Denok ditugu kontraesanak. Nork ez du bilatu inoiz, eztabaidaren batean kale itsuan sartuta, esaldi komodin horren babesa? Kontraesan batzuk, hala ere, bereziki esanguratsuak dira, adierazkortasun argi eta indartsua dutelako. Txirrindularitzaren munduak kontraesan horietako bat utzi digu agerian oraindik orain gurean: pagatu behar dena pagatu eta Frantziako Tourra —nazioarteko karrerarik entzutetsuena— Euskal Herrira ekarriko digute aurten, eta Gipuzkoatik ere pasatuko da; baina —aseguru, diru eta aurrekontu arazoen ondorioz— bertan behera geratu dira gazteen mailetako Gipuzkoako karrera batzuk, eta behin-behineko irtenbide bati esker lortu da, in extremis, oraingoz, karrera batzuk salbatzea, ez denak.
Tourraren eta gazteen karreren arteko kontrasteak oso modu nabarmenean utzi ditu ipurdi bistan erakunde nagusiak —eta haien ordezkari gorenen hanpuruskeria argazkizalea—, baina uste dut, horretaz harago, gure Zeitgeist delakoaren erakusle ere badela afera, bizi dugun eta bizi gaituen garaiaren espirituaren adierazle. Ez da kasualitatea. Kontraesan batzuek definitu egiten gaituzte. Ezer gutxik definitzen gaitu geure kontraesanek baino zehaztasun handiagoz.
Mendizaletasunak gure artean azken hamarkadetan izan duen bilakabideak ere oso lotura argia du gure Zeitgeist-arekin. Lehen, Txindoki, Aizkorri, Izarraitz, Ernio, Aiako Harria eta horrelakoekin lotzen zen, Gipuzkoan behintzat, mendizaletasuna, eta baita mendi txikiagoekin ere, eta ez ziren ezezagunak inguruko beste lurraldeetakoak ere. Baina orain nekez joko duzu inor mendizaletzat Belagua edo Lintzatik haragoko Pirinioetara sarri samar joaten ez bada, eta ahal bada Alpeetara, Andeetara, Himalaiara…
Anaitasuna, Lagun Onak, Ilintxa, Aloña Mendi, Touring, Amaikak Bat, Tolosa, Aretxabateta, Mondra, Kilimon, Elgoibar, Urola, Pasajes, Zarautz, Zumaiako, Zestoa, Euskalduna, Michelin, Hernani, Bergara… Buruz idatzi ditut Gipuzkoako futbol taldeen izen horiek guztiak —bat edo beste desagertua—, Internet orojakilearen laguntzarik gabe, eta gogoan ditut askoren elastikoen koloreak ere, eta futbol zelai batzuen izenak: Agorrosin, Ospas Gain, Argixao, Molinao, Garmendipe, Berazubi… Hamarkadak dira maila horretako futbolari kasu zipitzik ez diodala egiten, baina izen horiek guztiak betiko iltzatuta geratu zitzaizkidan burmuinean. Agian oker nago, baina nire irudipena da gaur egun herrietako futbol taldeek ez dutela garai batean izan zuten presentziarik eta indarrik.
Gune turistikoen masifikazioa, kultur produktu mediatikoenen globalizazioa, atzerriko homologazioarekiko mendekotasuna… Asko eta askotarikoak dira burubide bera erakusten diguten adierazleak. Ez ginen hobeto bizi lehen, eta ez ginen hobeak, baina irabazi bakoitzari estu lotuta etorri zaigu dagokion galera. Mundu gero eta globalizatu eta komunikatuagoan, distantzia denak ia ezerezeraino murriztuta, Onenari, Handienari eta Azkarrenari so bizi gara, eta horrek geure ingurukoa, geurea, apalestera eta, askotan, ahaztera eramaten gaitu.
Badirudi konpontzeko bidean dela txirrindulari gazteen Gipuzkoako karreren arazoa, baina erretratua eginda geratu da, kontraesan honetan ere, beste kontu askotan bezala. Agintariena zein gizartearena.
Leave a Reply