Unai Zubeldia
Festatik asko dauka Mutrikuko Berdel Egunak, baina baita aldarrikapenetik ere, berdela, berez, 1993ko hausnarketa batek egin zuelako ezagun. “Berdelarena kanpaina garrantzitsua izan zitekeela ikusi zuten garai hartako arrantzaleek, eta arrain hori sustatzeko sortu zuten Berdel Eguna, 1994an”. Marta Amonarriz Mutrikuko Udaleko Turismo teknikariak azaldu du gerora iritsi zirela Bermeoko (Bizkaia) Berdel Eguna eta gainerakoak. “Baina Mutrikukoa izan zen aurrenekoa, eta ospe handia hartu du, oso parte hartzailea izan delako hasieratik: kofradiakoak eta arrantzaleak bertan izaten dira beti, herritarrak ere bai arraina garbitzen, parrillak prestatzen, sukaldean… Jendeak sortu du egun hau”.
Egun osoko jaia izango dute bihar. 10:00etan hasiko dira, Izan arrantzale egitasmoarekin, eta gauean amaituko da, Belarri Fuckers eta Delirium Tremens Mutrikuko taldeen kontzertuekin. “Urte askoren ondoren, iaz itzuli zen Delirium Tremens, disko batekin, eta haiek entzuteko aukera izango da”. Tartean izango dituzte belaontzien txapelketa, merkatu txikia, abesbatzen saioa, berdel pintxo dastaketa… “Urteko lehenengo jaiegun berezietako bat izaten da, eta giro ona sortzen da beti”. Gutxi gorabehera, 4.000-5.000 lagun inguru elkartuko direla zehaztu du Amonarrizek.
Mutrikuarrak eta bertakoak ez direnak, denak elkartzen dira. “Eta hori da politena. Kanpotar asko etortzen dira, baina herritarrek ere egutegian ondo markatuta izaten dute Berdel Eguna; lan egin behar dutelako kasu batzuetan, baina bazkari-afariak antolatzeko beste batzuetan”. Amonarrizen hitzetan, aldaketa bereziak izan ditu Berdel Egunak azken aldian. “Despedidak-eta egiteko baliatzen dute askok Berdel Eguna, eta saltsa handia egoten da. Herritarrek beste era batera bizi dute eguna, baina denen eguna dela esango nuke”.
Iaz aldaketa nagusi bat egin zuten egitarauan, berdel-pintxo dastaketa arratsaldetik eguerdira igarota. “Oso gustura gelditu ziren denak, arratsaldeko ekintzez gozatzeko aukera ere ematen duelako, eta, horregatik, aurten ere 13:00etan izango da berdel-pintxo dastaketa hori”, esan du Amonarrizek. 25.000 pintxo inguru prestatuko dituzte bihar, denetarikoak. “Berdel opiltxoa, berdel salpikoia, berdela txakolin eskabetxean, berdela Mutrikuko erara, berdel eta barazki enpanada, berdela barazkien sobrasadarekin, berdel txaka, berdel frijitua eskabetxean, marmitakoa, berdel piperrada eta berdel errea”.
Bihar izango da egun handia, baina girotzen hasi nahi duenak berdel eta txakolin ezkontza izango du gaur, 18:30ean, Mutrikuko Arku Gain elkartean. Mikel Garaizabal Euskal Herriko edarien kulturaren dibulgatzaileak eta Eneko Arandia Arno batzokiko sukaldariak dastaketa bat eskainiko dute, berdela eta txakolina elkartuta; 5 euro ordaindu beharko dira.
Erretiroa hartu berritan
Azken 38 urteak arrantzan igaro eta iazko azaro erdialdian erretiroa hartuta, aurtengo Berdel Eguna “berezia” izango da Fran Bedialauneta mutrikuarrarentzat. “Guretzat egun handia da hau, eta badaukat joateko asmoa. Jendeari erakutsi egin behar diogu berdela nola jan. Izan ere, lehen, marinelen ingurukoek bakarrik jaten zuten berdela”. Bedialaunetak berak “astean bizpahiru aldiz” jaten du berdela. “Egia esan, arrain guztiak gustatzen zaizkit asko”.
59 urte dauzka Bedialaunetak, eta gogoan dauka berdelak lehen ez zeukala batere garrantzirik arrantzaleen artean. “Arrain horrek ez zeukan balorerik, inork ez zuen nahi, baina berdelari indarra emateko apustu bat egin zuen Mutrikuk, eta gaur egun arrantzaleentzat oso kanpaina garrantzitsua da; amorratuta ibiltzen dira denak berdel bila”.
Mutrikun bertan, gaur-gaurkoz, ez dago arrantzarako artisau ontzirik. “Pentsa, hamabi ontzi handi ibiltzen ginen garai batean, eta beste sei-zortzi txiki, baina kirol portua besterik ez dago orain. Pena handia ematen du egoerak”. Bedialaunetak etorkizun hurbilean ez du ikusten, gainera, aldaketarako aukera askorik. “Gazteak ez ditut ikusten itsasora begira. Kirol portura joaten dira, Berdel Egunean parrandara ere bai, baina arrantzale gutxi ikusten ditut nik gazteen artean. Behera-behera doa, eta pena da”.
Leave a Reply