Bizikleta elektrikoa, 50 euroren truke

Bizikleta elektrikoa, 50 euroren truke

Asier Zaldua

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak egitasmo pilotu bat jarri du martxan Ezkio-Itsason, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan: bizilagunek euren bizikleta arruntak bizikleta elektriko bilakatu ahal izango dituzte Zumarragako Zatika dendan, 50 euroren truke. Baldintza bakarrak dira herri horietako bateko bizilaguna izatea eta Mugi garraio txartela edukitzea.

Mugikortasun jasangarria sustatzea da helburua, eta proiektuarekin bat egin dute Zumarragako Udalak eta aldundiko Ingurumen Departamentuak. Mugikortasun Departamentuak 34.000 euroko ekarpena egingo du, eta udalak, 15.000 eurokoa. Euren bizikleta elektriko bihurtu nahi duten bizilagunek txanda eskatu beharko dute Zatika dendan. Han, gurpil motorduna eta bateria jarriko dizkiote bizikletari. Bizikleta egoera onean ez badago —gurpilak, galgak…—, erabiltzaileek konponketa ordaindu beharko dute elektriko bihurtu aurretik. Osagarri gisa, aldundiko Ingurumen Departamentuak bizikleta elektrikoen bateriak kargatzeko hiru gune jarriko ditu Zumarragan.

Aurkezpen ekitaldia

Rafaela Romero aldundiko Mugikortasun diputatua, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua eta Mikel Serrano Zumarragako alkatea bertan zirela, martxoaren 21ean aurkeztu zuten proiektua, Zumarragan. Bizikleta elektrikoak garraio jasangarrian duen garrantzia azpimarratu zuten hirurek.

Proiektu pilotuak harrera bikaina izan du lehen hamar egunotan. Lehenengo bi egunetan, 126 lagunek eman zuten izena, eta izena emateko aukera kendu egin zuten berehala. Hurrengo hilabetean, mekanikari bat lanaldi osoz ariko da bizikletak elektriko bihurtzen. Joseba Irizar Zatika dendaren jabeak aitortu du “zoramena” izan dela egunotakoa. “50 euro oso diru gutxi da, eta jende asko etorri da: bizikleta oso zaharrekin, bizikleta askorekin… Nire ustez, bizikletak elektriko bihurtzean aldundiak erdia ordaindu beharko luke, eta bezeroak, beste erdia. Proiektu pilotua da; findu egin behar da”.

ZUMARRAGAKO ZATIKA BIZIKLETA DENDA

Bizikleta egunero erabiltzeko asmoa dutenei bakarrik lagundu beharko litzaiekeela uste du, gainera, Irizarrek. “Motorraren beharra dutenei bakarrik lagundu beharko genieke, eta etorri direnen artean motor elektrikoa oso lagungarri izango dutenak ere badaude”. Egunero bizikletan ibiltzen den Legazpiko adineko gizon baten adibidea jarri du Irizarrek. “Eta baita herriaren goialdean edo herrigunetik aparteko auzoetan bizi direnak edo bizikleta lanera joateko nahi dutenak ere”.

Zatika bizikleta dendan zortzi-bederatzi urte daramatzate bizikleta elektrikoekin lanean. “Hasieratik gauzak asko aldatu dira”, aitortu du Irizarrek. “Hasieran, 250 wattekoak ziren bizikletak; berehala, 400 wattera pasatu ziren; 500 wattekoa iraultza izan zen; eta, gaur egun, 750 wattekoak dira bizikleta onak. Gainera, gaur egun edozein bizikletari motorra jartzeko aukera dugu”. Bateriak ere hobetu egin direla azpimarratu du Zatika dendaren jabeak. “Lehen, gehiago apurtzen ziren. Oraingoak askoz hobeak dira, eta gehiago irauten dute”.

Gaur egun, Europan bizikleta “gero eta gehiago” erabiltzen dela dio Irizarrek. “Hemen, lehen, zikloturismorako eta lehiarako erabiltzen zen bizikleta batez ere, baina gero eta gehiago joaten dira lanera bizikletan”. Herrietan aparkalekuak kendu izanak ere lagundu duela uste du Irizarrek. “Kosta egingo zaigu Europako beste herrialde batzuen mailara iristea, baina pixkanaka aurrera egiten ari gara”.

“Zumarraga inguruan aldapa asko” dagoela gogoratu du Zatika bizikleta dendaren jabeak. “Bidegorrian ez dugu aldaparik, baina Zumarragako goiko auzoetara edo Urretxuko igerilekura joateko… Bizikleta elektrikoari esker, gero eta jende gehiago ibiltzen da bizikletan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.