Iluntasunik gabeko oholtza

Ana Domingok 82 urte ditu, eta neska gaztea zenean, Salamancako unibertsitatean hasi zen aktore. “Lorcaren obra bat egin genuen”. Beti izan du zaletasun antzerkia, eta, orain, Oroimenak antzerki taldean dihardu. Ados kultur elkartearen barruan eratutako talde bat da, ONCE itsuei laguntzeko erakundearen Gipuzkoako adarraren abaroan antolatutakoa. Izan ere, Domingo itsua da, eta antzerki taldean ikusmen arazoak dituzten hainbat pertsona ditu taldekide; baita era horretako eragozpenik ez duten aktoreak ere. Elkar laguntzen dute, eta oholtzan, batera eta bestera keinuka dabiltzanean, ez da erraza aktore itsuak zein diren bereiztea; oholtzatik kanpo agertzen da iluntasuna. Datorren asteartean, 19:00etan, beren azken lana taularatuko dute Donostian, Imanol Larzabal aretoan: Clochemerle. XX. mende hasieran Frantziako herritxo batean izaniko gatazka baten inguruan harilkatuta dago antzezlanaren trama.

Domingok argi du: “Niri bizitza ematen dit honek. Marisa Elizondok ere, 80 urterekin, onurak besterik ez dio ikusten: “Ni oso lotsatia izan naiz, eta hemen, ez du ematen”. 65 urte ditu Begoña Manterolak, eta txakur bat izaten du lagun iluntasuna gainditzen laguntzeko. Oholtzan, hura gabe moldatzen da, dotore. “Burua martxan izateko primerako modua da hau”, nabarmendu du. Izan ere, aktore itsu askok zailtasunak izaten dituzte testuak buruz ikasteko. Maria Jesus Etxebestek, esaterako, 67 urte ditu. Aparteko grazia du oholtza gainean, baina lan izugarria dago agerraldi horien atzean. Testuak ikasteko, esaterako, modu bitxia du, laneko ordu asko eskatzen dituena. “Testu guztia grabatu egiten digute, eta hura entzuten ikasten dut”. Begiekin ezin, eta entzumenarekin ikasten du.

Jose Mari Martinek 62 urte ditu. Urte asko egin zituen errepidean lanean; kamioian aurrena, anbulantzian aurrerago. Ez zuen inoiz aktore ariko zenik irudikatu ere egin. Orain, ordea, ikusmena urrituta, horixe du bizipoza. “Oporretan, etortzen ez naizenetan, egundoko pena izaten dut”.

Urte asko daramate elkarrekin, eta lagunarte sendoa dira. Triste daude orain: “Bi kide gaixotu zaizkigu, Benito eta Armando”. Kide gazteena Ana Blanco da, 31 urtekoa. Ikusmen arazoak izateaz gain, medikuek diote adimen urritasuna duela. Urritasun horren zentzua askotan jartzen du auzitan; oholtzan agertzen den guztietan. “Izugarria da”.

Sarri zur eta lur geratzen dena Josema Langara da, 57 urtekoa: taldeko zuzendaria. Antzerki tailerrak eskaintzen ditu, eta 1990eko hamarkadan hasi zen ONCErekin lanean. Adineko jendearekin hasi zen aurrena, haien bizipenak biltzen. “Hortik taldearen izena: Oroimenak”. Apurka, inprobisazioak lantzen hasi ziren, eta, orain hamar urte, inguru antzerki taldeari egun duen forma eman zioten. “Maribel y la extraña familia obrarekin hasi ginen”. Talde arrunt bat izan nahi dutela dio: “Inoiz ez dugu aurkezten geure burua itsuen antzerki talde bat garela esanez. Ez dugu ukatzen, baina ez dugu nabarmentzen; oso normalak gara”. Zorrotza da aktoreekin; ikusten dutenekin, ikusten ez dutenekin, eta gutxi ikusten dutenekin. Baita publikoarekin ere: “Ez dugu nahi inoren errukirik. Lizentziarik txikiena ere ez dugu onartzen”.

Bi ordu lehenago

Ikusmena urritua duten guztiek heldutan edo gaztaroan galdu zuten bista. Horrek lana errazten du: izan ere, ezagutzen dituzte haserretzean, harritzean edo beldurtzean ohikoak diren keinuak. “Gainerakoekin, zailagoa da”.

Taldearentzako antzezlan asko Langarak berak idazten ditu. Saiatzen da bere aktoreen ezaugarri bereziak aintzat hartzen. Eszenografia ere egokitu egiten dute, ikusmen arazoak dituztenak ondo mugi daitezen, ahalik eta erosoen. “Ikuskizuna hasi aurretik, leku bakoitzean, bi ordu egiten ditugu aktoreekin, eszenako altzari eta antzekoak non dauden ikas dezaten”. Hartara, antzezten ari diren bitartean, iluntasunik ez da izaten oholtzan.