Irribarre bat helburu

Herenegun itzuli zen Fatou Gaye etxera, Euskal Herriko etxera. 7 urteko neskatila hori iazko abendutik dago Hondarribian, bere herrian sendatu ezin dioten masailezurreko arazo bat konpon diezaioten. Hilaren 6an egin zioten ebakuntza Donostiako Ospitaleko Aurpegi-masaileko Kirurjia Zerbitzuan. Astebete lehenago, Pape Ibnou Lo mutikoa izan zen kirofanoan. Iazko abenduaren 20an elkarrekin etorri ziren biak Senegaldik, Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundearen bitartez antolatutako proiektu baten barruan.

Zortzi ordu baino gehiagoko ebakuntza behar izan zuen Fatouk, baina, itxuraz, dena ondo atera zen. Herenegun itzuli zen Hondarribira, Javier Mitxelena eta Ane Miren Aristondoren etxera. “Dena medikuek nahi bezala joan da. Burdina batzuk jarri dizkiote, eta egunero, ordu berean, ariketa batzuk egin behar ditugu masailezurra irekitzen joan dadin”, azaldu du Aristondok. Duela hiru urte, motor batek kolpe bat eman zion masailean Fatouri, baina ez zen medikura joan. Hezurra hautsia zuen; sendatu gabe gogortu zitzaion, eta masailezurreko bi aldeetan ankilosia du. Handitzen joan den heinean, ahoa itxi zaio, masailezurra ez baitzaio luzatu. Arazo hori zuzentzeko ekarri dute Gipuzkoara. Hasieratik ondo moldatu dela esan dute Hondarribiko harrera familiakoek. “Medikuek diote ez direla hemengo haurren gisakoak, eta egia da. Ez dira ezerekin kexu, mina izanda ere. Eta eskolan ezinhobe ari da; ahalko balu, larunbatetan ere joango litzateke”. Talaia eskola publikoko Biteri zentrora eramaten dute.

Talaian irakasle izandakoa da Aristondo, eta erretiroa hartuta dago orain. Aditzera eman duenez, beti nahi izan du umeren bat hartu. “Baina etxean hiru seme-alaba eta senarra itsasoan edukita, ezin genuen. Orain aukera dugu, eta, irratian familiak behar zituztela entzun genuenean, Gizakien Lurraren telefonoa bilatu eta deitu genien”.

Zarautzen, mutikoa

Fatourekin batera Pape Ibnou Lo mutikoa etorri zen. Nagusiagoa da, 13 urte bete baitzituen Zarautzera iritsi aurreko astean. Bere herrikide Fatouk bezala, ankilosia du masailezurrean, eta, gainera, min handiekin etorri zen. Lehen azterketa egin ziotenean, min horiek karies batzuren ondorioa zirela ondorioztatu zuten, baina, ahoa ezin zuenez ireki, ezin zuten ezer egin. “Ebakuntzarekin batera hiru hagin kendu zizkioten, oso gaizki zituelako”, kontatu du Txus Manterola zarauztarrak. Duela urte batzuk, beste haur bat jaso zuten etxean, eta, oraingoan, ordezko familia gisa eman zuten izena, baina senarrak [Xabier Euzkitze telebista aurkezlearen emaztea da] esan zion hartu egin behar zutela, “ez zela nahikoa ordezko familia izatearekin”. Eta hala egin zuten.

Mutikoa iritsi eta hirugarren egunerako elkar ulertzen zutela adierazi du Manterolak: “Oso jatorra da, eta formala. Mahaia berak jasotzen du, ezer esan gabe, eta, orain euskaraz hitz egiten hasi dela, gure 10 urteko umeari eskatzen dio mahaia jasotzen laguntzeko”. Esan duenez, euren seme-alabek asko ikasi dute Afrikatik etorritako haurrarekin. “Batez ere, gauza gutxirekin moldatzen ikasi dute”, zehaztu du.

Urtarrilaren 30ean egin zioten lehen ebakuntza, eta, duela astebete Zarautzera bueltatu zen arren, oraindik ez da eskolara joango, ebakuntzan jarri zioten burdina kentzen dioten arte. Baina inauteri egunean gelakideak bisitatzera joan zela azaldu du Manterolak: “Pape ikusi zutenean denak joan zitzaizkion besarkatzera, eta haurrak negarrez bukatu zuen, emozionatuta”.

Manterolaren seme-alabak ere oso ondo konpontzen dira Paperekin. “Ohituta daude, gainera”, argitu du, ez baita lehen aldia etxean haur bat hartzen dutena. Hiru seme-alabetako bat adoptatua da, eta beste bat, berriz, familia-harrera programa baten bitartez jaso zuten. Horrez gain, hirutan Mendebaleko Saharako umeak hartu izan dituzte etxean, udan. Eskarmentua badute, beraz, egiteko horretan. “Esperientzia zoragarria da, askoz gehiago delako beraiek ematen digutena, jasotzen dutena baino”, dio.

Etxera bueltatzeko datoz

Umeek Euskal Herrian denbora luzez egon beharko dutela adierazi du Alfonso Roncero Gizakien Lurra gobernuz kanpoko erakundearen Euskal Autonomia Erkidegoko arduradunak: “Lehen ebakuntzan puskatu egiten zaie duten gogortasuna, ahoa ireki ahal izateko, baina gero masailezurraren erabilera garatu behar da, urtetan geldirik eduki baitute”. Hala, ondo bidean, beste behin sartu beharko dute ebakuntza gelan. “Jarri dizkieten burdinak kentzeko eta masailezurra luzatzeko, ez erabiltzearen ondorioz atzeratuta geratzen zaielako”, adierazi du. Kasu gehienetan, ordea, hirugarrenez ere jaso behar izaten dute kirurjia, “masailezurraren funtzioak ez direlako berez behar adina garatzen”.

Euskal Herrira etortzen direnean ahoa erabat itxita edukitzen dute. Ezin dute hitz egin, eta askok jateko eta arnasa hartzeko arazo larriak ere izaten dituzte. “Zarautzen dagoen mutikoa harrituta dago, ebakuntza egin eta gero behatza ahoan sartu eta mingaina uki dezakeelako eta hori lehen ezin zuelako egin”, kontatu du Roncerok.

Denboraldi luzea da herritik urruti eman behar dutena. “Horregatik, gure boluntarioei eta harrera familiei eskatzen diegu lotura hori mantentzen saiatzeko, haurrek ez dezaten ahantz sendatu eta gero itzuli behar dutela”. Aristondo hondarribitarrarentzat ere, ezinbestekoa da hori: “GKEan argi dute, eta nik ere horrela ikusten dut; haurrak etorkizuna badira, ezin dizkiogu lurralde bati haurrak lapurtu. Laguntzeko gaude, baina etxera itzuli behar dute han bizitza ahalik eta normalizatuena egiteko prest”. Horregatik, frantsesezko eskolak ematen dizkio Fatou neskatilari, “Senegalera itzultzen denean bere ikaskideen maila eduki dezan”.

Zarauzko harrera familiak Paperen familiaren argazkiak jarri ditu etxeko horma batean, eta egunero Senegalgo bizitzaz galderak egiten dizkiote mutikoari. Badakite egun batean etxera itzuliko dela eta une hori gogorra izango dela. “Baina alaia ere bai. Sendatuta eta pozik itzuliko da etxera. Nola ez gara gu pozik egongo, lagundu badiogu”, gehitu du Manterolak.

Irrien Lagunekin harremana

Fatou Gaye eta Pape Lo Senegaldik etorri diren bezala, Yanelle Sidokpohou neskatila Benindik ekarri zuen Gizakien Lurra GKEak, masailezurreko ankilosiaz sendatzeko. Lasarten egon da bi aldiz, 2008an eta 2012an familia banarekin, eta ezaguna egin da, Korrika eta Irrien Lagunen bideoetan ageri izan delako.

Irrien Lagunak sortu zenetik harremana izan dute Gizakien Lurrarekin, Roncerok azaldu duen eran: “Irrien Lagunek esan zigutenean egitasmoarekin sentsibilizazio sarea sortu behar zutela, argi zegoen haiekin egon behar genuela, ezingo baitira herri haietako arazoak konpondu hemen ez bagaude arazo horiekin kontzientziatuta”. Bi elkarteek haurrekin lan egiten dute, eta, gainera, helburu bera ere badute, hots, Euskal Herriko eta Afrikako haurren aurpegietan irribarre bat margotzea, heldu izatera iristen direnean etorkizuna alaiagoa izan dadin.