Sarea sendotu egin nahi dute

Sarea sendotu egin nahi dute

Ane Olaizola

Badira 11 urte Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak sustatuta Matia fundazioak Euskadi Lagunkoia egitasmoa martxan jarri zuela, herritarrentzat eta, batez ere, adinekoentzat herri adeitsuagoak sortzeko asmoz. Azken urteetan, handituz joan da sarea, eta, gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 74 udalerri daude programa horretara atxikita; horietatik, 26 dira Gipuzkoakoak. “Gero eta herri gehiago ari dira lagunkoitasun prozesua aurrera eramaten”, esan du Ainara Tomasena Matia fundazioko ikertzaileak. Datuez harago, ordea, egitasmoaren “kalitatea” nabarmendu du: “Borondate handia dago lan egiteko, eta positibotzat jotzen dugu orain arte egindakoa”. Haziz doan programa bat izanagatik, sarea sendotze aldera, taldeak aktibatzea da gaur egun sustatzaileen erronka.

Egitasmoan parte hartzen duten herrien errealitatea gertutik ezagutzen du Tomasenak, eta, haren hitzetan, COVID-19aren izurriak “min handia” egin du herri lagunkoien jardunean, beste arlo askotan bezala etena eragin baitie taldeei. “Pandemian guztiz gelditu zen erritmoa, baina balio izan zuen ikusteko gizartean zer behar zeuden; izurriak gizartearen premiak azaleratu zituen, eta argi geratu da egitasmo honen beharra badagoela, zaintzan oinarritutako herriak izan ditzagun”.

Tomasenaren iritziz, azken urteetako esperientziak balio izan die erremintak eskuratzeko: “Herri bakoitzaren esperientzietatik ari gara ikasten, ondoren ezagutza hori lekuan-lekuan eskain dezagun”. Izan ere, adinekoei bizitza erraztuko dien ingurune bat sortzeko, azterketak egin dituzte herriz herri, eta, emaitzetatik abiatuta, askotariko gaiei eutsi diete parte hartzaileek. “Ohartu gara beharrak oso antzekoak direla herri guztietan. Adinekoen bakardadeak eta harremanek kezka sortzen dute, eta hirigintzari lotutako guztiak ere pisu handia dauka haien egunerokoan”.

Taldeek, dinamika anitz

Lagunkoia sarera atxikitako herrietan, adinekoek osatu ohi dute talde eragilea, eta udala izan ohi da “laguntzailea”, baina lan egiteko modu desberdinak daude han-hemenka. “Batzuetan, adinekoek beraiek eramaten dute aurrera proiektua, eta besteetan, udalak darama lidergoa”.

Aretxabaletan, dinamika autogestionatua da adinekoena. Udalerri hori 2017an batu zen ofizialki sarera, baina aurrez hasita zegoen herriaren diagnostikoa egiten. Gaur egun, hamalau bat lagunek osatzen dute taldea, eta horietako bat da Juan Tomas Zabala. “Herria hobetzeko zer gai landu dezakegun pentsatzen dugu aurrena, eta, ezer baino lehen, txosten bat egiten dugu gero”, esan du Zabalak. Merkataritzaren gaiari heldu diote azken hilabeteetan: “Herri bat lagunkoia bada, hango herritarrek aukera gehiago izango dute bizimodu autonomoa egiteko, eta merkataritza ez dago hortik salbuetsita. Izan ere, adinekoek, oro har, etxe inguruan egiten dute bizimodua, eta baita erosketak ere”.

Gaia landu berri du taldeak, eta, gaur egun, hango udalaren eta Aretxarte merkatari elkartearen eskuetan dago azterketa: “Begi onez hartu dituzte gure proposamenak. Gaia haien esku egonik, lanketatik kanpo geratu gara gu”. Taldeak adinekoen bakardadean eta harreman sarean jarri du arreta, eta Kurtzebarri eskolako ikasleekin ekintzak egiteko asmoa dute, haiek “nagusien mundua” ezagutu dezaten.

Azkoitia ere duela sei urte batu zen Lagunkoia sarera, baina han udalak du egitasmoa garatzeko ardura. Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotzia hilero elkartzen da Azkoitia Lagunkoiako kideekin. Hark adierazi duenez, irisgarritasunari lotutako hobekuntza ugari egin dituzte azken urteetan, eta askotariko hitzaldiak antolatu dituzte: “Kalean ikusten ditugun gaiak jorratu, eta proposamenak eramaten ditugu gero udalera. Iaz ohartu ginen eskaeren %80 beteta zeudela”.

Dinamizatzaile batekin

Gaur egun, bederatzi bat lagun elkartu ohi dira Azkoitiko taldean, baina antolatu izan dituzten ekintzek “interes handiagoa” izan ohi dute. Orain, dinamizatzaile batek hartuko du proiektuaren ardura, egitasmoa bera indartzeko asmoz. “Baina herria bera lagunkoiagoa izan dadin, adinekoen taldeetan parte hartzeko konpromisoa eskatzen diegu herritarrei”, esan du Zubillaga zinegotziak. Matiako ikertzailea ere jakitun dago ez dela erraza izaten herritarrek parte hartzea, are gutxiago COVID-19aren izurriaz geroztik. Hori dela eta, Euskadi Lagunkoiak helburu bat du aurtengorako: herritartasuna eta partaidetza aktibatzea. Izan ere, haren arabera, Lagunkoia sarea aukera ona da herritarrak “eragile eraldatzaile” bihurtzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.