Jaiki berri nengoen, eta irratia piztuta neukan. Kafetera italiarra eskutan, gosaria prestatzeko, baina hain zurtuta gelditu nintzen, ezen ezin izan nuen luzaroan soltatu sutan jartzeko. Martxelo Otamendiren berbak entzun berri nituen, eta katatoniko laga ninduten. Ia astebete zonbi generaman, orain hogei urte, indarrez Guardia Zibilak del Olmo epailearen aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zuelako.
Orduan sasoian, goizean goiz irratia isiotzea nahiko kamikazea izaten zen. Sarritan egoten ziren sarekadak, atxiloketak… beti goizaldean, mundua lo dagoen bitartean. Gosaltzeko orduan beti disgusturen bat.
Kafeteraren irudia datorkit burura Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera gogoratzen dudan bakoitzean, nahiz eta sei egun beranduagoko gertaera izan. Beharbada inoiz ez nuelako horrelako saio batean hain argi entzun torturatu baten testigantza, kartzelatik irten berri, gainera. Imajina durduzagarri bat ere etortzen zait akordura: Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai eskuburdinez elkarri lotuta guardia zibilaren furgoi baten sartzen. Joan Mari Torrealdai eta Txema Auzmendi!
Bolada gogorra izan zen. Denbora laburrean egunkari bi itxita, atxilotuak, torturak, berriro beste bi kazeta sortu behar; horrek dakarren neke, energia xahuketa eta gastu ekonomikoa, informaziorako eskubidea eta prentsa askatasuna kontuan hartu barik.
Egunkaria-ren itxierak, gainera, euskaltzaleak jopuntuan jarri zituen, euskaraz bizi nahi zuten horiek. Sasoi hartan ikusita nago Interneten zerrenda moduko bat, zuhaitz estilora, non erakunde, elkarte eta abarrak zehazten ziren. Adierazten zen, garrantziaren arabera, zeintzuk egongo ziren Espainiako Auzitegi Nazionalaren ituan. Bertan euskaltzale guztiak geunden. Ez dugu ahaztu behar Elkar eta Ikastolen Federazioaren bulegoak ere miatu zituztela, eta AEKren kontra ere prozesu bat hasi zela. Hasi eta amaitu, zorionez, baina ekin zioten euren gurpil zoroari. Otamendik berak kontatzen du nola guardia zibilen hainbat ibilgailu Arantzazurantz abiatu ziren miatzeko asmotan, baina zentzu pixka bat zuen norbaitek ekintza abortatzeko agindu zuen.
Sarekada politikoek jarraitu zuten, baina Egunkaria-ren alde egindako mobilizazioei eta gizarteak oro har emandako erantzunari esker, beste elkarte batzuen kontrako eraso judizialak gelditu ziren, zerrenda ez zen bete. Euskaldunon Egunkaria-ren kontrakoa esperimentu moduko bat izan zela esan genezake, beraz.
Hogei urte pasatu diren arren, eta BERRIA daukagun arren, eragin ziguten zauriko orbaina fresko dago, ez zaigu ahaztuko. Eta ez da bakarra, euskaldunon gorputz soziala markaz eta arrastoz beteta dago-eta: historian zehar egin dizkiguten mespretxuz eta handikeriaz, kolonizazioz eta nagusikeriaz. Baztertu egin gaituzte, nahita eta apropos, debekuz eta legez. Torrealdaik berak ondo aztertu zuen moduan. Ordea, haizeak pixkatxo batean gure alde jotzen badu, orduan gu gara sektario eta baztertzaile. Zauriaren gainean, zauria. Horri guztiorri euskarafobia deritzo, mikroan edo makroan, gaitz bera jasaten du gure gorputz sozialak.
Harkaitz Canok Bilboko Biran efemeride linguistiko kontzeptua bota zuen. Otsailaren 20a da horietakoa, inori ahantz ez dakion. Euskararen gorputz sozialari zauri gehiago eragin ez diezaioten. Hurrengo belaunaldiek jakin dezaten.
Leave a Reply