Erabiltzaileak hasiak dira Mugi txartela eskuratzen

Gipuzkoako garraiobide publiko gehienak ordaintzeko Mugi txartela erabili ahalko da martxoaren 4tik aurrera. Dagoeneko egin daitezke txartel berria eskuratzeko eskaerak. Lurraldebusen, Donostibusen, Euskotrenen, eta Irungo, Errenteriako, Hernaniko eta Arrasateko hiri zerbitzuetan erabili ahalko da. Renfe tren zerbitzuaren erabiltzaileek Mugi sistemaren bidez ordaindu ahalko dute, baina ez dizkiete tarifa sistema bakarreko deskontuak aplikatuko. Txartela lehen aldiz eskatzen dutenek bost euro ordaindu beharko dute.

Tarifa sistema bera eta eremuak bereizteko sistema bateratua izango dituzte Mugi txartelarekin. Garraio aldaketetan ere abantailak izango dira; garraiatzailea bera denean doan izango da. Esaterako, Lurraldebusen autobus batetik jaitsi eta Lurraldebusen beste autobus bat hartuz gero, txartel garestiena bakarrik ordainduko da. Garraiatzaile enpresa aldatzen denean, txartel garestiena eta merkeenaren %25 ordainduko dute; adibibez, Lurraldebusetik jaitsi eta Donostiabus autobusa hartuz gero.

Garraio publikoa gehien erabiltzen dutenek gutxiago ordainduko dute. Mugi txartela erabiltzean %45eko deskontua izango dute erabiltzaileek; hilean 21 eta 50 bidaia artean egiten dituztenei %56ko deskontua egingo zaie, eta %90ekoa 51 bidaiatik gora egiten dituztenei. 25 urtez azpikoek, 65 urtetik gorakoek, familia ugariek eta %65eko edo gehiagoko ezintasuna dutenek ere deskontuak izango dituzte; beti ere, errenta baldintza betetzen badute.

Lurraldebusekin, aldatu gabe

Lurraldebus txartela duten erabiltzaile gehienek ez dute Mugira aldatu beharrik izango, eta tarifa-sistema bateratuaren onurak jasoko dituzte zuzenean. Dena den, Lurraldebus txartela izan, eta gazteen, adinekoen edo ezinduen taldeetan zeudenek, errenta baldintzak betetzen dituztela ziurtatu beharko dute. Horiek etxean jasoko dute informazioa.