Azken gudariaren arrasto luzea

Azken gudariaren arrasto luzea

June Romatet Ibarguren

Joan den astean, asteazkenean, hil zen Inazio Ernabide Goioaga, besteren artean Azaña eta Loiola batailoietako azken gudaria zena, 106 urte zituela. Aita errepublikanoa zuen, eta 19 urte zituela joan zen gerrara boluntario, Irunera hasieran, eta Laredo, Lerma (Espainia), Legutio (Araba)… guda askotara gero. 2015ean hitz bihurtu zituzten haren bizipenak, Isiltasuna hausten liburuan, eta Egoitz Unamuno Loidi Soraluze 1936 taldeko kideak ere gertutik ezagutu zuen; elkarrizketa luze bat egin zion 2009an. “Ez dago gerra onik!”, esaten zuen askotan.

1917an Zizurkilen jaio eta hilabete gutxirekin Osintxuko (Bergara) familia batek adoptatu zuen Ernabide. Unamunok zehaztu du garai haietan, “askotan”, ama batek haurra galdu berri zuenean eta haur jaioberri bat familiarik gabe gelditzen zenean, biak elkartu egiten zituztela, ama haren esnea gal ez zedin. Hala egin zuten Ernabiderekin —ez zituen ezagutu berezko gurasoak—; Zizurkildik Osintxura joan eta han egin zituen 30 urte, ezkondu bitarte.

Hiru anaiaorde eta arrebaorde bat izan zituen. Gurasoek fabrika zuten eguneroko lantoki, eta bide hori bera hartu behar izan zuen Ernabidek ere. Eskolako garaia bukatu eta 14 bat urterekin Eibarko Txantoiena pistola lantegian hasi zen lanean. Hori bai, Unamunok kontatu du urtebete geroago 45 langile kaleratu zituztela fabrikatik, eta horien artean zegoela Ernabide. “Eibartik Bergarara egin zuen martxa, baina haren ilusiorik handiena jornala irabaztea zela kontatu zigun. Beraz, berriro Eibarrera joatea eskaini ziotenean, ezezkoa eman zuen”. Geroago, Bergarako Algodonera lantegian hasi zen lanean, kotoigintzan eta oihalgintzan.

Batailoi aldaketa

Bertan lanean ari zela lehertu zen 36ko gerra. Pixkanaka, batailoietan sartzen hasi ziren herritarrak, eta hala egin zuen Ernabidek ere. “Azaña batailoian sartu zen, errepublikanoenean”, esan du Unamunok. Arrasate, Gasteiz… gune asko igaro zituzten, baina ordurako Francisco Franco diktadoreak hartuta zeuzkan herri eta hiririk gehienak. Bergarara itzuli eta handik Irungo San Martzialera joan ziren, baina Usurbilera joan behar izan zuten San Martzialgo guda hastean.

Batailoien barruko iritzi trukaketak tarteko, Loiolakora (Azpeitia) aldatzea erabaki zuen segidan: nazionalisten batailoira pasatu zen. “Sartu zen egun berean kuartela ebakuatu egin zuten eta handik Saturrarango [Mutriku] mojen konbentura joan ziren, Gernikara [Bizkaia] iritsi baino lehen”. Gernikako bonbardaketa gertatu zen egunean, 1937ko apirilaren 26an, Mañariako (Bizkaia) frontean zegoen Ernabide, eta Unamunori kontatu zion mendira igo zirela, handik Gernika nola bonbardatzen zuten ikusteko.

INAZIO ERNABIDERI OMENALDIA

Nahiz eta eraso hura urrutitik bizi izan zuen, beste hainbat borroka oso gertutik bizitzea tokatu zitzaion. Hori bai, Kepa Elortzak Ahotsak.eus egitasmorako egindako elkarrizketan Ernabidek berak kontatu zuen gertuen bizi izan zituen borroka gehienetatik ihesean amaitzen zutela. Igorrekotik (Bizkaia), esaterako. Handik iritsi zen Legutiora; Gasteiz hartu nahian zebilen orduan Loiola batailoia.

Unamunok kontatu du hutsune asko izan zituztela han; Ernabidek berak kontatu zion gaua bertan pasatu eta gero hankak izozten ari zitzaizkiola nabaritu zuela berak, eta, laguna une batez utzita, sutara joan zela berotzera. Han zegoela, beste kide bat gerturatu zitzaion laguna hilzorian zegoela esanez; hari laguntzera joan ziren, eta, bien artean tiraka ari zirela, beste kideari tiro egin zioten. “Une horretan, biak han utzi zituela esan zidan, eta bera izan zela salbatu zen bakarra”, adierazi du Unamunok. Gudarietako askok “beldurra” izaten zuten preso hartuko ote zituzten; Ernabidek kontatutakoa da askok tiroa botatzeko eskatzen zutela preso hartu baino pixka bat lehenago, beldur handia zutelako.

Geroago, Laredon Ingalaterrara joatear zela, preso hartu zuten italiarrek, faxistek. “Laredotik Castroko [Espainia] kontzentrazio esparrura eraman zituzten, eta hilabete txarra pasatu zuten han”, kontatu du Unamunok, Ernabideren hitzak gogoan. Italiarren agindupean, langileen batailoian aritu zen, Francoren esklabu moduan. 1940an itzuli zen Kataluniatik etxera, eta, behar gorrian, torlojuak egiten hasi zen lanean. 2008an kobratu zuen, azkenik, gerra urte haietan egindako lanagatik egokitzen zitzaion dirua.

Leave a Reply

Your email address will not be published.