Oiloak libre, naturarekin bat

Nahi dutenean jan. Nahi dutenean paseatu. Nahi dutenean barruan, eta nahi dutenean kanpoan. Horrela hazten ditu Jexux Agirresarobek (Usurbil, 1969) bere oiloak. Oilategitik ateratzeko zulo bat daukate, eta hortik zuzenean belardira joaten dira. Han goiko arrautzak zigilupean kaleratzen ditu oilo horiek jarritako arrautzak. Oiloen bizi kalitateaz arduratzen da, gero, arrautzak ere kalitate berekoak izan daitezen. “Oiloek jaten dutenaz gain, ongizatea ere oso garrantzitsua da; hori gero arrautzetan islatu egiten baita”.

Tailerrean zuen lana utzi, eta arrautza ekologikoak ekoizteari ekin zion Agirresarobek duela hiru urte. Usurbilgo Aginaga auzotik mendian gora joanda eraiki zuen oilategi berria duela pare bat urte. Natur ingurune eder batean. Zelaiko belar asko jaten dute oiloek, baita pentsu ekologikoa ere. “Ekologikoen araudiak dio kanpoan, oilo bakoitzeko, lau metro koadroko zelaia izan behar dela, eta barruan, metro koadroko ezin dira sei oilo baino gehiago eduki”.

Hasieratik argi izan zuen “naturarekin harmonian” eraiki nahi zuela oilategia. 500 oilorentzat lekua du bi eraikinetan. Eguzkiaren ibilbidearen eta ilargiaren eraginaren arabera egin zituen. “Oilategien diseinua erabat geometria naturalean oinarritzen da, erabat proportzionala da. Teilatu eta sabaiaren forma pentsatuta daude eguzkiaren indarraz ahalik eta gehien baliatzeko”. Neguan, eguzkia beherago dagoenean, eguzki izpiek zuzenean jotzen diote, eta energia horretaz baliatzen dira eraikina berotzeko. Udan, berriz, eguzkia gorago doa, eta teilatuaren formak itzala ematen dio. “Jakinduria hori ez da berria. Garai batean, baserriak eraikitzen zituztenean, bazekiten natura errespetatuz egin behar zela; eguzkia eta ilargiaren energia kontuan hartzen ziren eraikina non eta nola kokatu erabakitzerakoan. Gaur egun, edozein lekutan egiten da obra handia. Teknologia arloan erabat aurreratuta gaude, baina naturarekiko lotura hori guztia erabat galdu dugu”. Materialari dagokionez, hormak erabat egurrezkoak dira, eta porlana beheko zatian bakarrik daukate.

Dena den, naturan ere dena ez da perfektua. “Inguruan azeriak eta zapelaitzak ibiltzen dira. Noizbait azaldu zaizkit oiloren batzuk zapelaitzak harrapatuta. Baina naturan gaude, eta horrelakoekin bizitzen jakin behar da. Gu gaudenean, eta zakurrarekin, beldur gehiago izaten dute”.

Etxez etxeko salmenta

Arrautzen ekoizpenetik bizi da Agirresarobe, eta bera arduratzen da prozesu guztiaz: “Simaurra atera, gauzak konpondu, arrautzak bildu, banatu eta saldu”. Denda eta jatetxe batzuetan saltzen ditu arrautzak; kontsumo kooperatibak ere baditu. Horiez gain, Usurbilen etxez etxe saltzen ibiltzen da. “Beti gustatu izan zait jendearekin zuzeneko harreman hori izatea”.

Etorkizunera begira, bere oilategira bisitak antolatzeko asmoa dauka; batez ere, umeei erakutsi nahi die. “Oiloek arrautzak nola jartzen dituzten irakasteko gaur egungo umeei”.