June Romatet Ibarguren
Iazko abenduan adierazi zuen Hernaniko Udalak Europako Zero Zabor ziurtagiriarekin bat egiteko konpromisoa, eta joan den astean jakin zuen ziurtagiria lortu duela. Euskal Herrian ez da aitortza hori duen beste herririk. Xabier Lertxundi (Hernani, 1983) alkatearen esanetan, “bide onetik” lan egin dutela erakusten du jaso berri duten ziurtagiriak, eta udalak ez ezik, herritarrek ere “lan handia” egin dutela nabarmendu du. Gehienez, bost izar lor daitezke, eta hiruko maila lortu du Hernanik.
Joan den astean jakin zenuten Zero Waste Cities and Towns ziurtagiria lortu duzuela. Nola jaso duzue albistea?
Poztu egin gaitu ziurtagiria jasoko dugula jakiteak, ziurtatzen baitigu bide onetik aritu garela lanean orain arte. Aitortza bat da azken finean. Hernaniko Udalak politika batzuk martxan jarri arren, herritarrek ere lan handia egin dute, eta haientzako ere aitortza garrantzitsua da.
Europako Zero Zabor ziurtagiria lortu duen Euskal Herriko lehen udalerria zarete. Zer esan nahi du ziurtagiri horrek?
Europako ziurtagiri estandar bat da, eta irizpide batzuk ditu. Horien arabera, puntuazio bat lor daiteke. Ziurtagiria izateak esan nahi du egindako lanak merezi izan duela eta herriko zaborraren zati handi bat ondo kudeatzen jakin dugula. Balorazio bat egiterako garaian, honek demostratzen digu Europako iparraldeko herrialdeen mailan jokatzen dugula. Espainian eta Europan badaude ziurtagiria duten herriak; Euskal Herrian oraindik bakarrak gara, baina badakigu ez garela bakarrak izango, beste herri batzuk ere ziurtagiriaren bueltan lanean ari direlako.
Puntuazio sistema bidez antolatu dute ziurtagiria. Nola neurtzen dituzte atalak?
Ziurtagiriak 38 adierazle ditu, eta, horietako bakoitzaren arabera, ernai dauden egitasmoak baloratzen dira. Egitasmo bakoitzak izan dituen inpaktua eta emaitzak aztertzen dira, eta horietako bakoitzari puntuazio bat ematen zaio. Gehienez ehun puntu lor daitezke, eta Hernanik 70 lortu ditu: bost izarretik, hiru.
Udalak berak bakarrik egin al du ziurtagiria lortzeko bidea?
Ditugun proiektu guztien inguruko informazio bilketa ez du udalak bakarrik egin, Rezero fundazioak lagundu digu zaborraren kudeaketaren inguruan eginda genituen egitasmoak identifikatzen, eta, nolabait, ziurtagiriaren barruan, informazio guztia ondo jasotzen. Bestalde, Amigos de la Tierra fundazioak egin du auditoretza lan guztia.
Zero zaborrerako trantsizioan zer proiektu nagusi dituzue martxan gaur egun?
Hainbat proiektu ditugu, bidea 2010ean hasi baikenuen. Hartutako neurririk handiena zaborra biltzeko sistema aldatzea eta atez ateko sistema ezartzea izan zen. Ika-mikak sortu bazituen ere, emaitza nabarmenak ekarri ditu. Izan ere, 2010ean ez ginen iristen zaborraren %60 bereizita jasotzera, eta gaur egun ia %80 jasotzen dugu. Ibilbide luzea izan da, eta lortu dugu birziklatzen ez dena, errefusa, %20ra mugatzea; hau da, biztanleko, 26 kilo zabor ez dira bereizten urtean. Euskal Herrian ez dago, Hernanik bezalako izaera izanda, horrelako datuak dituen herririk.
Konposta nola kudeatzen duzue?
1.608 familiak, atez ateko zerbitzua izateaz gain, haien zabor organikoa konpostatzen dute; neronek ere hala egiten dut. Bi sistema daude: batetik, lursail bat duenak bere konposta egiten du, eta seiehun familia baino gehiago daude sistema horretan; bestetik, hirigunean bizi direnek auzoan konposta egiteko sistema dute. 49 egurrezko etxola daude, eta gure zabor organikoa horietara botatzen dugu. Horrela ere datu oso onak lortzen dira: organikoaren %20 guk geuk kudeatzen dugu. Kalitate oneko organikoa lortzen dugu, konposta egiten dugu, eta ondoren hori herriko lorategietan erabiltzen da. Soberakinak herritarrek erabili ahal izaten dituzte. Ekonomia zirkularra da, hondakinetik lehengaia lortzen baitugu.
Badituzue proiektu txikiagoak martxan ere, ezta?
Bai, adibidez, askotariko hondakinak biltzeko gune txikiak jarri ditugu herriko txoko batzuetan: CDak, pilak, bonbillak eta abar biltzen ditugu hor. Neurri horrekin, ohiko bost sailetan beharrean, hamasei sailetan banatzen dugu zaborra. Garbigune mugikor bat ere badugu, eta herrian zehar tokiz aldatzen joaten da, nahiz eta badugun garbigune egonkor bat ere. Horrez gain, bada jendearen arreta piztu duen proiektu berritzaile bat ere: zero zabor hozkailuak.
Nola funtzionatzen du hozkailu horrek?
Bi ikastetxerekin egiten dugu lanketa. Jangeletan sobran geratzen zaien janaria ontzietan jartzen dute, errazioka, eta horiek salmenta makina batzuetan sartzen dituzte ikasleek. Edozein herritarrek har dezake handik janaria, guztiz doan. 2021eko datuen arabera, urte osoan tona bat janari aprobetxatzea lortu genuen. Jendeak erabiltzen du, eta janari asko bota gabe geratzen da. Elikadurari lotuta, udalak erosi zuen baxera berrerabilgarria ere asko erabiltzen da. Olio makinak ere baditugu, pitxarrak eman genizkien tabernei, ontziak banatu genituen arrandegi eta harategietan paperaren edo plastikoaren ordez erabiltzeko… Horrekin guztiarekin pedagogia egin dugu, eta herritarrek proiektu horietan parte hartzen dute.
Ziurtagiriak zer hartzen du kontuan: udalaren jarduna bakarrik edo herriko beste eragile, proiektu eta abarrek egindakoak ere bai?
Dena sartzen da. Hernanin egiten den bigarren eskuko azoka da adibiderik garbiena: udalak laguntzen du, baina ez dugu guk antolatzen. Herriarena denez, puntuazioan sartzen da.
Bost izarretatik hiru dituzue; beste biak lortzeko, zer egin behar duzue?
Honek oinarri bat eman digu. Egindako egitasmoak ziurtagiriaren barruan egin ditugu, eta orain badakigu zer bide jarraitu behar dugun. Erronkatzat dugu puntuazio hobea lortzea, ez delako puntuazioa bakarrik, neurri gehiagoren bidez, zero zabor helburuaren ibilbidean hobetzen jotea baizik. Gainera, ziurtagiriarekin batera, hobetzeko ditugun gauza batzuk ere aipatu dizkigute, besteak beste, datuak hobeto jasotzea eta langileak gehiago prestatzea. Beraz, gure apustua hori da: lanean jarraitzea.
Leave a Reply