriak dituzte “libururik garrantzitsuenak”; babestuta dauzkate horiek. “1.500. urtea baino lehenagokoa da hemengo libururik zaharrena, eta halakoak, noski, ezin dira atera liburutegitik”, ohartarazi du liburutegiko buruak. Horrelako liburuak, normalean, “ikasketa bereziren baterako edo ikerketak egiteko” erabili ohi direla argitu du.

Dorronsorok kontatu du jende askok pentsatu ohi duela Arantzazun “oso liburu zaharrak” topa daitezkeela, “eta hala da”, baina liburu horiek ez dira bertakoak, beste komentu batzuetatik eramandakoak baizik. “Izan ere, Arantzazu erre egin zuten 1834an. Galdu egin zen hemen zegoen guztia, eta beste leku batzuetatik ekarri behar izan zituzten liburuak, bertako ikasleek erabili ahal izateko”.

ARANTZAZUKO SANTUTEGIKO LIBURUTEGIA

Liburutegian badira gaur egunera gehiago gerturatzen diren nobela eta eleberriak. “Hala ere, jende gutxik jotzen du hona, Arantzazura, herri askotara errazago irits daitezkeelako”. Euren liburutegia ez dela museo bat gogoratu du Dorronsorok. “Ohiko liburutegi bat da hau”. Edonor joan daiteke Arantzazuko liburutegira, baina ezinbestekoa da lehenago deitzea; Dorronsoro bera ez da bertan bizi, eta hitzordua jartzea komeni izaten da.

Liburuak tokiz mugituta, katalogoan ez zeuden liburu batzuk apalategietan jarrita, desagertuta ere bai beste batzuk… “Espero dugu dena garbitu ahala guztiak aurkitzea. Hala gertatu zaigu ale batzuekin”. Nahiz eta garbiketan ez duten ezusteko handirik izan, aleak banaka garbitzen hasi zirenean konturatu ziren zenbat intsektu zeuden. “Ekosistema txiki bat dago hemen, eta Arantzazu hezea izateak eta kutsadura handirik ez izateak asko lagundu die intsektuei”. Naturaz inguratutako liburutegia da. “Eta liburu zaharren orriek ez dute gaur egungoaren tratamendu berbera behar. Naturalagoak dira, eta horrek, jakina, lagundu egin dio intsektuen ekosistema txiki horri”.

Bereziki gaur egungo beharretara egokitu dute liburutegiko ordena. “Fisikako edo botanikako liburuak ere badaude, adibidez. Gaur egun ez ditugu behar liburu horiek, eta, beraz, kendu egin ditugu, beste batzuei tokia egiteko. Gerora ikusiko dugu eman, saldu edo birziklatu egingo ditugun”. Behar-beharrezkoak dituzten liburuak berrantolatzen ari dira orain.

Leave a Reply

Your email address will not be published.