Una katillukada de salda como halako“. Gure etxean esaldi famatua, amamak kontatzen zuen anekdota batekoa delako. Bere amak, gure birramamak, Bilboko taberna baten jardun zuen lanean. Bertara inguruko herrietako jende asko joaten omen zen, euskaldun peto-petoak gehienak, ia elebakarrak, baina demostratu behar gaztelaniaz ere bazekitela, nor bazirela, ez zirela abarkadun inorante aldeanoak, casheroak. Horretarako erdaraz egiten ahalegintzen ziren. Ekinaldi bateko emaitza da “Una katillukada de salda como halako“, ezjakintasuna erakutsi nahi ez, eta ezjakin moduan azaldu. Harro egingo zuten gaztelaniaz batere ez zekitenen aurrean, gainera. Zenbat sufrimendu ezkutu istorio horretan, zenbat mespretxu eta gutxiespen. Kolonialismo linguistikoaren morrontza eta autogorrotoaren hasierako faseetako bat: garena mozorrotzea ukatzeko.
Eta horrela segitzen dugu ehun urte geroago. Ez dut uste “Una katillukada de salda como halako” inork horrela esango duenik, baina ziur nago “Una taza de salda como hori” erraz entzun genezakeena txokorik euskaldunenetan ere. Behintzat, inguruko nerabeek gero eta gehiago hitz egiten didate horrela. Duela pare bat urte halakorik ez zuten egiten, eta orain bai. Galdu ote dute gaitasun linguistikoa? Ala guaiagoa da (edo coolagoa, ez dakit zein dagoen modan) gaztelania tartekatzea elkarrizketan? Baliteke. Erdarak gero eta espazio handiagoa hartzen du euren bizitzetan, eta euskaraz egitea umeen (edo txakurren) kontua da. Ez dira umeak eta errefortzatu behar dute euren hazte-prozesua, beste errebeldia modu bat izan liteke, ez dakit.
Baina ez diegu honetan ere errua adoleszenteei edo gazteei egotziko. Fenomeno honek urte dezente dauzka. Inguruan halako batzuk baditut, eta aspaldian laga zuten bizitzako sasoi hori. Askok ezin dute elkarrizketa normaltxo bat euskara hutsean egin, eta esango nuke batzuen kasuan gaitasun linguistikoa falta zaiela. Bai, zeren noiz pasatzen dira gaztelaniara? Umorea duen esaldian, gag bat egin behar dutenean, txistea botatzean. Orduan gaztelaniak funtziona. Esaldia konplikatzen denean ere, hegoaldeko erdarara jotzen dute. Adibidez, menpeko esaldietan, subordinatuetan. Euskaltegiko ikasleak dirudite, asmatu ezinik nola atondu esan behar dutena. Orain arte ez bazarete konturatu, adi entzun eta hurrengoan kontatuko didazue. Edo ez, baina idatzitakoaz gogoratuko zarete. Seguru nago nirekin bat egingo duzuela.
Bai, guk ere badugu birramamaren bezeroaren sindromea, mendeetako kolonialismo linguistikoaren morrontzatik ez delako hain erraza askatzea. Menpeko izateak arrastoak uzten ditu, eta euskaldunon gorputz eta buru linguistikoa guztiz sendatzea ez da samurra; ahaldundu arren oraindik ere botika edota sendabelar ugari behar dugu. Argi dago, baina, batzuek menpean nahi gaituztela, euskarari ofizialtasuna ukatuta, azterketak gure hizkuntzan egin ezinda, edo hizkuntza eskakizunen kontra jota epaitegietan. Sinetsarazi nahi digute gu garela erdal elebakarrak menpeko bihurtu nahi ditugunak, gurea inposatzen dugunak, gurea kapritxo hutsa balitz bezala.
Indar horiek guztiek gustura entzungo lukete orain ere “Una katillukada de salda como halako” gure ahotik, hala ikusten gaituztelako, ezjakin cashero/aldeanoak, mainati apetatsuak bihurtuta.
Katilukada bat salda? Ez, upel bete makila-salda.
Leave a Reply