M. Garate
Astelehenean zen hastekoa Orioko San Nikolas kofradian saregile lanbidea ikasteko ikastaroa, baina Orbaiz Aretxabaleta Hazi fundazioko Itsas Prestakuntzaren koordinatzaileak azaldu du atzeratu egin dutela, taldea ez denez iritsi gutxieneko kopurura. Tresneria eta aparailuak egitea eta mantentzea izena du ikastaroak, eta parte hartzeko interesa dutenek Lanbideren webgunearen bidez eman behar dute izena, ikastaroa egiteko konpromisoari eusten baitiote antolatzaileek. “Saregileak erretiroa hartzen ari dira, eta epe motzean ez dago erreleborik. Gure asmoa da prestakuntza ematea, gero horretan lan egin ahal izateko ikastaroa egiten dutenek”.
Bigarren mailako ziurtagiri profesional bat ematen zaie ikastaroa egiten dutenei, eta ziurtagiri hori beharrezkoa izaten da Gizarte Segurantzako itsas erregimenean izena eman ahal izateko. Guztira, 330 orduko ikastaroa izango da, presentziala: 290 ordu alde teorikoa izango dira; horrez gain, beste berrogei ordu egin beharko dituzte ikasleek sareak egiten dituzten enpresetan, praktika moduan. “Teoria esaten dugunean ere kakotx artean da; izan ere, ziurtagiri profesionalak oso praktikoak izaten dira, lan mundura bideratutakoak”.
Prestakuntza zabala
Aretxabaletak azaldu duenez, arrantza aparailuei lotutako hainbat alderdi jorratzen dituzte ikastaroan: sareak nola egiten diren, nola josten diren, zer material erabiltzen diren, planoak nola interpretatzen diren, mozketak nondik egin behar diren, nondik lotu behar diren… Konponketen alderdia ez ezik, mantentze lana ere lantzen dute: sareak nola zaindu ondo egon daitezen, nola garbitu behar diren, erabilerari lotutako bestelako kontuak… “Hemen zer arte mota erabiltzen diren gehien ere ikasten dugu; gai guztiak ukitzen saiatzen gara”.
Ikastaroan parte hartu ahal izateko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua eskatzen zaie partaideei, edo DBHrik ez zegoenean ikasi zutenei, haren baliokidea. Halako ikasketarik ez dutenek gaitasun azterketa bat gainditu behar izaten dute parte hartzeko. Saregileek bezala, Aretxabaletak ere ikastaroan parte hartzera animatu du jendea. “Lanbide ezberdin bat da saregileena, eta badu bere xarma: eskuekin lan egiten da, artisau eran…”. Gehienez ere, hamabost pertsonarentzat dago tokia ikastaroan. Gaztelaniaz izango da.
Leave a Reply