Euskoa abiatzekotan zela irakurrita bilbotarren beste asmakari bikain baten aurrean geundela pentsatu nuen, eta Arriaga Antzokian 100.000 euroko billete berri baten aurkezpen ekitaldia irudikatu. Botxoko patrikak arintzeko oso baliagarria litzateke berritasuna; soinean bost bakarrik eramanda, igande eguerdiko txikiteora lasai irten ahalko lirateke.
Imajinazioak kale egin zidan beste behin. Euskoa Baionan asmatu dute antza, ez da Athletic zaleak erosoago bizi daitezen propio sortutako euro erraldoi bat. Tokiko ekonomia eta ingurumena sustatu eta euskararen alde jarduteko txanpona omen da dagoeneko Ipar Euskal Herriko bazterretan dabilena.
Ekimen burutsua eta ausarta dela iruditzen zait, eta ukitu erromantikoa ere ez zaio falta. Listua agortzen dugu gizarteak goitik behera aldatu beharko lukeela oihukatuz. Batzuk, ordea, —jendarte horren zati dira beraiek ere— ari dira bidea jorratzen. Bejondeiela. Billete karrikaratu berriak eder askoak dira, gainera.
Bidasoaren beste aldeko herrietan bizi direnak jator bezain hippy eta esoterikotzat hartu ohi ditugu, baina euskal pastelaren errezetaz gain badugu haingandik zer ikasi. Slow filosofiaz eta hazkundearen mantra deusezteaz zutabe andana idatzi dira —ditugu— gure berripaperetan. Kanbotik Sarara osteratxoa egitea nahikoa da beste bizimodu bat posible dela egiaztatzeko. Geldoagoa, ama lurrarekin adeitsuagoa.
Morroi arraro samarrak direnaren aurreiritzia ez dut nik zapuztuko, ordea, eta Hitza-koek lagatzen didaten artean testu populista bezain gezurteroak bidaltzen jarraituko dut, gero aldarrikatutakoaren kontrakoa egunero egiteko. Eta ziur asko euskoa lau nekazari maitagarrik erabiliko duten bitxikeria bezala geratuko da. Gutako askok aleren bat azkar asko gureganatu nahiko dugu, hori bai, diru-zorroan gordeta eraman eta tabernetan-eta harro erakusteko. Batzokietan-eta hit galanta izango da, haren berri izaten badute.
Tamalez ia hobe izango da moneta berriarena Ipar Euskal Herriko laborari eta merkatariek bakarrik kudeatzea. Hegoaldekook parte hartuko bagenu, laster genuke inflazioa zeruan, pare bat burbuila autoktonok lagunduta. Ez hori bakarrik: euskoa benetan indartsua balitz, paradisu fiskal bihurtzeko tentaldian erortzeko arriskuan geundeke, eta Kutxabank Suitzako banketxeen txapeldunen ligan lehiatzeko moduko munstro bilakatu liteke. 22 milioi euro koltxoi azpian gordeta dituzten alderdi politikoetako kideak azkar asko lirakete gurean, kontu-korronte berria zabaltzearen truke oparitutako zartagina eta maletaren bila.