Ziaboga bat eman du

Ziaboga bat eman du

Unai Zubeldia

Abentura bat da funtsean, baina izan daiteke historia klase bat ere. Kirola egiteko aitzakia bat ere bai. Edo naturarekin bat egiteko saiakera bat. 11 urte atzera Donostian sortutako proiektu bat da Arrauning. Unai Elizasu (Altza, Donostia, 1980) dago proiektuaren oinarrian, eta hark azaldu du arraunlari izan zen garaiko pentsamendu bati tiraka eman zuela pausoa. “Konturatu nintzen inork ez zuela ezagutzen Urumea aisialdiaren ikuspegitik. Horregatik, bereziki donostiarrek euren hiriko ibaia ezagutu zezaten nahi nuen”. Aisia, Urumea, arrauna eta historia lotu, eta proposamen bat egin zuen Elizasuk.

ARRAUNING - DONOSTIA

Kanoa kanadarrak prestatu, arraunean hasi, eta Donostia Turismoa elkartearen barruan sartuta egon da eskaintza hori azken hiru urteotan. “Baina turistak Donostiara ez dira etortzen Urumea ezagutzera. Googlen Donostia idatzita, Urumea ez da agertuko hirugarren orrira arte. Oso zaila da arreta Urumean jartzea”. Pandemia garaiak ere hausnarketarako balio izan zion Elizasuri. “2021eko Aste Santuan hamalau aldiz joan nintzen uretara, eta iazko Aste Santuan, behin; 2021ean ezin ginen atera gure ingurutik. Euskaldun gehienok, beraz, kanpora joateko ohitura daukagu Aste Santuan, eta kanpotarrek ez dute uretako jarduera bat egiteko intentziorik”.

Esker on hitzak

Errealitatea aztertu, eta eskaini nahi zuen hartatik urruntzeko arriskua zeukala ikusita, ziaboga bat ematea erabaki du orain: Donostia Turismoa elkartearen babesa utzi, eta bere bideari ekin dio Arrauningek. Elizasuk argi utzi du Donostia Turismoaren aldetik “babes handia” sentitu duela urteotan guztiotan. “Oso ondo zaindu eta tratatu izan naute, eta haiek ere oso pozik egon dira nirekin. Baina turistei begirakoa baino gehiago, zero kilometro da gure jarduera. Gertutik eta gertukoa nahi dugu”. Berrikuntza gisa, pedalontziak jartzeko asmoa du.

Unai Elizasu, Arrauning enpresakoa, Urumea ibaian

Elizasuk zehaztu du ibaia, historikoki, “aisialdirako leku bat” izan dela Donostian. “Garai batean ibaia zuten aisialdirako gunea erreginek, herritarrek, auzotarrek… Datu asko dago horri buruz. Jolastokia zen ibaia, eta ez da kasualitatea bere garaian Martutenen atrakzio parke handi bat egotea”. Gerora, ordea, Francisco Franco Espainiako diktadorearen garaian, guztiak Kontxara begira jarri zirela gogoratu du Elizasuk. “Begirada guztiak hara bideratzen hasi ziren, nahiz eta aurretik portua izango zen. Polita Kontxa zela erabaki zuten”.

Horrez gain, garai batean Hernaniko paper fabrikek Urumea ibaia asko zikindu zutela azpimarratu du Arrauning enpresaren sortzaileak. “Oso leku zikin bihurtu zuten ibaia, eta, oraindik ere, zikin dagoela uste dute batzuek, garai batean jendeak leihoetatik zaborra botatzen zuenekoa gogoan. Gaur egun, ordea, oso garbi dago Urumea”.

ARRAUNING - DONOSTIA

Haur, gazte nahiz heldu, Elizasuk guztiei egin die gonbita uretatik bertatik “Donostiako txoko zoragarriak” ezagutzeko. “Erreka bazterrean Euskal Herriko baserririk zaharrenetako bat daukagula kontatu nahi diet, sagardoaren ibaia izan zela, portu bat zegoela… Alemanei ez, euskal herritarrei kontatu nahi diet hori”. Gaur-gaurkoz, txangoen %3 egiten dituzte euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntzaren batean, eta txangoen %35, euskaraz.

Leave a Reply

Your email address will not be published.