Unai Zubeldia
Klima aldaketa, itsasoko kutsadura, gehiegizko arrantza, sare ikusezinak… Larritik asko dauka Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak, baina ozeanoetako edertasunaren eta biodibertsitatearen aberastasunaren isla ere bada, neurri handi batean. “Zorionez edo zoritxarrez, gaur egun modan dago itsaspea. Algen plagak, plastikoen arriskua, pilatzen ari den zikinkeria… Jendea gero eta interes eta ardura handiagoarekin etortzen da gure ziklora”, adierazi du David Sanchezek, Cimasub zikloaren zuzendariak. Lasarte-Orian otsailaren 6an izan zuten 46. Cimasub zikloaren lehen saioa, joan den astelehenean egin zuten bigarrena, eta otsailaren 20an izango dute egun handia, astelehenean, 19:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean. “Besteren artean, urrezko filmak ikusi ahal izango ditugu egun horretan, aurtengo lehiaketako film eta dokumentalik onenak, irabazleak”. Ez da sarrerarik ordaindu beharko. Urtarrilaren 18tik 21era Irunen egin zuten urteko lehen zikloa, eta abenduan Eibarren amaituko dute aurtengo ibilbidea.
Itsaso azpira egindako bidaia bat da Cimasub, kontzientziak astintzeko saiakera bat. Izatez, Realaren Itsaspeko Jarduera Sailak antolatutako jaialdia da, 1975ean sortua. “Itsaspeko alor bat daukan munduko futbol talde bakarra da Reala. 1964an eman zuen lehen pausoa, eta urpekariek itsaso azpian ikusten ari ziren hura islatzeko beharrak bultzatuta erabaki zuten Cimasub sortzea”. Donostia izan zen zikloaren gune bakarra hainbat urtez, baina azken urteotan beste hainbat herritara zabalduz joan da pixkanaka. “Garrantzitsua da sortuta daukagun egitura hori guztia ahalik eta jende gehienarengana iristea. Bi herritara joan ginen duela sei urte, eta 10-12 herritara iritsiko gara aurten. Pozgarria da”.
Urtero, hiru herri berri
Berritasun gisa, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin akordio bat lortu dutela jakinarazi du Sanchezek. “Horri esker, oraindik iritsi gabeak garen beste hiru herritara joango gara urtero. Harremanak egiten eta lehen urtea finantzatzen lagunduko digu aldundiak, ez baita lan erraza izaten, eta haziz joateko bidea emango digu horrek”. Urteroko arrakastaren erakusgarri, joaten diren herriek hurrengo urtean ere zikloa hara eramatea nahi izaten dutela esan du Cimasubeko zuzendariak. “Eta herritarrak ere saio batera baino gehiagotara etortzen dira normalean, ikusi dutena gustatu egiten zaien seinale”. Gertuenekoari helduta, Lasarte-Oriako lehen bi saioak ere “oso arrakastatsuak” izan direla azaldu du Sanchezek. “Hamabosgarren urtea du aurten, eta hazten ari da urtez urte. Lasarte-Oriak betidanik erantzun izan du oso ondo”.
Datuak aztertuta, laurogei bat herrialdetako 250 lan baino gehiago jaso dituzte aurten. “Kantitaea bezain harrigarria izan da lanen kalitatea. Oso lan zaila izan dugu epaileok”, zehaztu du Sanchezek. “Inguruan begira hasita, ez dago gurea baino itsaspeko jaialdi zaharragorik, eta inoiz baino indartsuago gaude”. Urtero 9.000 ikusle baino gehiago izaten dituztela esan du zuzendariak. “Besteren artean, Txikizikloa ere lantzen dugu, txikienentzako itsaspeko zinemaren jaialdi berezi bat. Egunerokorako gako batzuk helarazten dizkiegu hor, haiek ere ekintza txikiekin zenbat lagundu dezaketen ulertzeko”.
Orain edo inoiz ez. Horixe da aurtengo jaialdiaren leloa. “Itsasoko egoeraren larritasuna islatu nahi dugu, garrasi moduko bat da hau. Itsaspea nola dagoen ikusita, dagoeneko ez da pentsatzeko edo planak egiteko garaia: hitzetatik ekintzetara igarotzeko garaia da, norbanakotik hasita”. Baina Sanchezek argi utzi du erru guztia beti ez dela izaten besteena. “Erosketak egiteko modutik hasi eta hondakinak botatzera, edo mendira edo hondartzara joateko modura, herritarrok asko daukagu egiteko”. Neurriak “azkar” hartu behar direla gaineratu du Cimasubeko zuzendariak. “Arazoa erreala da. Ur azpira joaten garen bakoitzean ikusten dugu larria dela egoera, oso larria, eta errealitate hori min egiten ari zaigu. Erreakzionatu beharra daukagu”.
Marrazoen errealitatea
Lasarte-Orian, bereziki, marrazoei buruzko hainbat lan ikusi ahal izango dira datorren astelehenean. “Nolabait esateko, alde batera utzi nahi dugu marrazoei buruz daukagun ikuspegi ezkor hori. Erasotzaile fama daukate, baina marrazoak urtean hamar pertsona hil ditzake mundu guztian, eta nahastuta, gainera, ez hala nahi duelako. Gu ez gara marrazoen elikagairik gustukoena”. Gizakia, ordea, animalia horri “min handia” egiten ari dela azpimarratu du Sanchezek. “Ehun milioi marrazo hiltzen ari gara urtero, zopa egiteko euren hegal preziatuak eskuratzeko. Azken 50 urteotan, %90 jaitsi da marrazo kopurua, beldurgarria izaten ari da, eta marrazoa oso espezie garrantzitsua da gune askotako kate trofikorako”.
Pieza txikiz osatutako saioak izaten dira Cimasubeko denak. “Oso dinamikoak”, zuzendariaren esanetan. Astelehenean, adibidez, bi minutuko eta lau minutuko bina ikus-entzunezko eta hiru minutuko beste bat izango dira tartean —Salvar Tenerife Felipe Ravina Olivares espainiarraren 43 minutuko dokumental irabazlea izango da asteleheneko ikus-entzunezkorik luzeena—. “Ohituta ez dagoenarentzat ere oso erakargarria da egitura, gai asko lantzen ditugulako”. Sanchezek herritarrei dei egin die Manuel Lekuonara joateko. “Harrituta gelditzen da jendea, saio bakarrean mundu guztiko errealitatea ezagutzeko aukera ematen duelako, zinema formatuan eta doan”.
Leave a Reply