“Hemengo petrolioaren prezioa jaisten ez bada, ez dute arazorik”

Lehen Hezkuntzako irakasle ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean amaitu, eta, beste hainbat gazte bezala, ikasitako horretan lanean aritzeko aukerarik ez zuelako joan zen Norvegiara Iñigo Igartza (Zumarraga, 1990). Udalekuetan begirale, zerbitzari, eta “beste lan txiki batzuk” egiten aritu zen, “baina ikasitakoarekin lotutako ezer ez”. Hala, “nahia eta beharra” aldi berean elkartu zitzaizkion, eta mundu zabalera irtetea erabaki zuen: “Irakaskuntzan lana aurkitzeko dagoen zailtasunagatik eta ingelesa hobetzeko gogoa nuelako”. Irakasle lanetan ez, baina hezitzaile lanetan ari da gaur egun lanean Igartza. Familia bateko bost haur zaintzen ditu, eta haien ardura du.

Norvegiako Evanger hirian bizi da, Oslotik 416 kilometrora eta Bergen hiritik 82 kilometrora.

Norvegian daraman denboran “administrazio publikoak zein geldo lan egiten duen” harritu du gehien Igartza. “Ez nuen uste burokrazia horren motela izango zenik; kanpoan ez dute ospe hori”.

Euskaldunen eta norvegiarren artean antzik topatu du, hala ere: “Jatun onak garela bi lekuetan!”. Baina ezberdintasunak ere bai, jateko ordutegian, adibidez. “Beranduenera bostetan afaltzen da, eta ez dute gure moduko bazkaririk egiten”. Norvegiarrak legea errespetatzen arduratsuak direla dio. “Publikoa den guztia asko zaintzen dute; errespetu handiz tratatzen dute”. Trenean txartelik gabe bidaiatzea, zehaztutako abiadura mugen gainetik gidatzea, lurrera zaborra botatzea eta halako ekintzarik ez du ikusi Igartzak norvegiarren artean.

Norvegiera ikasten

Lana amaituta, aisialdira bideratzen du bere denbora zumarragarrak. Kirola egitea atsegin du, eta horretan aritzen da sarri; herrian bertan duten laku ertzean korrika eginez edo mendira joanez. “Astean behin herriko suhiltzaile boluntario batzuekin kirol pixka bat ere egiten dut, eta norvegiera ikasteko eskoletara ere joaten naiz”. Izan ere, Norvegiara ingelesa praktikatzeko helburuarekin joan bazen ere, hango egunerokoan murgiltzeko norvegieraz jakitea garrantzitsua da Igartzarentzat.

Norvegiarrek “etxean ordu asko” ematen dituztela ere esaten du, “baina patinatzera, eskiatzera edo zinemara ere sarri joaten dira”. Euskal Herrian tabernara joateko dagoen ohiturarik ez omen da Norvegian, eta aisialdirako kultur ekintza gutxi. “Hori bai, daudenean herriko jende guztia elkartzen da!”.

Ibaiaren ertzean dago Evanger, eta, uraren bideari jarraituz, turismoa egiteko ere aprobetxatzen du denbora librea Igartzak. “Negua, ordea, ez da garairik onena hara eta hona ibiltzeko; hotz handia egiten du, eta argi gutxiko egunak izaten dira”. Turismoa egiten jarraitzeko asmoa du, gainera, Igartzak, “oraindik leku asko” baititu ezagutzeko.

Aintzira artean

Leku humela eta lakuz betetakoa da Evanger ingurua; Igartzaren ustez, “inguru zoragarria”. Euskal Herrira eta Gipuzkoara ere hango ur pixka bat ekarriko luke, Goierri aldean lakuren bat eraikitzeko. “Laku asko daude, eta denak oso ederrak dira. Hemengo bat edo beste ere eramango nuke Euskal Herrira”.

Etxean ere gauza ederrak ditu, ordea, eta bat baino gehiago eramango lukeen arren —”familia eta lagunak, noski”—, bada bat harentzat benetan berezia dena: “Urretxu-Zumarragako gaztetxea ekarriko nuke, dudarik gabe!”.

Krisia ere hizpide du Zumarragakoak. Gipuzkoan eta Euskal Herrian ez bezala, “Evangerren, inguruko hirietan eta orokorrean Norvegian ez baitute krisirik sumatzen. Badakite munduan krisi handia eta sakona dagoela, baina hemengo petrolioaren prezioa jaisten ez den bitartean, Norvegian ez dute arazo handirik izango”.

Norvegian lanean daraman denboran, hango eta hemengo lagunak egiteko aukera izan du Igartzak. Zenbaitetan Euskal Herriaz eta Espainiaz aritzen da haiekin hizketan, bertako eta Norvegiako egunerokotasunaz. Eta badituzte erreferentziak: “Jende askok daki Euskal Herrian eta Espainian gatazka politiko bat dagoela eta ETA erakundea badela. Horrekin lotuta, anekdota gisa konta dezaket norvegiar batek galdetutakoaren harira: Kanariar uharteetara oporretara joatekoa zen, eta ea bertan ETArekin arazoak izango zituen galdetu zidan”, oroitu du.

Igartzak azaldu duenez, norvegiarrak Espainiara doaz oporretan, eta Espainiarrak Norvegiara lan bila: “Familia ugari etortzen ari da Norvegiara, lana erraz bilatuko dutelako ustearekin, baina hemen lana aurkitzeko norvegieraz jakitea ia ezinbestekoa da; ez da nahikoa ingelesez jakinda”.