“Baserritarrek ahalegin guztiak egin izan dituzte maiorazkoari eusteko”

Hitzez emakume baserritarren elkarteak hala eskatuta, oinordekotzari buruzko argibideak eman ditu Manu Barrenetxea abokatuak (Donostia, 1952). Nekazaritza gaietan lan egiten du gehienbat, eta aurreko astean Deban hitzaldi bat ematera gonbidatu bazuten ere, “berriketan” aritu zen bertaratu ziren baserritarrekin. “Zenbait puntu azaltzen hasi, eta gero galdera-erantzunen formatuan segitu genuen; oso interesgarria izan zen denentzat: haientzat nik esandakoa, eta niretzat haiek esandakoa”.

Hitzez emakume baserritarren elkartekoek zuregana jo zutenean, zuk zertaz hitz egitea nahi zuten?

Bi gai aipatu zizkidaten. Alde batetik, oinordekotzari buruz, maiorazkoaren egoera zein zen, emakumearen egoera zein zen… Halakoez hitz egin nahi zuten. Bestetik, titulartasun partekatua izeneko legeari buruz jardun nahi zuten. 2011. urtean jarri zuten martxan Espainian. Motzean esanda, babestu egiten du baserriko martxa eramateko titularrak senar-emazteak erdi bana izatea. Orain arte, bat izaten zen titularra, eta bestea bigarren titularra. Gainera, berrikuntza bat ere badakar: bikotea bananduz gero eta demagun emakumeak baserria utzi behar duela, baserria uzten duenak zer eskubide dituen zehazten du legeak.

Zer eskubide aitortzen dizkio?

Emakume horrek —normalean emakumea izango da— baserri horretan egindako lanen ordainen bat jaso beharko lukeela dio legeak. Eta ordain hori kalkulatzeko, kontuan izan behar da zenbat urteko lana egin duen, zein den baserri horretako ustiapen balioa eta zenbateko lanorduak egin dituen; egun osokoa izan den edo egun erdikoa. Eta hori da dagoen berrikuntza.

Lege horretaz baliatzeko zer egin behar da?

Baldintza batzuk zehazten ditu legeak. Esaterako, errolda batean izena eman behar da, irabazi guztiek erdibana izan behar dute, baita diru laguntzek ere. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundian galdetu dut lege berri honi buruz, eskaerarik jaso duten jakiteko, eta oraindik ez omen du inork eskatu ez Gipuzkoan, ez Bizkaian.

Eta aipatu duzun horrek ba al du zerikusirik testamentuen gaiarekin?

Emakume batek titular partekatua izanda, bere senarra bada maiorazkoa eta hiltzen bada, berak jarraitzeko eskubidea izango luke. Beraz, lotuta badaude.

Oinordekotzen inguruko legedia Kode Zibilak arautzen du, eta hori 1889koa da. Azken urteetan beste aldaketarik ezagutu al du?

1992. urtean aplikatu zen lege bat Gipuzkoan baserri mailan testamentua aldatzeko: testamentu forala. Hala, berreskuratu egin zen Foruen garaiko lege bat. Gaur egun, Nafarroan, Araban eta Bizkaiko zenbait tokitan indarrean dago lege hori: baserriko nagusiak badu aukera baserria seme edo alaba bakarrari uztekoa, era horretan baserriak irauteko. Bati uzteak, gainera, esan nahi du besteak ezer gabe utz ditzakeela, beste ondasunik ez badago. Beste ondasun batzuk baldin baditu, besteak banatu beharko lituzke denen artean. Lege hau berreskuratu bitartean, baserritarrek ahalegin guztiak egin dituzte baserria bakarrik bati pasatzeko, maiorazkoari eusteko.

Zer motatako ahaleginak?

Batzuetan, herentzia donazio bihurtuz lortzen zen baserria seme-alaba bakarrarentzat izatea; beste batzuetan, salmenta eginda… Baina orduan ezer gabe gelditzen ziren beste senideek erabaki horren kontra auzitara jo zezaketen, eta urte luzeetako borrokaren eta gastu handien ondoren, ahalegin hori ezerezean geldi zitekeen. Eta horrek baserri askoren porrota ekarri zuen. Beraz, lege honekin badago aldaketa bat. Gainera, lege honek dio maiorazkoa semea zein alaba izan daitekeela. Praktikan kostatu egiten da oraindik, zama kultural batzuek hor jarraitzen dutelako.

Legea bera al da baserrian ustiapena dagoenean edo baserriak etxebizitza zentzua bakarrik duenean?

Ustiapenik ez dagoen kasuan, foru legerik ez litzateke aplikatuko. Baserri ustiapenik egon gabe norbaitek testamentuan baserria seme-alaba bakarrari uzten badio, besteek horren kontra jotzeko aukera izaten segituko lukete.

Pertsona bat baserrira ezkondu eta han lana egiten badu, zer pauso eman behar ditu alargundu edo banatuz gero ezer gabe ez gelditzeko?

Debako hitzaldian aritu ginen horri buruz hizketan. Beharrezkoa da hitz egitea bai bikotekidearekin, bai haren gurasoekin —haiek badira baserriko nagusiak—, eta gauzak argi esatea. Gainera, harremana ona den bitartean egitea komeni da; hori da momentu egokia, eta ez gauzak okertzen direnean. Askotan uste dugu agiri bat egitea konfiantza falta dela, baina nik uste dut egin behar direla, eta gero eta gehiago egiten dira. Eta horretan egin beharko luke pertsona horrek indarra. Bikotekidearekin hitz egiten duena idatziz jaso. Hor gauza asko lotu behar dira: irabaziak, lanak, egoerak… Bananduz gero, bietako batek baserritik alde egingo du, eta halako agiri bat egitea ondo dago.

Eta nondik hasi?

Egin beharreko lehen gauza baserri horretan erroldatzea da. Ez itxaron, presarik ez dagoela esanez. Egoitzaren berri udaletxean eta aldundian azaldu behar da; arrastoak utzi behar dira.

Gipuzkoarrok Kode Zibila dugu, arabarrek, nafarrek… Foru Araua. Hango zerbait ekarriko al zenuke gurera?

Nafarroan, esaterako, ama edo aita batek posible du bere ondasun guztiak seme-alabak ez diren beste norbaiti utzi. Hori da desberdintasun nabarmena, eta zalantza ere hor dago, bietan zein den hobea.

Ondare kontuengatik familia askotan daude haserreak. Ba al dago arazoa ematen duen ezaugarri nagusi bat, arazo orokorren bat?

Testamenturik ez egiteak arazoak sortzen ditu, baita testamentua egin eta gero azalpenik ez emateak ere. Nik izan ditudan esperientzietan, testamentu bat egon denean eta senideak ondo konpondu direnean, zergatia galdetuz gero esaten dute testamentua eginda zegoela eta amak edo aitak banan-banan edo denekin batera hitz egin zuela hartutako erabakien arrazoiez. Azalpenik ez dagoenean, errezeloak egon ohi dira. Nik uste dut bi puntu horiek beteta arazo asko konponduko liratekeela.

Baserrian ala kalean, non sortzen da arazo gehiago?

Debako hitzaldian denok bat gentozen gauza batean: baserritarrak era batera ikusten du baserria eta haren balioa. Hark baserriaren morroi jotzen du bere burua, nahiz eta nagusia izan, eta kaletarrarentzat, berriz, baserria sekulako pagotxa da: asko balio duen ondasuna. Ikuspegi desberdina dago, beraz. Eta kaleko senideak eska dezake bere partea, eta dirutza eskatu.

Baserritarren artean, ba al dago eskaeraren bat legeari dagokionez?

Ez dut uste. Hala ere, Deban baserritarrek argi esan zidaten: gauza bat da eskubideak izatea, bestea eskubide horiek ezagutzea, eta gero, eskubideak gauzatzea. Eta esan zuten, adibidez, lege aldetik dauden aldaketen eta aukeren berri askorik ez dutela. Eta aurpegiratzen ziguten arlo juridikoan gabiltzan abokatu, notario eta halakoei ez dugula informazio handirik ematen. Esaterako, Gipuzkoako notaritza batzuetan baserritar bat testamentua egitera joan, eta batzuetan esplikatzen diotela bazela lege berri bat, eta berriz beste batzuetan ez. Eta hori esaten zuten: legea ateratzea ondo dagoela, baina gero lege horren berri ez bada ematen ia alferrikakoa dela. Eta gero, lege hori betearazteko bitartekoak ez badira jartzen… Hor bai, esan zuten beharbada lan gehiago egin beharko luketela erakundeek, notarioek, abokatuek… Aldaketa horien guztien berri ematen eta zabaltzen.