June Romatet Ibarguren
Erditu, erdibitu, bitan banatu, banandu… Badago benetako erditzerik? Nola garatzen da zeure burua sostengatzeko gaitasuna? Eta beste bat sostengatzekoa? Nola jakiten da ama izan nahi duzun edo ez? Galdera horietan eta antzeko beste askotan murgildu dira Sehaska-kanta gorriari antzezlanean. Ama-alaba harremanak, ahizpen artekoak, norbere buruaren barnean gertatzen diren bidaiak… antzeztuko dituzte, besteak beste, Irene Balzategi Arkauzek eta Amaia Castañeda Urrestarazuk, Arta kolektiboko kideek. Bihar taularatuko dute lana, 19:00etan, Oñatiko Santa Ana antzokian.
Iaz jarri zuten martxan proiektua, eta hainbat etapa izan ditu urtebete honetan. Antzerki moduan aurkeztuko dute lana, baina Irene Balzategi aktore eta sortzaileak esan du ez dela antzerki lan soil bat. “Luzea eta berezia izan da prozesua. Guk argi genuen ezin ginela gelditu lana oholtzara eramate horretan bakarrik; horregatik prestatu genituen proiektua hastean irakurle taldeak, hitzaldiak eta abar”.
Balzategi eta Castañeda iazko ekainean hasi ziren lanean, eta irakurle tailer bat antolatzea izan zen lehen pausoa. Alaine Agirre idazlearen Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama liburua dauka oinarrian Sehaska-kanta gorriari antzezlanak, eta, beraz, liburu hori irakurri eta aztertu zuten irakurle tailerretan. “Guk lehenago irakurria genuen liburu hori, eta izugarri gustatu zitzaigun. Horregatik sentitu genuen prozesu hau gauzatzeko beharra”, azaldu du Balzategik. Adin desberdineko emakumeentzako prestatu zituzten irakurle tailerrak.
Behin tailerrak eginda, antzerkia prestatzen hasi ziren, nahiz eta Agirre liburuaren egileak hasieran ez zuen ondo ulertzen nola molda zitekeen bere lana antzerki obra batera. “Liburutik ulertzen genuena eta kontatu nahi genuena hartzeko esan zigun Alainek, lasai sortzeko obra eta gure bihurtzeko”, esan du Balzategik. Hala egin dute, eta sortze prozesuan idazlearekin hitz egin dutela aitortu arren, aktoreak azaldu du hark oraindik ez duela ikusi antzezlana. Alaine Agirrek ere, beraz, bihar ikusiko du lehen aldiz.
Prozesu luzean, obrarako gidoia prestatu zuten lehenik, entseguak egin zituzten gero, eta argi diseinu eta iruditegi oso bat ere prestatu zuten azkenik. Obra prestatzen ari zirela, Agirrerekin berarekin hitzaldi bat ere eman zuten iaz, emakumeei bideratuta, eta Balzategik kontatu du herritar asko agertu zirela eta aberasgarria izan zela: “29 urte ditut nik, eta ez naiz ama. Agian, badira berdin ulertzen ez ditudan gauza batzuk, eta, horregatik, beharrezkoa izan zen hitzaldia, entzuleek ere beren iritzia eman zutelako eta asko ikasi genuelako”.
Prozesua, “aberasten”
Bi oinarri nagusi izan ditu prozesuak: herriarekin egin dute bidea eta emakumez soilik osatutako taldea izan da. “Hasieratik argi genuen proiektua herrira eraman nahi genuela, eta horregatik egin genituen tailerrak eta hitzaldia”, dio Balzategik. Beharrezko ikusten zuten herritarrek obra baten prozesua barrutik ezagutzea, aktorearen ustez “gutxi” ezagutzen baita antzezlan bakoitzaren atzean dagoen lana. Bidean jendea sartzeak, gainera, prozesua “aberastu” egin duela uste du Balzategik.
Emakumez bakarrik osatutako lantaldea “ezinbestean” behar zuen proiektuak. “Arta kolektiboarena da proiektua, eta zaintzatik, artatzetik dator arta hitza”, esan du Balzategik. Kontatu du aktore lanetan emakumeek beren tokia badute ere, alor teknikoan zaila izaten dela emakume asko topatzea. “Horregatik, tokia egin nahi izan diegu guk”. Oholtzan izango dira Balzategi eta Castañeda Arta kolektiboko hiru kideetako bi, eta zuzendari lanetan aritu da hirugarrena, Gentzane Martinez de Cestafe. Alor teknikoan, berriz, Itziar Bastarrikak egin ditu argazkiak eta bideoak, Jaione Azkonaren esku egon da argi diseinua, eta Maddi Gerriko eta Eli Baraza Muare taldeko kideak arduratu dira soinu diseinuaz.
“Emakumez inguratu gara, eta ederra, erosoa eta aberasgarria izan da prozesua”, aitortu du Balzategik. Estreinaldiaren atarian, “urduri” daude aktoreak, baina “gogotsu” daude herritarrek eurak partaide izan diren antzezlana ikusi ahal izateko.
Behin obra jendaurrean eskainita, bidea egiten jarraituko dute Arta kolektiboko kideek. Datorren astean tailer gehiago egingo dituzte, besteak beste; Debagoieneko eskola batzuetan izango dira sortzaileak. “Gidoi baten atal batzuk banatu dizkiegu eta irakurtzeko eskatu diegu. Gu eurengana joaten garenean, obraren gaiak landuko ditugu gazteekin”. Beharrezko ikusten dute gaiari oihartzuna ematea, eta horregatik hasiko dira gazteekin lanean.
Leave a Reply