M. Garate
Beste herri batzuetako kiroldegietan ere izango direla lan gatazkak iragarri du Andoni Iriondo ELAko idazkaritzako kideak. “Tolosan martxoaren erdialdean hasiko gara. Zarautzen akordioa lortu zen, baina ez da guztiz betetzen, eta zer egin pentsatzen ari gara”. Ez dago sektoreko lan hitzarmenik Gipuzkoan, eta gaur-gaurkoz herriz herri ari dira bideratzen negoziazioak. Olatz Arrietarena LABeko Donostiako zerbitzu pribatuen arduradunaren ustez, egoerak argi erakusten du sektoreko itun bat behar dela: “Hori da langile guztiak ondoen babestuko dituen tresna juridikoa”.
Iriondok kontatu du iaz sektoreko hitzarmena lortzeko saiakera bat egin zutela ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk. “Bi aldiz deitu genuen patronala, baina ez zen etorri bilerara. Esan ziguten patronal hura jada ez zegoela. Orduan, BPXportekin bilera bat egin genuen; %70 inguruko ordezkaritza duenez, uste dugu baduela erantzukizuna”. Esan du BPXportek erantzun ziela Gipuzkoako hitzarmena lortzeko bide hori ez zuela berak bakarrik egingo; izatekotan ere, beste enpresekin.
Iriondoren arabera, ahal duten mahai guztietan negoziatuko dute, langileen baldintzak hobetzeko. “Gipuzkoako mahaia irekitzen bada, hor ere saiatuko gara, baina BPXportek ez duenez negoziatu nahi, bitartean saiatuko gara ahal dugun herri guztietan su txikiak pizten”. Udalek azpikontratatu egiten dute kiroldegiko zerbitzua, eta haiek ere erantzule direla uste du. “Erabaki politiko bat da hori ere. Zerbitzu ona eta merkea nahi dute, eta langileek pairatzen dute hori”.
Arrietarenaren esanetan, negoziazioa zaildu egiten du zerbitzua azpikontratatuta egoteak. “Udalak eta enpresak beren burua zuritzen dute, eta ardura besteari pasatzen diote, langileen kaltetan”. Gaur egun sektoreko langileei bi hitzarmen desberdin aplikatzea bidegabea iruditzen zaio sindikatuari. “Lan berdina egiten duen jendearen artean arrakala dago: ekonomikoa eta orokorra”.
LABeko ordezkariak azaldu du sektoreko hitzarmena lortzea dela egokiena sindikatuarentzat. “Horren faltan, gure politika da lan zentroka lortzea akordioak, langileen lan baldintzak hobetu ahal izateko, baina ez guk lehentasun hori dugulako, ez dugulako beste tresnarik baizik”.
Horri lotuta, Arrietak esan du gehiengoek baldintzatzen dutela sektoreko hitzarmena egon edo ez. Gipuzkoako kiroldegien kasuan ere, uste du horregatik ez dela hitzarmena berritu azken hamar urteetan. “Eragin handia dauka gehiengoa duten sindikatu eta patronalek negoziazioa sustatzeak edo ez sustatzeak. Azken urteetan ELAk izan du gehiengoa, eta ez du sustatu negoziazio mahaia irekitzea”.
Leave a Reply