Donostia
Donostiako inauterietako desfilea, azkenean, igandean egingo da erdialdeko kaleetan. Joan den asteburuko eurite, haize eta eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera geratu ziren larunbatean eta igandean Donostiako kaleetan egitekoak ziren inauterietako desfileak. Halere, hiriburuko konpartsetako kideek azken hilabeteetan prestatu dituzten mozorro, karroza eta ikuskizunak Donostiako kaleetan erakusteko aukera izango dute igandean. Horrela erabaki zuten Donostia Festak erakundeak eta konpartsetako kideek egindako bileran.
17:00etan abiatuko da desfilea igandean Bulebarretik, eta Hernani, Askatasunaren Hiribidedea, Urbieta, Prim, Bergara, Idiakez, Gipuzkoa plaza eta Legazpi kaleetatik igaroko dira,eta gero berriz Bulebarrera itzuli. 25 konpartsetako kideek parte hartuko dute erakustaldian: Aitor ikastola, Alaia, Alegria de Alza, Betiko Zuhaitz, Eureka, Fama, Furius, Gurera, Ilae, Intxaur Txiki, Kaos, Karmelo Txiki, Lagun Artea, Mi Nuevo Potosi, Mundo Nuevo, Mystic, Odissey, Santa Barbara, Show Time, Tantai Loiolako Konpartsa, Thamessis, Toxic, Trumoiak, Txasiss eta Zuhaitzak. Beraz, joam den astean parte hartzekoak ziren konpartsa guztiak izango dira, bi izan ezik: Boveda eta Denok Taldea.
Donostiako erdigunean ez ezik, Trintxerpen ere ospatuko dituzte inauteriak asteburuan. Larunbata arratsaldean eta igande goizean, Trintxerpeko kaleetan ibiliko dira konpartsak, igande arratsaldean Donostiako erdigunera joan aurretik. Berez, larunbatean eta igandean, arratsaldez atera behar ziren Trintxerpen, baina erdiguneko desfilearen egun aldaketaren ondorioz, igandean goizean irtengo dira.
Datorren astean, Altzan
Donostiako erdiguneko desfilearen ondorioz, Altzako inauterietan ere aldaketak izango dira. Igandean egitekoa zen inauterietako piñata astebete atzeratuko da, eta datorren igandean, hilaren 24an egingo dute. Asteburu horretan, Altzan ez ezik, Donostiako Bidebietan ere ospatuko dituzte inauteriak. Datorren larunbatean, hilaren 23an, dozena bat konpartsa elkartuko dira auzoko kaleetan.