Leire Narbaiza
Ezkor nabil, oso ezkor. Azken hilabeteetan inguruan sumatzen dudanak ikuspuntu ezkor hori sortu dit, ez nuke esango izaera kontu hutsa denik. Edozein komunikabide zabalduta motiboak nonahi ikusiko ditugu: gerrak, jendea goseak eta ihesean, beroketa efektua eta klima aldaketa, emakumeen kontrako erasoak, lan prekarioak eta pobrezia, eskubide sozialak murriztuta, presoak etxetik ehunka kilometrotara, aberatsak gero eta aberatsago, esplotazioa… Hori guztiori gero eta nabarmenagoa izateaz gain, zailago ikusten dut konponbidea, hara hor nire ezkortasuna.
Ezkortasunak badu halako fama txar bat. Nire ustez, fama txar hori kontzeptuak nahastetik dator; izan ere, ezkortasuna sarriegitan etsipenarekin lotzen da, amore ematearekin. Ez dut esango harremanik ez dutenik, batzuetan ezkortasun horrek paralisira eramaten gaituelako: hain gaizki badago guztia, zer egin dezakegu, bada? Ezer ez. Hori da kasu batzuetako arrazonamendua, prentsa txarra ematen diona ezkortasunari. Maiz, pentsatzen dut baikorrek zabaldutako desprestigioa dela. Gaur egun, auto-laguntza liburuen erruz eta paulocoelhotarrek lau haizeetara hedatutako ideiak daude horren muinean.
Baina baikortasunak ere sortzen du paralisia. Dena ondo irtengo da, gauzak hobeto daude, dena ondo doa. Mantra moduan errepikatzen dute hainbat politikarik —denoi etorriko zaigu burura Aznarren “España va bien” famatua—. Eta tanta txinatarraren moduan, burezurra zulatzen digu, hondora sartu arte. Don’t worry, be happy! Izan ere, happy izatea baita garrantzitsua, worry, kezkatu barik. Positibotasun hutsala, poziktibity.
Pesimismoak, zenbaitetan, perlesiak jota utz gaitzake, egia da. Baina beste batzuetan, ostera, aktibatu ere egiten gaitu. Amorruz bete, haserretu, sumindu. Eta borrokarako grina piztu, jakin arren irabazteko lanak izango ditugula, edo bataila galdua dela. Baina ez dezatela esan ekin ez geniola, ez genuela ezer egin horren alde. Horrela nago ni: ezkor baina borrokalari, kementsu. Edo gehiago gustatzen zaidan eran esateagatik: guerrera nago. Oso!
Ezkor eta borrokarako gogoz nago ni, adibidez, euskararekin. Zabaldu den diskurtsoak dio euskararen egoera hobea dela, osasuntsuagoa. Inoiz baino euskaldun gehiago dagoela, eta inoiz baino gehiago erabiltzen dela idatziz euskara. Ados. Baina nire pertzepzioa beste bat ere bada: euskara gehiago jakin baina gutxiago erabiltzen dela, eta sarritan erabiltzen den hizkuntzak men egiten diela erdaren arauei. Gaztigatu izan didate ez halakorik esateko, ezkortasunak ez duelako inor erakartzen, eta guk, euskaldun euskaltzaleok, erakarri egin behar dugula jendea, ez uxatu. Baina erakargarritasun kontu horiekin beti etortzen zaizkit burura emakumeoi etengabe bidaltzen dizkiguten mezuak: izan zaitez eder, erakargarri, bestela ez duzu inor limurtuko. Guk geure kabuz ez dugula ezer gutxi balio, alegia. Dena faltsua eta artifiziala izan behar garela, gezur bat saldu behar dugula.
Konforme egon ninteke ideia horrekin, jendea gureganatu behar dugu euskaldunok. Baina ez gabiltza hileta jotzen, nahiz eta Koldo Izagirrek autopsiarako frogak idatzi, ez dugu izkinetan negarrik egiten. Jon Sarasuak esan bezala, botila ez dagoelako ez erdi-hutsik, ez erdi-beteta; botila zulatuta dago.
Leave a Reply