Miren Garate
Aurreko astean aurkeztu zuen Yolanda Arrietak (Etxebarri, Bizkaia, 1963) Mari Gonagorri eta hamazazpi berri ipuina, Usurbilen, hango udalak sorkuntza sustatzeko ematen dituen laguntzetako bat eskuratu zuelako. Igandean aurkeztuko du berriz, Zarautzen, Haur Literaturaren Egunean, hango udalak antolatzen duen Lizardi saria irabazi baitzuen iaz lan horrekin. Halako laguntzen beharra nabarmendu du: “Idazle eta irudigileok denbora lasaia behar dugu sortzeko”.
Mimi eta Loa bikiak dira Mari Gonagorri eta hamazazpi berri ipuineko protagonistak. 7 urte dauzkate, eta zazpi hortz kolokan, bai eta arazo handi bat ere: nori eskatu oparia erortzen direnean. Zer kontatu nahi izan duzu gai horri helduta?
Berreskuratu nahi izan dut figura bat: erortzen zenean, esne hortza edo kika sutara edo teilatura botatzen zen, konjuru bat esanda: Mari Gonagorri, eutsi hagin zaharra eta berria ekarri. Hortz berria ekartzeko eskatzen zen, baina egoten zen oparitxo bat ere, ez erositakoa: intxaurrak eta halakoak. Buruan neukan aspalditik kontua, eta, betiko sagua ere hor egon arren, Mari Gonagorriren figurarekin maitagarri bat sortzen duen ipuin bat egin nahi izan dut.
Eguraldi iragarletzat ere hartu izan dira mantangorriak, baina esne hortzekin duten lotura hori ez da hain ezaguna izan, ezta?
Bizkaian-eta erabili izan da; nik neuk ez, baina nire amak-eta bai. Oskorriren diskoetan ere ageri da Maritxu Telletuko. Haurtzaroko lehen etapan izaten dira esne hortzak, eta aldi horretan jolastu zaitezke bizitzan, fantasian, formulatu dezakezu handitan zer izan nahi duzun… Artefaktu bat egin nahi nuen, liburuak irakurriz haurrak eta helduak elkarrekin egoteko.
Aurreko asteko aurkezpenean, bereziki nabarmendu zenuen haurrek eta helduek elkarrekin irakurtzea zein garrantzitsua den. Batez ere helburu hori izan duzu lan hau egitean?
Ipuina dendetan 0-8 urteko adin tartean jartzeko modukoa da, balio baitu lehen irakurleek irakurtzeko, baina 0tik 100 urtera artekoentzat dela esango nuke nik: batetik, luzea delako, nahiz eta hamazazpi atal izan; baina, bestetik, irakurketa partekatua egiteko aitzakia ematen duelako. Gehiago egon behar genuke umeekin. Helburu handiegia irudituko zaio norbaiti, baina nik hori izan dut kontuan liburu hau egitean: irakur dezagun elkarrekin, gelditu ulertzen ez dugunean, pentsatu, galdetu, hausnartu helduarekin batera esne hortz horiek zer diren, zer den haurtzaroa, zer diren desioak, zer den eskatzea…
Haurtzaroa berreskuratuz zahartu nahi omen duzu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Zahartzaroaren haurtzaroan nago, eta neure haurtzaroa piztu nahi dut, inguruan ditudan haurrekin partekatzeko. Haurrek berriro hasteko aukera ematen digute: dena berriro asma daiteke, eta elkarrekin pentsa dezagun nola bizi nahi dugun, zer nahi dugun eta zerk betetzen gaituen. Ipuin honetako baldintza zera da: dirurik gabe. Mari Gonagorrik opariak ekarriko ditu, baina ezin direnak erosi. Mimi eta Loa bikiak bere etxera eramango ditu, eta nahien errota dago han. Kika edo esne hortza bota, eta, isilik, nahi bat eskatu behar da. Nahien errotak kemen bonba bat ematen du trukean, baina formulatu egin behar da desioa. Horregatik nahi nuen nik maitagarri bat sortzea, maitagarriak, azken batean, gure barruko indar sortzaileak direlako; horiei, ordea, forma eta izena eman behar dizkiegu, oso abstraktuak dira eta. Umeek, askotan, guk baino gehiago sentitzen dute, baina ez dute jakiten zer hitz jarri, eta horretarako gaude helduak. Nahiak deszifratzen lagundu behar diegu.
Enrique Morente ilustratzaileak egin ditu irudiak. Zer lortu nahi izan duzue?
Lan asko egin ditugu elkarrekin, eta haren irudi ganberro, bizi eta dinamikoa oso ondo zihoan haurtzaro bizi, dinamiko eta jakin-min handiko horrekin. Liburu klasiko bat sortu nahi genuen, behin eta berriz bueltatzeko moduko liburu bat. Irakurtzeko modu asko daude: ozen, bakarrik, ahotsa jarrita, irudia bakarrik… Hamazazpi atalen izenburuekin olerki bat ere osatzen da. Berrirakurtzen dugun bitartean, geure ipuina sortuz joaten gara. Iruditzen zait hori falta dugula: ez diogu jendeari bere irakurketa propioa egiten uzten.
Usurbilgo Udalak emandako sorkuntzarako diru laguntza izan duzu lan hau egiteko, eta, ondoren, Zarauzko Udalak antolatzen duen Lizardi saria irabazi zenuen. Halako laguntzak beharrezkoak dira oraindik ere?
Idazle eta irudigileok denbora lasaia behar dugu sortzeko. Sortzen hasten garenean, mila gauzatan katramilatzen gara —batez ere, burokrazian—, eta zeregin horietan joaten da indarra. Denbora eta bakea diruak ematen du neurri batean, inora joan gabe eta beste lan batzuetan aritu beharrik ez izateko. Eskertzen dut Usurbilgo Udalak emandako laguntza, eta beste udalei ere halako egitasmoak antolatzeko gonbidapena egiten diet. Lizardi sariaren formatua ere aldatuta dago, eta oso ondo zaintzen du Zarauzko Udalak. Apirilaren 2a izaten da Haur literaturaren Eguna, eta gorazarre egingo diogu haur eta gazte literaturari; festa bat izango da.
Leave a Reply