‘Behin batean’, bazen…

‘Behin batean’, bazen…

Mikel del Val

Izaskun Elias, Laura Martinez eta Garazi Ramirez Mondragon Unibertsitateko Leinn Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko ikasleak dira. “Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza graduaren antzekoa da gurea, baina era praktikoagoan aritzen gara gu”, azaldu du Martinezek. “Lehen egunetik, enpresa erreal bat sortzen dugu, hainbat proiektu martxan jartzeko. Esparru ezberdinetan murgilduta, gustuko duen bidea egiten du norberak”. Elias eta Martinez graduko 2. mailan daude, eta Ramirez, berriz, hirugarrenean. Maila berean ez daudenez, enpresa ezberdinetan bideratzen dute euren eguneroko jarduna, baina elkartu dituen proiektu bat abiatu dute: Behin batean.

Adinekoei begirako argazki erakusketa bat da proiektua, eta martxan da jada: Ormaiztegin egin zuten lehen erakusketa, iazko ekainean. Bi astez egon zen ikusgai, hainbat komertzio txikitan. Ormaiztegiko hogei adinekorekin hitz egin zuten haien istorioak ezagutarazteko. Protagonistei argazkiak ateratzeaz gain, parte hartzaile guztiak elkarrizketatu zituzten, haiek hobeto ezagutzeko. Argazkiek eta elkarrizketek osatu zuten erakusketa.

Behin batean bidea egiten ari den seinale da Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik Garapen Agentziak antolatzen duten Irun Ekintzan lehiaketaren finalean daudela. Tokiko enpresa ekimenei aitortza egiten diete sari horiekin, ekoizpen prozesuetan neurri berritzaileak aplikatzeko egiten den ahalegina kontuan hartuta, batez ere. Kultura berritzailea sustatzea eta enpresen ehuna modernizatzea ere bada sariketaren helburua, ekonomiaren hainbat esparrutan berritasuna bultzatuz.

'BEHIN BATEAN...' ERAKUSKETA

Irun Ekintzan lehiaketan Irunen errotuta dauden enpresek parte har dezaketela azaldu du Martinezek. Proiektuak lau mailatan banatzen dituzte, eta haiena ideia berritzaile onenaren mailan dagoela gaineratu du. Kategoria horretan 30 proiektu aurkeztu zituzten denera, eta finalerako hiru hautatu ditu epaimahaiak, tartean eurena. 2.000 euroko saria jasoko du epaimahaikideen ustez egitasmo onena denak. Martxoaren 22an egingo dute saria banatzeko ekitaldia, Irungo Ficoba erakustazokan, 18:30ean.

Gutxietsita dauden ustea

Hiru ikasleen artean martxan jarritako proiektuaren oinarrian, adinekoen artean arazo bat antzeman zutela esplikatu du Ramirezek: “Belaunaldi horrek bizitza osoa igaro du lanean, eta erretiro garaia heltzen zaienean gutxietsita bezala sentitzen direla ikusi genuen haiekin hitz egiten hasitakoan. Hori dela eta, omenaldi moduko bat egin nahi izan diegu, erakusketa bidez haien bizitzak kontatuz”. Hirurek gustuko dute argazkilaritza. “Eta proiektu bakarrean dena lotzea erabaki genuen”.

Zaharrei ahotsa emateko beste arrazoi bat “belaunaldien arteko harremanak sendotzea” izan dela baietsi du Eliasek, eta jakinarazi du proiektuan parte hartu duten adineko guztiek “begi onez eta ilusio handiz” hartu zutela euren egitasmoa: “Adinekoei asko gustatu zaie gaur egungo gazteek haiei begirako proiektu bat abian jarri izana. Iaz Ormaiztegin egindako erakusketa bukatu zenean, erakusketan ageri zen adineko bakoitzari bere koadroa eman genion, etxera eraman zezan, eta asko eskertu zuten guztiek”.

Belaunaldien arteko harremanak sortzeaz gain, Ramirezek adierazi du “garai bateko bizitza nolakoa zen ikusteko aukera” ere eman duela euren erakusketak: “Herri bakoitzeko bizitza hori nola aldatu den ikusi dugu erakusketari esker. Komunitate moduko bat ere sortu dugu, eta uste dut pertsona horiek ezagutzea eta aldarrikatzea lortu dugula”.

Zabaltzeko asmoa

Lehen erakusketa “oso ondo” atera zela zehaztu dute protagonistek, baina Ormaiztegikoa lehena eta azkena ez izatea nahi dute; proiektua Gipuzkoako beste hainbat herritara zabaltzea dute xede hiru sortzaileek. “Egitura bereko erakusketak osatu nahi ditugu beste herri batzuetan ere, herri horietako historia ere kontatu ahal izateko. Gure zerbitzua eskainiko dugu hori posible izan dadin”.

Behin batean proiektuak, baina, bidea egina du Gipuzkoatik kanpo, Elias eta Martinez Costa Rican izan baitziren hilabetez, joan den urtarrilaren 17tik otsailaren 22ra. Helburu ezberdinarekin bideratu zuten proiektu hura, baina han ere gauzatu zuten, hango egoerara egokituta.

Costa Rican ere formatu bereko argazki erakusketa bat ondu zutela nabarmendu dute bi protagonistek, baina, kasu hartan, adinekoak oinarri hartu beharrean, enpresa batean jorratu zuten euren egitekoa. “Pentsatzen aritu ginen nola eraman genezakeen Behin batean Costa Ricara, eta orduan ikusi genuen enpresa batean gauza zitekeela ekimena, langileen artean adineko horiek hobeto ezagutzeko”.

Costa Ricako enpresek normalean “hierarkian oinarritutako funtzionamendua” izaten dutela esan du Eliasek. “Langileen artean ez dute izaten harreman handirik”. Horregatik jarri zuten erakusketa, “langile guztien istorioak ezagutzeko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.