Unai Zubeldia
Ingurumenaren dibulgazioa, natur ondarea ezagutzeko eta hura errespetatzeko saiakera, naturaren zaintza lana… Ideia horiek dauzka oinarrian Gnat Zinema egitasmoak, Gipuzkoako natura eta ingurumeneko zinema erakustaldiak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen departamenduak sustatutako jarduera da. Atzo eman zuten lehen filma, Con la fuerza del viento (Haizearen indarrarekin), Donostiako Principal antzokian, eta beste bederatzi proiekzio izango dira gaurtik ostegunera bitartean. Gaztelaniaz, ingelesez, alemanez, frantsesez eta katalanez proiektatuko dituzte filmak, eta azpidatziak izango dituzte guztiek —bi saiotan izango dira euskarazko azpidatziak: Ordizian eta Oñatin—. Ez da sarrerarik ordaindu beharko, baina gonbidapenak jaso beharko dira.
Donostiaz gain, Eibar, Mutriku, Ordizia, Azpeitia, Zumarraga, Oñati, Errenteria eta Tolosara ere iritsiko da aurten Gnat Zinema —Mutriku eta Ordizia lehen aldiz sartu dira zirkuituan—. “Kasu batzuetan, herriek eurek egiten dute eskaera, gu ere joaten gara herri edo areto jakin batzuetara…”, esan du Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatuak. “Baina interesa duten guztientzat zabalik dauzkagu ateak, noski”.
Tolosan sortutakoa
Tolosan dauka sorburua Gnat Zinema egitasmoak. “Duela 25 bat urte sortu zuten Tolosa Naturalia, ingurumen gaien dibulgazioa egiteko”, adierazi du Asensiok. 2016an aldundiak bere egin zuen egitasmoa, eta Gipuzkoa Naturalia sortu zuen urte hartan bertan, abenduan, “egitasmoa Gipuzkoa osora zabaltzeko helburuarekin”. Eraldaketa horren azken pausoa da Gnat Zinema jarduera; duela bi urte sortu zuten, 2021ean. “Ikus-entzunezkoak lantzen hasi ginen Gipuzkoa Naturalian, pantailei oso lotuta dagoelako gure gizartea, eta hortik sortu zen ideia”.
Asensiok azaldu du hainbat film eta dokumental euskaratu zituztela hasieran, “eskoletan-eta landu ahal izateko”. Pausoak ematen hasita, Gnat Zinemak hasieratik “oso harrera ona” izan zuela azpimarratu du Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako foru diputatuak. “Horren erakusgarri da urtez urte ugaritzen ari direla herriak. Pixkanaka-pixkanaka egoitzak berritzen eta aldatzen joatea da asmoa”. Aurreko bi urteetan 3.000 ikusle inguru izan ziren denera.
Goizetan, eskoletan
Natur kontuekin zerikusia daukaten filmek osatzen dute Gnat Zinema —filmak proiektatzeaz gain, zuzendariarekin edo parte hartzaileren batekin solasaldia izango da saio bakoitzaren amaieran—. “Baina, egitasmoaren egoitza diren herri batzuetan, goizetan, lanketa berezi bat egingo dugu hainbat eskolatako haurrekin —oraindik erabat lotu gabe dauzkate herriak—. DBH 1. eta DBH 2. mailetako ikasleek Arturo Minorrek zuzendutako Barbacana: otsoaren aztarna filma landuko dute”. Alde horretatik, Asensiok azpimarratu du ikus-entzunezkoa “tresna bikaina” dela gazteenen interesa erakartzeko. “Gazteei planeta zaintzen irakastea etorkizunean inbertitzea da”, esan du.
Goizetako saio horiez gain, apirilaren 1ean, 17:00etan, Entre montañas (Mendien artean) filma proiektatuko dute Donostiako Tabakaleran, 12 eta 15 urte artekoentzat. Unai Canela zuzendari katalanaren film bat da, eta pandemia garaian Pirinioetako herri txiki batean konfinatutako nerabe baten istorioa kontatzen du. Kutxa Ekogunearen Bihotz Berdeak programarekin lankidetzan landu dute egitasmo hori.
Asensiok herritarrei dei egin die filmak ikustera joateko. “Natura eta ingurua ikusteko, entzuteko, sentitzeko… modu polita da”.
Leave a Reply