Herri txikiak erakargarri bihurtu nahian gazteentzat

Herri txikiak erakargarri bihurtu nahian gazteentzat

Miren Garate

Herri txiki askoren arazoa da nerabeen aisialdia lantzeko baliabide falta. Azpiegiturak izan arren, haiekin lan egiteko profesionalak kontratatzeko modurik ez dute. Ondorioz, inguruko herri handiagoetara jo ohi dute gazteek. Horri aurre egin nahian, Gure Plaza, Txo! programa jarri du abian Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Mila biztanle baino gutxiagoko 32 udalerri daude Gipuzkoan, eta horietatik hamarrek hartuko dute parte programan: Aizarnazabalek, Albizturrek, Alkizak, Altzok, Berrobik, Bidania-Goiatzek, Elduainek, Ikaztegietak, Larraulek eta Lizartzak. Bi urteko iraupena izango du. Bi gizarte hezitzaile ariko dira lanean, eta bakoitza bost udalerriren erreferentea izango da. Gazteei arreta zuzena emango diete hezitzaileek, eta barne lanak ere egingo dituzte.

Joan den astean aurkeztu zuten programa Maria Jose Telleria Gipuzkoako Kultura eta Gazteriako diputatuak eta Isaac Palencia Gazteriako zuzendariak. Haien esanetan, herri txiki horietako gazteak beren udalerrietan errotzea nahi dute, bai eta komunitateko partaide izatearen sentimendua sustatzea ere. “Hurbileko zerbitzuak eskainiko ditugu, aisialdiaz gozatzera beste herri batzuetara joan beharrik izan ez dezaten”. Programak landuko dituen ildoak dira bizikidetza eta berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa, euskararen erabilera, konpromisoa eta jarrera kritikoa, eta tokiko aldaketa prozesuetan inplikatzeko gaitasuna.

Hezitzaileak, lanean

Azaroaren erdialdean hasi ziren lanean hezitzaileak. Abenduan eta urtarrilean herri bakoitzaren egoeraren diagnostiko txiki bat egin zuten, eta udaletako ordezkariekin eta herriko beste hainbat eragilerekin harremanetan jarri ziren. Urtarrilaren amaieratik aurrera, berriz, hezitzaileek, udal arduradunekin batera, proiektuaren lerro orokorrak aurkeztu dizkiete herri bakoitzeko gurasoei eta nerabeei.

Programari esker, gaur egun eskaini ezin duten zerbitzu bat eskaini ahal izango dutela uste dute Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak, Maite Arana Larraulgo alkateak eta Larraitz Ezeiza Albizturko zinegotziak.

ALKIZA

Gipuzkoako herririk “gazteena” da Alkiza, 20 urtez azpikoak baitira biztanleen %30,6. “Duela hogei urtetik hona herria zabaldu egin da. Etxe berriak egin zituzten, eta lortu da herriko gazteak bertan geratzea eta kanpora joandako batzuk bueltatzea; kanpotik ere etorri dira beste batzuk”, azaldu du Iñaki Irazabalbeitia alkateak. Haren esanetan, herri bizia da Alkiza, kultur arloko eskaintza zabala dute, eta bestelako jarduerak ere antolatu ohi dituzte. “Baina falta zitzaigun gazteentzako programazioa, beren gustukoa izango zen zeozer”.

Gure Plaza, Txo! programan, oraingoz, lehen hartu-emana izan dute gazteek eta hezitzaileek. Gazteek beraiek izango dute zer nahi duten esateko aukera. “Beraiek dira protagonistak eta hezitzailea da prozesuko laguntzaile. Ez da goitik behera egiten den gauza bat; alderantziz egin nahi dugu”. Era berean, Irazabalbeitiak nabarmendu du “jokabide batzuk markatzen” ere lagunduko duela hezitzaileak. “Duela urte batzuk, adibidez, arazoak izan genituen genero berdintasunaren ikuspegitik, eta itxi egin behar izan genuen gaztetxea edo gaztelekua, ez genuelako arrazoi horiek bideratzeko baliabiderik”.

Alkizako eskolan 12 urte egin arte egoten dira ikasleak, eta DBH egitera Villabona-Amasara joan ohi dira. Han beste harreman sare batzuk egin ohi dituzte. “Eta hori ondo dago, baina herrian ez da erreferentziazko harreman sare bat geratzen. Programa honek lagunduko digu gazteek harreman sare hori herrian izan dezaten, beren gustuko gauzak egiteko ez dutelako beste herri batera joan beharko”.

LARRAUL

Maite Arana Larraulgo alkateak uste du “komunitate sentimendu handiko herria” dela Larraul. “Hori sustatu egin behar da, ordea, zeren herri txikion arriskua da lotarako herri izatea, eta hori ez da posible, bizitza behar dute”. Beste herri batzuekin alderatuta, biztanleria gaztea du Larraulek ere: ia %23 dira 18 urtetik beherakoak.

Aranak azaldu du azpiegitura aldetik ez dutela aukera handirik, udaletxea eta eskola bakarrik direlako udalarenak. “Zaila dago kontua, baina ea aurkitzen dugun beste zerbait erabilera espezifikoago hauetarako erabili ahal izateko”. Lehen, eskolaren beheko aldea erabiltzen zuten, baina haur eskolarentzat da orain lokal hori. Azken ikasturte honetan, izaera propioa ere lortu du Larraulgo eskolak, orain arte Asteasuko Pello Errota eskolaren gela desplazatua baitzen. “Niretzat oso garrantzitsua izan da Larraulek haur eskola eta eskola propioa izatea. Baina gazteek ere behar dute gune bat erreferentziatzat beren herria izateko, eta komunitatea eta erroak izateko herrian”. Proiektuan, gazteei “entzun” egiten zaiela nabarmendu du alkateak. “Zer behar dituzten, nola bideratu nahi duten programa eta abar esateko aukera izango dute”.

Hezitzaileei herriaren berri eman zieten udaleko ordezkariek, eta familiei ere aurkeztu diete programa. Beso zabalik hartu dutela esan du Aranak. “Gurea bezalako herri batentzat, baliabide gutxirekin eta ia langilerik gabe, ia ezinezkoa da gazteei zerbitzu bat ematea aldundiaren laguntza hori gabe”. Orain arte, begiraleekin eta inguruko herrietako elkarteekin jarduera “puntualak” egin izan dituztela azaldu du. “Ondo funtzionatu dute, baina jarraitutasunik gabeko jarduerak izan dira. Denok esaten genuen aldundiak esku bat botatzea behar genuela”.

Horri lotuta, Aranak uste du “oso polita” izango litzatekeela beste herri txiki batzuetako gazteekin ere egitea jarduerak. “Gauza asko izan ditzakete komunean gazteek, eta eskualdearentzat ere polita izango litzateke”. Hain zuzen ere, programan parte hartuko duten hamar herrietatik bederatzi Tolosaldekoak dira.

ALBIZTUR

“Boladak” izaten direla esan du Larraitz Ezeiza Albizturko zinegotziak. “Gazte batzuek herrian geratzeko ohitura handiagoa izaten dute, eta besteek Tolosara joatekoa”. Haren esanetan, etorkizunera begira, garrantzitsua da haurrek ikustea helduxeagoak ere herrian geratzen direla, gauzak egiteko prest daudela eta bultzada bat ematen diotela herriari.

12-17 urte arteko gazteentzat da Gure Plaza, Txo! programa, eta adin tarte horretan 20-30 gazte daude herrian. Albizturren ere badute eskola, eta herriko ume gehienak hara joan ohi dira. Ezagutzen dute elkar, beraz. “Eskolan 12 urtera arte egoten dira, eta Tolosara jaisten dira gero. Orduan aldatzen da egoera. Hango lagunak egiten dituzte, eta gehiago joaten hasten dira”.

Dantza, pilota eta ingeles ikastaroak ere antolatzen dituzte herrian, baina 2-12 urte adin tartekoentzat bideratuta egoten dira. “Herri handiagoek badute gazteentzako begiraleak edo hezitzaileak ekartzeko aukera, baina guk ez. Kirol aldetik ere, kiroldegirik eta halakorik ez dugu. Beti Tolosa aldera jotzen dute gazteek gauza horien bila”.

Proiektuari esker zer egingo duten, oraindik ez daki Ezeizak. “Hezitzailea etorriko da, gazteekin egongo da, eta zer nahi duten entzungo die”. Gazteentzako lokal batek urteak daramatza martxan Albizturren. Lokal horretara joateko giltzak dituzte gazteek, eta nahi dutenean dute joateko aukera. “Urte hobeak izan ditu, baina orain ez da asko erabiltzen; hori ere boladaka izaten da”, esan du Ezeizak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.