U. Zubeldia
Ez da gehien jokatzen duen jokalaria —partidako hamasei minutu; sei jokalari dauzka aurretik—, ezta puntu gehien saskiratzen duena ere —5,6 partidako; lau jokalari dauzka aurretik—, baina Iraurgiren zutabeetako bat da Ibon Guridi (Azpeitia, 1992). Kapitain rolean, aurreko denboraldiko balentria berdindu nahiko luke igandean, Gipuzkoa Basket mendean hartuta. Sailkapeneko zuloan egonda ere, natural bizi du egoera. “Egon beharko genukeen baino bi maila gorago gaude”.
Iraurgi-Gipuzkoa Basket. Nola iritsi zarete derbira?
Asko daukagu jokoan. Mailari eusteko borrokan, guretzat aukera bat da liga amaitu arteko partida bakoitza. Etxean hiru partida jarraian irabazita geunden, baina azkena galdu egin genuen [Alacanten aurka, 68-70], eta etxeko sentsazio onak berreskuratzeko gogoz gaude.
Hiru porrot daramatzazue jarraian, eta bi garaipenera daukazue mailari eusteko helburua. Hamar partida falta dira, baina zailtzen ari da egoera…
Guretzat inoiz ez da izan erraza. Aurreko denboraldian, bi jardunaldi falta zirela irten ginen jaitsieratik, eta mailari eusteko helburua bi garaipenera geneukan bost partida falta zirenean.
Iraurgirentzat zer da Espainiako Urrezko LEB ligan aritzea?
Egon beharko genukeen baino bi maila gorago gaude. Sari bat da: gauzak ondo egin ditugun seinale.
Porrota litzateke jaistea?
Porrota, ez, baina mailari eusteko ilusioa daukagu. Igoera bakoitza garaipen izugarria da, eta igoera adinako balentria edo are handiagoa izan zen aurreko denboraldian mailari eustea. Bukaeraraino borrokan ibili nahi dugu, jokoan ezer ez daukagun partidarik egon ez dadin. Urte mordoa igaro ditugu beste maila batzuetan, eta Zilarrezko LEB ligan ere ez gauden urteak iritsiko dira.
Ligako lehen itzuliko partidan, Donostian, 85-76 nagusitu zen Gipuzkoa Basket, baina, gorabehera askoko lehian, eskura izan zenuten garaipena.
Inondik inora ez da gauza bera etxean edo kanpoan jokatzea, baina egia da parez pare begiratu geniela Donostian, eta partida amaitzeko bi minutu falta zirela puntu bat goitik jarri ginela markagailuan. Boladaka aritu ginen bi taldeak; jaurtitzaileen eguna izan zen. Baina gure taldea asko aldatu da ordutik; gora egin dugu, etxean batez ere. Indartsu kantxaratuko gara. Aurreko denboraldiko oroitzapen onak dauzkagu [75-66 irabazi zuen Iraurgik], eta ea partida antzera amaitzen den.
Igandean zenbateko pisua izan dezakete zaleek?
Erabatekoa. Guretzat oso garrantzitsua da zaleak ondoan izatea, harmailak bero-bero egotea. Jarraian bizpahiru jokaldi on egin, eta izugarri bultzatzen dute.
2012-2013ko denboraldian, Gipuzkoa Basketen egituran izan zinen, besteak beste Xabi Oroz ondoan zenuela. Zer ikusi eta ikasi zenuen orduan?
Denboraldiaurrea egin nuen Gipuzkoa Basketekin. ACB ligan zeuden, eta oso talde lehiakorra zeukaten: Raulzinho Neto, ondoren NBAra joan zena; Jimmy Baron jaurtitzailea; David Doblas oso bolada onean; Javi Salgado ere bertan zegoen… Hiru azpeitiar-azkoitiar elkarrekin joan ginen [Oroz, Aitor Zubizarreta eta hirurak], eta oso esperientzia ona izan zen niretzat. Talde profesional baten dinamika nolakoa zen ikusi nuen. 19 urterekin joan nintzen, eta shock handia izan zen amateur mailako talde batetik talde profesional batera igarotzea.
Orozek eta Zubizarretak Donostian jarraitzen dute. Orozi dagokionez, nolako jokalaria da?
Oso azkarra da: bere baliabideak oso ondo erabiltzen daki. Defentsarako izugarrizko fisikoa dauka: oso beso luzeak dauzka, baloi guztietara iristen da, baloi bakar bat ere ez du ematen galdutzat, asko transmititzen du… Lesio triste bat izan zuen [eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi zituen 2021eko apirilean], baina oso ondo indarberritu da, eta oso sasoi onean dago. Postu askotan joka dezake, gainera. Hori bai, igandean dosifikatzeko eskatuko nioke, denboraldia luzea baita oraindik, eta igoerako kanporaketak izango baitituzte ziurrenik.
Nolako partida ari zarete prestatzen iganderako?
Hasieratik intentsitate handiz jokatzea izango da gakoa. Defentsan indartsu arituz gero, partidan sartuta egongo gara bukaerara arte. Taldearen energia izango da gakoa, etxeko partidetako izaera indartsu hori, eta defentsako lana, talentu handiko taldea baita Gipuzkoa Basket: [Justin Kyle] Jaworski, [Adam Michael] Sollazzo… Euren talentuak eta jokatzeko moduak errespetu pixka bat sortzen digu, baina baita jokatzeko motibazioa ere.
31 urte bete berritan, nola begiratzen diozu etorkizunari?
Urtez urte aztertzen ari naiz egoera; ez dut eduki nahi ekarpenik egiten ez dudan sentsaziorik. Niri gustatu egiten zait hau: nire zaletasun nagusia da, eta, ekarpena egiten dudan bitartean, jokatzen jarraitu nahiko nuke. Eguna iristen denean, lasai asko eta batere ardurarik gabe esango dut horraino iritsi naizela.
Leave a Reply