Zaharren etxeetan astea zailduko dute hiru grebak

Gipuzkoako zahar etxeetan datorren asteazken, ostegun eta ostiralean greba egiteko deialdiari eutsi egin diote ELA eta LAB sindikatuek. Zaharrentzako egoitzetan eta eguneko zentroetan lanean ari diren profesionalentzako lan hitzarmenaren aldeko protestan ari dira langileak, baina, diotenez, patronalak negoziatzeko inolako borondaterik ez du. Asteazkenean agerraldia egin zuten LABeko ordezkariek; patronala “harropuzkeriaz” jokatzen ari dela azaldu zuten, eta enpresaburuen “aberasteko irrika” besterik ez duela defendatzen. Patronalak jarrera aldatu ezean mobilizazioak ugaritu egingo dituztela esan dute sindikatuek. “Ez gara besoak gurutzaturik geratuko”.

Hainbat bilera egin dituzte langileen ordezkariek eta patronalak. Urrian hasi ziren, eta azkena otsailaren 12an egin zuten. Akordiorik gabe amaitu zen. Sindikatuek jarrera “neoliberal” itxia leporatu zieten enpresaburuei; patronalaren izenean, Adegik eta Laresek, “lan arloko kontraerreforma” egitea egotzi zieten langileen ordezkariei. Ordurako egina zuten ELAk eta LABek grebarako deia, eta akordioa lortzeko zailtasunen harira, protestarako deia berretsi zuten. ELAren eta LABen arabera, langile askok bat egingo dute deialdiarekin.

Foru aldundia

Gotortuta daude, beraz, bi aldeak. Eztabaidaren erdian, Gipuzkoako Foru Aldundia dago. Bi aldeen arteko negoziazioek aurre egiten ez zutela ikusita, proposamen bat egin zuen: prest dago datozen bi urteetan 8,2 milioi euro emateko horiekin langileen lan baldintzak hobetzeko. Patronaleko ordezkariek, ordea, ez dute ontzat jo proposamen hori; orain arteko lan baldintzak bere horretan mantentzearen alde daudela diote, eta aparteko diru gehigarririk balego, hori lanpostu berriak sortzeko erabili beharko litzatekeela argudiatu dute. Sindikatuek, ordea, ontzat dute aldundiaren postura. “Hori da jarraitu beharreko bidea”, oroitu dute aste honetan egindako agerraldian LABeko ordezkariek. Patronalak “lan baldintza eskasak” bere horretan uztea beste nahirik ez duela diote.