Julene Frantzesena
Autismoak milaka aurpegi ditu, baina kolore bakarra: urdina. Hain zuzen ere, urdinez koloreztatuko dute Azpeitia igandean. Izan ere, herritarrak autismoaz kontzientziatzeko Urdinduz egitasmoaren aurtengo edizioa Gipuzkoako herri horretan egingo dute. Oinezkoen martxa da Urdinduz-en oinarria, baina, martxa bukatzean, beste hamaika ekitaldi izango dira igandean Azpeitian.
Gautena autismoaren espektroko nahastea duten pertsonen senideen elkarteak eta Marea Urdina aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko elkarteak antolatu dute etziko hitzordua, 2017an adostu zuten moduan. Ordurako egina zuten Azpeitian Gautenaren eguneko zentroa eta etxebizitzak zabaltzeko proiektua, baina horixe, proiektua baino ez zen artean. Bi elkarteek orduan hitzartu zuten zerbitzuok martxan jartzean Azpeitian egingo zutela Urdinduz Eguna. 2021ean zabaldu zuten azpiegitura, eta horrek izan duen harrera “eskertzeko modua” da Urdinduz Eguna Azpeitian egitea, Ibai Zulaika Gautenako komunikazio arduradunaren arabera. “Herrian gero eta presentzia handiagoa dugu, eta hori izan da Azpeitia aukeratzeko arrazoi nagusia. Marea Urdinak ere eragin du, ordea; ideia bikaina iruditu zitzaigun elkarte horrekin elkarlanean aritzea”.
Zulaikaren arabera, “festa eta aldarrikapen eguna” izango da igandekoa. Izan ere, autismoarekin bizitzeak “zailtasunak” badituela onartu du Gautenako kideak. “Autismoa duten pertsonei eta haien familiei ahotsa eman nahi diegu, horiek laguntza behar baitute beren bizi kalitatea ahalik eta onena izan dadin”. Haritz Orbegozo Marea Urdinako kideak ere ildo beretik hitz egin du prestatzen aritu diren autismoa duten pertsonen aldeko sentsibilizazio egunaz: “Ikusten ez dena ez da existitzen, eta, ikusten ez den hori aparte lagatzeko joera izaten dugunez, autismoaren errealitatea zein den ikusaraziko dugu. Izan ere, autismoa duten pertsonak ere gizartearen parte dira; herritarrak dira, eta herrian bizi nahi dute”. Horri tiraka, Orbegozoren ustez, pauso garrantzitsua izan da Gautenak Azpeitian azpiegitura zabaltzea.
Gautenako eta Marea Urdinako kideak urtebetez aritu dira Urdinduz egitasmoa eta haren bueltako ekitaldiak antolatzen. Bi egun baino ez dira falta mimo handiz prestatu duten egunerako, eta jada suma daiteke giroa Azpeitian. Izan ere, azken asteetan bateko eta besteko eraikinetako balkoietan ikus daitezke Urdinduz-en banderatxoak. Jaso duten erantzuna “izugarria” izan dela adierazi du Orbegozok, eta hala berretsi du Zulaikak ere: “Harrera oso ona jaso dugu, zoragarria; herri guztia urdinduta ikus daiteke jada. Igandean ere jendea parte hartzera animatuko dela aurreikusi dugu, Azpeitia herri oso inklusiboa delako eta Marea Urdinaren presentzia nabarmena delako”.
Loiolatik plazara
Gautenak 2014an antolatu zuen lehen aldiz Urdinduz Eguna, eta, harrezkero, Gipuzkoako hainbat herritan egin dute aldarrikapen eguna. Aurten Loiola eta Azpeitiko plaza batuko ditu oinezko martxak, eta urdin koloreko marea batek hartuko du herria. 11:00etan mila kamiseta urdin banatuko dituzte Marea Urdinako kideek Loiolan bertan, eta 11:30ean abiatuko da ibilaldia. Herritarrek, besteak beste, erraldoiak, trikitilariak, dultzaineroak eta ttuntturroak izango dituzte lagun ibilbidean. Plazara iristean, berriz, pintxoez, puzgarriez, jolasez, photocall-az nahiz beste hainbat egitasmoz eta ekitaldiz gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. Halaber, “lasai egoteko gune segurua” ere izango da plaza, autismoa duten pertsonei zuzendutakoa.
Egun handirako motorrak berotzen aritu dira egunotan herritarrak. Izan ere, Urdinduz-en atariko bezala, hainbat egitasmo antolatu dituzte, eta bihar ere izango dira: Urdinduz igeriketa sariaren lehen aldia, Eneko magoaren emanaldia nahiz bertso saioa izango dira. Egitasmoak hartu duen dimentsioan egin du azpimarra Orbegozok. “Egun bateko kontua izan behar zuen, baina bi astetara zabaldu dugu egitaraua”.
Egingo dute martxa urdina, pasatuko da apirilaren 2a, eta utziko du bere arrastoa Urdinduzek. “Urdinduz aitzakia hartuta, murala egin du Iñigo Bordak Loiola 91 eraikinean”, esan du Marea Urdinako kideak. “Urdinduz pasatuko da, baina horma irudi hori hor geldituko da. Azpeitia herri inklusiboa dela erakusteko balioko du”.
Leave a Reply