Miren Garate
Hamar urte dira Gipuzkoan Urretxindorra egitasmoa martxan jarri zela, baina Debagoienera orain iritsiko da. Aretxabaletako Gu Haziak Gara elkarteak koordinatuko du, eta Aretxabaletan eta Arrasaten ekingo diote proiektu pilotu bati. Joana Manzisidor (Arrasate, 1982) elkarteko kideak azaldu duenez, herrira iritsi berri diren 10-14 urte bitarteko gazteak eta goi mailako eta unibertsitateko ikasketak egiten ari diren gazteak elkartzen ditu programak, astean arratsalde bat elkarrekin igaro dezaten.
Sos Arrazakeriak duela hamar urte jarri zuen martxan Urretxindorra egitasmoa Gipuzkoan, Donostialdean. Debagoienean, Gu Haziak Gara elkarteak koordinatuko du. Zer lantzen du programak?
Mentoretza programa bat da, eta elkartzen ditu etorri berri diren 10-14 urte bitarteko gazteak eta goi mailako ikasketak dituzten edo unibertsitatean ikasten duten gazteak. Normalean, etorri berri direnak hizkuntza arazoengatik, ez dutelako erreferentziazko pertsona nagusirik edo harremanak egitea kostatu egiten zaielako sartzen dira programan. Bikoteka jartzen dira ikasle nagusiago batekin, zaletasunak kontuan hartuta, eta astean arratsalde bat pasatzen dute elkarrekin.
Aisialdiari lotutako programa bat da edo etxeko lanetan eta halakoetan ere laguntzen diete goi mailako eta unibertsitateko ikasleek iritsi berri diren ikasleei?
Aisialdia elkarrekin igarotzea da helburua. Lagunartea zabaldu nahi zaie etorri berri direnei. Dena den, programak beste herri batzuetan izandako emaitzek erakusten dute, aisialdiari esker, beste arlo batzuetan ere izaten direla hobekuntzak: akademikoki hobeto moldatzen dira ikasle horiek, harremanetan ere hobekuntzak izaten dituzte, hizkuntzan ere erraztasuna hartzen dute…
Zer-nolako jarduerak egin ohi dituzte gazteek elkartzen direnean?
Adibidez, Donostian, Sos Arrazakeriak hitzarmenak ditu Txuri Urdinekin, Aquariumekin eta abar, programan parte hartzen ari diren gazteak debalde sartu ahal izateko. Guk ere asmo hori dugu Debagoienean.
Debagoieneko eskualde osora zabalduko duzue egitasmoa?
Berez, hori da asmoa. Ikasturtea amaitzeko denbora gutxi falta denez, proiektu pilotu batekin hasiko gara orain. Gure elkartea [Gu Haziak Gara] Aretxabaletan dago, eta Aretxabaletan eta Arrasaten hasiko gara.
Nola jartzen zarete harremanetan programan interesa izan dezaketen gazteekin eta boluntario lanak egiteko anima daitezkeenekin?
Aretxabaletako Kurtzebarri eskolarekin jarri ginen harremanetan, eta ikasketaburuak segituan identifikatu zuen interesa izan zezakeen bikote bat. Hirugarren bat programan sartu da dagoeneko, eta besteen familiekin ere ari gara hitz egiten. Orain, mentoreen bila ari gara. Unibertsitatean eman dugu programaren berri, eta kirol elkarteetan eta beste elkarte batzuetan ere bai. Gustatu zaie proiektua.
Gu Haziak Gara elkartean ba al duzue haurrentzako edo gazteentzako beste proiekturik?
Errefortzu eskolak ere ematen ditugu, Agintzari kooperatibaren Aukerak suspertzen izeneko programaren bidez. Ekonomikoki eskola partikularrak hartzeko aukerarik ez dutenentzat izaten dira. Programa horretan, laguntza akademikoa emateaz gain, psikomotrizitatea lantzeko aukera ere eskaintzen diegu LH2tik LH5era arteko ikasleei.
Gizarteratzearen eta laneratzearen alde lan egitea da zuen elkartearen helburua. Bestelakoan, zer proiektu dituzue esku artean?
Josteko makinak ditugunez eta joskintzaren munduan asko mugitzen garenez, joskintza tailerrak ematen ditugu hasiberrientzat, konponketak egiten ikasteko, kakorratz lanak ikasteko, eta abar. Ikastaroetan parte hartzeko aukera denek izan dezaten nahi izaten dugu, eta, horregatik, diruz edo borondatez lan egiteko orduekin ordaintzeko aukera ematen dugu, benetan ekonomikoki iristen ez dena ere etorri ahal izateko. Horrez gain, saiatzen gara joskintza klaseak jasotzen dituzten pertsonak, aurrerago, beraiek irakasle izaten. Joskintzari lotuta, Egokitu proiektua ere jarri dugu martxan.
Zer egiten duzue proiektu horretan?
Mugikortasun urria duen jendearentzako arropa moldatzen dugu; esate baterako, errazago jantzi eta erantzi ahal izateko, botoiak kentzen dizkiegu arropei eta imanak jartzen, edo aurretik zabaldu beharrean, beste lekuren batetik zabaltzeko moduan jartzen ditugu. Hasi berriak gara, eta proiektua zabaltzen ari gara.
Leave a Reply