Isilarazitakoa, musikaren bidez

Isilarazitakoa, musikaren bidez

Ariane Vierbücher

Emakumea eta euskal musika: lelo horrekin ari dira lantzen Batura zikloaren hirugarren aldia. Emakumeen musika sorkuntzari, emakume musikariei eta euskal musika errepertorioari balioa ematea da helburua, bertako eta kanpoko artisten arteko elkarrizketa proposamenekin. Josu Okiñena musikari eta ikerlari donostiarrak zehaztu duenez —hura da Batura zikloaren zuzendari artistikoa—, hasieratik hori izan dute oinarria. Iazko azaroaren 20an eskaini zuten lehen kontzertua, Oñatin, eta hiru saio egin dituzte aurten: Abaltzisketan, Donostian eta Orendainen. Bihar Donostiako Viktoria Eugenia antzokian eta etzi Zeraingo Andra Mari Jasokundearen elizan izango dira Alex da Costa (biolina) eta Josu Okiñena (pianoa).

“Ni duela urte asko hasi nintzen mundu guztian euskal musika klasikoa jotzen; orduan konturatu nintzen ez zegoela materialik musika hori interpretatzeko”, kontatu du Okiñenak. Euskal musika zabaltzeko ekoiztetxe bat sortzea erabaki zuen, piezak jotzeko interesa zuten artistek materiala eskura izan zezaten. Baina gerora konturatu zen garrantzitsua ez zela musika hura, partiturak publikatzea bakarrik; grabaketak egitea eta horiek zabaltzea ere ezinbestekotzat jo zuen.

Emakumeen presentzia

Euskal musika klasikoa “toki gutxitan” programatzen dutela ere ikusi zuen Okiñenak, nahiz eta argi daukan Euskal Herriko musikak “oso maila ona” duela. Nazioarteko artisten errepertorioekin batera hura ere programatu beharra zegoela sentitu zuen. Hain zuzen, helburu hori lortzeko proposatu zuen Batura musika zikloa egitea, “euskal musika beste herrialde batzuetako musikarekin batzeko”. 2020an lehenengo pausoak emanda, bidea egiten ari da orain.

Urte bakoitzean gai bat jorratzen dute Batura zikloan. 2020an, truke bat egin zuten Quebeceko musikariekin. “Izan ere, antzeko ezaugarriak dauzkagu kulturalki”, zehaztu du Okiñenak. 2021ean, pandemiaren eraginez, dena bertan behera gelditu ondoren, 2022an, bigarren aldian, Euskal musika diasporan izan zen ardatza. Aurten, berriz, beste urrats bat egin dute. “Garrantzitsua” iruditu zaie emakume konpositoreei tokia egitea, “beti egon izan direlako bigarren planoan”. Emakumeena “balio handiko lana” dela aldarrikatuko dute aurten; hala, kontzertu guztietan egongo da euskal emakume konpositore baten lan bat, gutxienez.

MAIDER RONQUETE - FRANCO CAVALLERI

Besteak beste, Emiliana de Zubeldia, Maria Luisa Ozaita, Lili Boulanger, Emma Chacon, Rebecca Clarke, Teresa Catalan, Beatriz Arzamendi eta Julie Adrienne Karrikabururen sormen konposizioak izango dira aurtengo Batura zikloan. “Musikari horiek beste dimentsio bat eman diote emakumeek sortzaile gisa duten rolari, eta XIX. mendetik gaur egunera arte musikak izan duen bilakaerari”.

Adibide gisa, Julie Karrikaburuk (Sohüta, Zuberoa, 1827-1898) euskal folklorearen bilduma garrantzitsu bat jaso zuen, eta Emiliana de Zubeldiak (Gesalatz Ibarra, Nafarroa, 1888-1987) ibilbide oparoa egin zuen konpositore, zuzendari eta piano jotzaile gisa, bai Euskal Herrian eta baita, besteak beste, Mexikon ere. Okiñenak gaur egungo goren mailako konpositoreen artean aipatu ditu, besteak beste, Isabel Urrutia, Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena eta Eba Ugalde.

Barnealdeko herri txikietan

Hamalau kontzertuk osatuko dute aurtengo Batura zikloa, eta Gipuzkoa barnealdeko herri txikietan egingo dituzte horietatik bederatzi. Okiñenaren hitzetan, bi errealitate daude hor. Batetik, “herri txikietan altxor handiak” daude, “ondare arkitektoniko garrantzitsua dago, eta ezezaguna da askorentzat”. Hori ikusarazi nahi dute. Bestetik, herri txikietara musikaren kultura gerturatu nahi dute. Doakoak dira kontzertu guztiak, baita antolakuntzak gune guztietara joateko jartzen duen autobusa ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published.