Maritxu Txapartegi: “Urtean zehar joaten naiz txilabak eginez”

Maritxu Txapartegi: “Urtean zehar joaten naiz txilabak eginez”

Miren Garate

Bihar izango dira kaldereroak Tolosan, eta datorren ostegunean lehertuko dira inauteriak, Kabi Alai elkarteak txupinazoa botatzen duenean. Txilaba koloretsuak jantzita ateratzea da Ostegun Gizeneko ohitura. Horiek, pailazo trajeak eta kaldereroetarako gona eta txalekoak saldu ohi ditu Maritxu Txapartegik (Tolosa, 1959), Tolosako Korreo kalean duen dendan. Mozorroak josteko ohitura galduz joan dela kontatu du, gaur egun “askoz merkeago” ateratzen baita erostea.

Gutxi falta da inauterietarako. Hau izaten al da lan gehieneko bolada zuretzat?

Eguberriekin batera, inauteri buelta honetan izaten dut lan gehien, bai.

Inauterietako zer produktu saldu ohi dituzu?

Batik bat, txilabak eta pailazo trajeak saltzen ditut. Kaldereroetarako gonak eta txalekoak ere egiten ditut, eta horiek dira egiteko errazenak. Orain hiruzpalau urte, danborradarako txaketa batzuk ere egin nituen, eta txarangei ere moldatzen dizkiet blusak eta abar. Konponketak egiteko denda bat daukat. Beherapenen garaia izaten da bestela ere, eta lan handia izaten dugu dendan konponketekin eta bestelakoekin, eta ez dugu gehiagorako denborarik, dendan bi lagun gauden arren.

Noiz hasten zara Tolosako inauterietarako txilabak eta pailazo trajeak prestatzen?

Inauteriak amaitu, eta berehala. Urtean zehar joaten naiz egiten, inauteriak iristen direnerako eginda edukitzeko. Zenbait pailazo jantzi ere eginak izaten ditut, baina horiek gehiago egiten ditut orain, amaiera aldera.

Zenbat txilaba egin ohi dituzu urtero?

Ez ditut inoiz zenbatu, baina berrehunen bat egingo ditut; pixka bat gehiago, ziurrenik.

Txilabaren bueltan, zer ohitura daude Tolosan?

Bakoitzak berea izan ohi du, eta ezberdinak izaten dira. Normalean, ez dira urtero aldatzen, nahiz eta beti etortzen den norbait esanez nazkatuta dagoela hainbeste urtean berberarekin ateratzeaz eta aldatu egin behar duela. Txilaba modelo bakarra dago; telak izaten dira diferenteak.

Esan duzu pailazo trajea ere saltzen duzula. Noiz hasi zinen egiten?

Nire seme zaharrenari egin nion pailazo traje txiki bat: 8-10 hilabete izango zituen orduan. Denda ireki nuenean, duela 15-16 urte, erakusleihoan jarri nuen, eta eskatu egin zidan jendeak. Hala, hurrengo urterako pailazo traje batzuk egiten hastea bururatu zitzaidan. Eginda edukitzen ditut dendan, eta batzuei azken ukitu batzuk egiten dizkiet gero.

Nolakoak dira zuk egiten dituzun pailazo trajeak? Urtero berdinak egiten dituzu, edo aldatuz joaten zara?

Diferenteak izan daitezen saiatzen naiz, baina gaur egun ez dago erraza, tela aurkitzea zaila izaten baita. Goxo-goxoak egiten ditut, lodiak, barruan tela polarra dutenak. Eginda saltzen diren mozorroak fin-finak izan ohi dira, eta jendeari horregatik gustatzen zaizkio nik egindakoak, hotzarentzat aproposagoak direlako. Txaranga bat ere badago horrela jantzita ateratzen dena inauterietako astelehenean. Urte askoan erabili ahal izaten den traje bat da.

Pailazoarena al da zure mozorro kutuna?

Gaztetatik, beti eduki izan ditut txilaba bat eta pailazo jantzi bat. Normalean, igandean eta asteartean zerbait berria janzten nuen, mozorro berri bat, baina astelehenetan, beti pailazoz. Eta badakit nik bezala beste batzuek ere egiten dutela gauza bera.

Mozorroak egiteko telarik saldu ohi duzu?

Txilabak egin ahal izateko badago tela, baina, oro har, dagoeneko fabrikek ere ez dute saltzen telarik. Gaur egun oso jende gutxik josten du, askoz merkeago ateratzen baita erostea.

Duela ez hainbeste urte, etxean egin ohi ziren mozorroak. Gero eta jende gutxiagok al daki josten?

Josten ikasita ere, gero non aurkitzen duzu lana? Hori da kontua. Ikas dezakezu josten, baina zuretzat, nahi duzulako; lanerako edo bizitza ateratzeko zaila da. Urtebete batean ikas dezakezu makinaz josten, eta zerbait gehiago ere bai, baina josi ahal izateko gauza pila bat dira ikasi beharrekoak; denerako bezala, esperientzia behar da.

Eta mozorroei konponketak egiteko ohiturarik badu jendeak?

Hori bai. Adibidez, mozorro batzuk, XL neurrikoak izan arren, oso txikiak izaten dira zenbaitetan, eta aldamenetan tela sartu behar izaten diet.

Jendea zertaz mozorrotuko den aurretik jakingo duzu askotan, eta isilik gorde beharko duzu, ezta?

Bai, baina esandakoa: mozorro osoak ez ditut egiten; lehen bai, baina orain ezinezkoa zait, ez dut-eta horretarako denborarik.

Zeuretzat zerbait egiteko denborarik hartzen al duzu? Inauterizalea zara?

Bai, eta ilobei ere prestatuko diet zerbait. Umetatik izugarri gustatzen zaizkit Tolosako inauteriak; bestela, ez nintzen joskintzaren mundu honetan arituko.

Zein da orain arte egin duzun mozorrorik bitxiena edo?

Izango dira 30 urte, baina behin akordatzen naiz zerri baten mozorroa egin behar nuela. Beheko harategira jaitsi nintzen, eta esan nien erakusteko belarriak nola jarri behar nituen, zerriek ez baitituzte tente-tente eramaten; bat pixka bat beherago izaten dute. Lana hartu izan dut mozorroak egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.