Euskal Herriko trash-metal talde ezagunena da Anestesia. Sinisten zuten horri eutsi, eta denborarekin zale fidelak eta errespetua eskuratu ditu Zarauzko taldeak. 25 urte bete ditu aurten, Mikel Kazalisen gidaritzapean (Zarautz, 1968). Anplifikatzaile batek gitarrari eragiten zion soinuarekin txundituta sortu zuen taldea 1988an, soinu hura ardatz hartuta musika indartsua, gogorra egiteko. Bost diskoren ondoren, abesti berriak konposatzen hasia da. Taldeko gitarrista da, eta taldearen doinuen eta hitzen sortzailea.
25 urte ez dira egunero betetzen. Ospatzeko asmorik ba al duzue?
Orain zenbait urtetik esku artean dugu, urte hauetako bideoak erabilita, DVD bat egiteko proiektua. Hasi ginen lanketan, baina orain arte proiektua geldirik geneukan. Orain gutxi baxulariak, Danik, esan zidan hau une egokia izan daitekeela behingoz lan hori egiteko. Eta posible da pilak jarri eta aitzakia horrekin berriz ere horri heltzea. Baina oraindik ezin dut ezer baieztatu.
Abesti berririk ba al da bidean?
Azkenaldian musak berriz etorri dira, inspiratuta nago, eta aprobetxatu beharra dago hori. Baina orokorrean gero eta zailagoa egiten zait zerbait berria eskaintzea, errepikatzen ari naizenaren sentsazioa izan gabe. Abesti asko dira, hitz asko, erritmo asko, eta ez dut gustuko errepikatzearen ustea izatea. Horregatik, zerbait berria denaren ziurtasuna dudanean iritsiko da hurrengo lana.
2006an argitaratu zenuten azken diskoa: Terapia. Sei urte pasako hutsunea dago hor…
Bai. Diskoarekin pare bat urtez aritu ginen kontzertuak ematen, eta gero atseden hartu genuen. Azkenaldiko diskoekin hala egin izan dugu. Izan ere, niri oso arriskutsua iruditzen zait inertziagatik jarraitzea. Disko berria kaleratzea tokatzen delako bakarrik egitea, horretan erortzea oso arriskutsua dela uste dut. Nahiago dut atsedena hartu, eta berriz zerbait dugunean esateko, benetakoa dena, orduan egitea. Egia da gero eta hutsune handiagoak egiten ari garela.
Arrazoi zehatzen batengatik al da hori?
Agian gaztetako indar edo freskotasun edo ideia jario bera ez dugulako. Eta, horrexegatik, nahiago dut gelditzea eta itzultzea itzuli behar denean.
Zuen kontzertuak energia, indar hutsa dira. Hasieran baino gehiago nekatuko zarete orain, ezta?
Egia da oso fisikoa dela. Leherketa bat da; fisikoki, emozionalki, oso bortitza, oso indartsua da. Nik askotan pentsatu dut gure formula honekin ez dakidala noraino irits gaitezkeen. Bakarlarientzat, adibidez, errazagoa da hil arte jarraitzea aulki batean eserita, batere izerdirik bota gabe. Hasi ginenean, 16 urterekin, bolbora hutsa ginen. Jende asko urteekin baretzen joaten da, denoi gertatzen zaigu, baina niri oraindik ez zait pasatu horrelako musika indartsua egiteko bolada edo gogoa. Lehen, agian, abestiak oraindik eta pixka bat azkarragoak ziren. Orain xehetasun gehiago bilatzen ditugu, baina funtsean jarraitzen du izaten oso bortitza, azkarra eta indartsua.
Zarautzek ez dirudi Anestesia bezalako taldeen sorlekua.
Askotan entzun dugu hori. Klixe batzuk daude, baina Zarautz ondo ezagutzen dutenek badakite horren azpian errealitate gehiago badaudela. Gu hasi ginen garaian Zarautzen nahikoa musika suabea egiten zen, hala da hori; berbena talde bat zegoen, rockabiliak ere bai, eta urte batzuk geroago hardcore munduan hasi ziren batzuk ere bai, baina oso melodikoak ziren, eta gu ginen horrelako muturreko zarata egiten zuten bakarrak. Gaur egun, berriz, gu gainditu egin gaituzte, ikaragarria da; talde asko gu baino askoz zaratatsuagoak eta muturrekoagoak dira.
Azken diskoaren kontzertu bira Zarautzen hasi eta amaitu zenuten.
Bai. Hainbeste urte eta gero, bereziak izan ziren gaztetxean emandako kontzertu horiek, inoiz ez garelako oso profetak izan herrian; garai batean, beste herrietan kontzertuak ematen genituenean zarauztarrik ez zen etortzen gure kontzertuetara. Denborarekin, jendeak beste errespetu bat hartzen dizu, musika munduan belaunaldi berriak sartzen joaten dira eta sumatzen dugu beste begirune bat gurekiko. Eta kontzertu horiek ikaragarriak izan ziren, oso bereziak.
1990eko hamarkadan, intsumisioarekin lotutako kontzertu bat ere berezi-berezia izan zen, ezta?
Bai. Intsumiso izateagatik epaitu behar ninduten egunean, kamioi baten gainera igota, epaiketan aurkeztu beharrean, egun eta ordu berean kontzertua eman nuen Negu Gorriak taldearekin [taldeko baxularia izan zen]. Aurrez eskutitz bat plazaratu nuen deialdi modura; sanpelaioak ziren Zarautzen, eta denak gaupasa eginda azaldu ziren. Eguerdiko 12:00etan, kristorena antolatu genuen hantxe, kale erdian. Nire bizitzako kontzertu bizienetako bat izan zela oroitzen dut.
Anestesiaren sorreran anplifikatzaile batek berebiziko garrantzia izan omen zuen…
Anestesia baino lehen Estigia taldean ibili nintzen, eta hasiera hartan nuen anplifikatzailea segituan aldatu nuen Marshall etxeko anplifikatzaile batengatik; indartsuagoa zen. Eta nik kaña nahi nuen. Baxua jotzen nuen, eta baxurako anplifikatzailea zen. Behin, gitarrari jartzea otu zitzaidan, eta harrituta gelditu nintzen nolako soinua ateratzen zion: ikaragarria zen, horri zukua atera behar nion. Eta horrexegatik erabaki nuen talde bat sortu eta gitarra jotzea. Anplifikatzailearen errua izan zen Anestesia sortzea.
Beraz, gitarra bat erosi eta aurrera.
Gitarra bat erosi, Imanol Belokirekin eta Dani Aizpuruarekin elkartu, eta Anestesia sortu genuen. Ordutik anplifikatzaile berarekin nabil. Estudioan grabatzeko utzi izan dizkidate mila anplifikatzaile, baina inoiz ez dut soinu bera lortu, eta gainera uste dut nire jotzeko modua soinu horren gainean eraiki dela, nolabait esateko; soinu horregatik jotzen dut horrela. Anestesiaren soinuaren funtsa anpli horren kulpa da, eta askotan pentsatu izan dut puskatzen bada zer egingo nukeen.
Zergatik nahi zenuten zarata egin, zergatik abestu garrasika?
Garai hartan heavy kultura genuen: anplifikatzaile handiak, zarata handia, watt asko, eta hori hardcorearekin nahastuta amorrua kaleratzeko modu bat zen. Aitak ere beti esaten zidan; ‘Zergatik beti amorrua, zergatik ez diozue maitasunari ere abesten?’ Ez ginen amargatu batzuk, maitasuna ere sentituko genuen gure bizitzan, baina nik terapia modura ikusi dut barruan mina ematen dizun hori kanporatzea. Eta formula hori kristorena zen. Askotan esan dut, halako taldeak eduki izan ez banitu kabinak erretzen edo ez dakit zer egiten ibiliko nintzatekeela.
Zeri kantatzen dio Anestesiak? Zeri kantatzen dio Mikel Kazalisek?
Gai sozialak dira batzuk, barrukoak ere badaude, kritikoak, askatasunaren aldekoak… Uste dut egurra eman diogula, ez normalean egurra eman behar zaiola pentsatzen denari, geure buruari baizik; egur asko eman diogu, gizaki moduan, gizarte moduan. Saiatu gara kritikoak izaten, baina ez bakarrik estatuarekin edo elizarekin edo betiko gai horiekin. Gizaki bezala gure rola zein den edo nola jokatzen dugun ere asko aztertu eta kritikatu dugu nire ustez. Baina gure hitzak galdera modukoak dira, erantzunak baino gehiago. Ez dugu doktrinarik helarazten, gauzak proposatzen ditugu norberak bere kabuz ondorioak bilatzeko, pentsatzeko… Gizakiaren jokabideak modu filosofikoan aztertzen ditugu.
Hasierako kantuek eta oraingoek gauza berak kontatzen al dituzte?
Zu funtsean bera zara; aldatzen bazoaz, bai, baina sakonean antzeko kezkak dituzu. Nik askotan izan dut sentsazioa beti gai berdinari ari nintzaiola idazten, edo beti gai berdinen inguruan ari nintzela. Baina fidela izan behar duzu pentsatzen duzunarekin. Askotan, gaur egun ere bai, pentsatzen dut abesti bat idazterakoan oso zaila dela lehenago idatzi ez dudan zerbait idaztea. Baina gero mila modu daude beste forma bat emateko.
Zuen estiloan arrakasta izan duten talde bakarrenetakoa zarete.
Arrakasta, gure neurrian. Gu baino ezezagunagoak egon dira, baina ezagunagoak ere bai. Esaterako, Soziedad Alkoholika, gutxi gorabehera garai bertsukoak dira, eta askoz ezagunagoak egin dira.
Zuen musika muturrekoagoa da.
Bai, gogorragoa da eta gainera euskaraz, bai. Logikoa da zentzu batean hain ezagunak ez izatea.
Hortaz, zein izan da arrakastaren gakoa?
Nik uste dut egiten dugun horretan sinistea eta jarraitzea izan dela kontua. 25 urte badira zerbait. Jotzen hasi nintzenean, lagunek barre egiten zidaten. Denborarekin sumatu dut jendeak errespetua hartzen dizula, denboran irauteagatik bakarrik, eta zure horretan jarraitzeagatik.
Zuretzat interesgarria den talderik ba al dago egun Euskal Herrian?
Azken urteei dagokienez, Anai-arrebak interesgarria iruditzen zaidan proposamen bat da. Orain gutxi ezagutu dudan Belako taldea ere kristorena da; oso harrigarria da halako jende gaztea aurkitzea halako musika egiten. Bestalde, esango nuke Euskal Herrian sormen gutxi sumatzen dudala azken urteetan, orokorrean, musika arloan. Denek aurretik egindako formula bati heldu eta hari jarraitzen diote. Baina tarteka, aurkitzen dituzu proposamen desberdinak. Anai-arrebak taldeak, esaterako, dantzalekuko musika dantzagarria egin du, baina malahostia puntuarekin. Gaur egun ez da Euskal Herrian halakorik egiten.
Eta Belako zergatik duzu gustuko?
Hogei urte inguruko gazteak dira, eta pila bat harritu ninduen beraien musikak. Nonbait, beraien gurasoen diskoak izan dituzte erreferente, orain urte askokoak. Eta gustu handiarekin egin dute musika; azken urteetan ezagutu ditudan taldeen artean izan da, eta izango da, dudarik ez dut egiten, errebelazioa.
Talde askotan ibili zara; hor daude Negu Gorriak, Kuraia, 2Kate, Estigia, orain Matxura taldearekin zabiltza…
Negu Gorriak-en edo Kuraian, adibidez, bigarren maila batean aritu izan naiz; konposatzearen eta taldearen ildoa eramatearen ardura ez da nirea izan. Eta gustatzen zait musikari soila izatea ere, batik bat konfiantza baldin badut kideengan, sinisten badut haien talentuan, gozamen hutsa da haiek esan eta nik egitea. Baina gero beharrezkoa dut nik barruan dudana adierazteko bide bat izatea ere, eta horretarako behar dut nire taldea izan: Estigia, Anestesia, 2Kate, Matxura…
Matxurarekin buru-belarri zabiltza.
Udan modu intentsoan ibili gara. Orain, martxoaren 1ean, Bilboko Kafe Antzokian joko dugu; 2an Donostiako Dokan; 22an Miarritzeko Atabalen; 30ean Urduñan eta apirilaren 13an Zumaiako festetan… Badakigu egiten ari garen musika ez dela entzuteko erraza, baina uste dut luxua dela nahi dudana egiten jarraitzea, nahiz eta gustu orokorrak ez joan bide horretatik. Kantuak sortzen ere ari naiz. Ez dakit zer izango den lehenago, Anestesiaren hurrengo lana edo Matxurarena, baina banabil gauzak sortzen.
Zeure grabazio estudioa duzu, gainera.
Bai, beste taldeentzat ere grabatzen dut baina azkenaldian lan gutxi dago, eta neure gauzetarako aprobetxatzen dut. Luxu hutsa da. Garai batean beti beste estudioren batera joan behar izaten genuen, eta orain lanak neurrira egiteko aukera dut; gauza handia da hori. Hortik bizitzea ez da erraza, hilabete batzuk onak izango dira; beste asko oso txarrak. Baina bizitzan zer da inportanteena? Diru gehiago irabaztea, edo nahi duzuna egitea? Nik garbi daukat.