Greba egin dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileek hiru egunotan. Itunpeko lekuak eskaintzen dituzten egoitza eta eguneko zentroetako langileak dira: 3.800 inguru, gehien-gehienak andrazkoak. “Lan gogorra dute; bai fisikoki, baita psikologikoki ere”, azaldu du Iñigo Zubeldiak. ELAko arlo soziosanitarioko arduraduna da Gipuzkoan. Sindikatu horrek %55eko ordezkaritza du sektorean. Udazkenetik dabiltza patronala eta sindikatuak lan ituna hitzartzeko elkarrizketetan, eta akordiorik ezak eraman ditu kalera. Ez dira soldataren inguruko eztabaidan katramilatu. “Ados gaude KPIa igotzearekin”, esan du Zubeldiak. Harago doa protestaren ardatza: lan itunean “bermeak” nahi dituzte langileek, neurri zehatzak, Espainiako lan erreformak hitzarmena etorkizun hurbilean guztiz itxuralda ez dezan. Eta enpresak ez daude horretan amore emateko prest. Bi taldetan banatuta daude Gipuzkoan zahar etxeetako enpresak; Adegik irabazi asmoa dutenak batzen ditu, eta Laresek, irabazi asmorik gabeak: Gurutze Gorriak eta lekaimeek kudeatutakoak daude horien artean, esate baterako. Gipuzkoako Foru Aldundia prest agertu da diru kopuru bat —8,2 milioi euro— langileen lan baldintzak hobetzera bideratzeko. Enpresek hasieran ez zuten hori onartu, baina aste honetan, grebaren atari-atarian, prest azaldu dira Adegin batutakoak.
Hala ere, protestaren aldeko hautua egin dute langileek, ELAk eta LABek egindako greba deialdiaren eskutik. Mesfidantzaz hartu dute enpresaburuen azken orduko aldaketa. “Adegik nahi du lan itun horretan ez agertzea klausula bakar bat ere lan erreformaren aurka egingo duena”, azaldu du Zubeldiak. “Eta sindikatuok eta aldundiak, aldiz, diogu lan erreformaren aurka egon den kontsentsu sozialak argi utzi duela zein den gipuzkoarren iritzia horren inguruan”. Lan erreformak ekar ditzakeen kalteak zerrendatu dituzte, lan baldintzak nabarmen kaskartuko lituzkeela nabarmenduz. “Diru iturria ikusten dute enpresek lan erreformak dakartzan neurrietan, baina ez dituzte izango”. Sektorean lehendik ere sarritan lan baldintzak aski txarrak direla dio, eta horien kontra egin behar dela. “Emakume askok ez dute lanaldi osorik, eta horietako askok ez dute inoiz erretirorik lortuko. Lan merkatuan sartu dira andre asko zaharrentzako zentro hauen bitartez, baina, erretiratzen direnean, miseria ez-kontributibotik biziko dira”, kritikatu du.
Itunaren iraungitzea kezka
Lan erreformaren ondorio larrienetako bat ikusten dute lan hitzarmenen iraungipen bizkorrean; lehen, akordio berririk lortu ezean, aurreko hitzarmenak jarraitzen zuen indarrean, baina orain erreformak ekar dezake beste aukera bat. “Erreformak bidea ematen du hitzarmena bukatu eta urtebetera beste akordio bat hitzartzen ez bada, estatuko ituna ezartzeko; eta horrek baldintzak asko okertu ditzake; izango lirateke 400 euro gutxiago hilean, 200 ordu gehiago urtean”. Uztailaren 7a bitarteko epea dute Gipuzkoan hitzarmen berria izenpetzeko. “Ez dugu pentsatzen egun batetik bestera estatuko ituna ezarriko luketenik; baina pentsatzen dugu hortik aurrera, poliki-poliki, baldintzak kaskartzeko bidea hartuko luketela”. Horregatik nahi dute uda baino lehen horrelakoetarako biderik emango ez duen lan hitzarmen taxuzko bat indarrean izatea: “Bermeekin”. Lan erreformaren ondorioz, herrialdekako itunek balioa galdu dute enpresaz enpresa egindakoen aurrean, eta hori saihesteko “bermeak” eskatzen dituzte, hain zuzen ere, langileek.
Lan erreformak erraztu egin du gaixoaldian dauden langileen kaleratzea; aski da bi hilabetean langileren batek bederatzi egun baino gehiago egitea gaixo, haren kaleratzea merkeagoa izateko. “Eta hori ez aintzat hartzeko eskatu dugu”, adierazi du Zubeldiak. Gogora ekarri du zahar etxeetako langileek lan gogorra izaten dutela sarri eta atsedenaldi luzeak eskatzen dituzten lesioak nahiko ohikoak izaten direla. “Hala, lan erreforma betetzen bada, langile ia denak daude kalean geratzeko arriskura kondenatuta”, ohartarazi du.
Malgutasunaren beldur
24 orduko zerbitzua eman behar izaten dute zaharren artara zuzendutako zentro askotan; gau eta egun aritzen dira langileak. Txanda klase asko bete behar izaten dituzte horretarako. Lan erreformarekin, ordea, malgutasuna areagotu egingo dela uste dute sindikatuek, txarrerako. “Enpresei aukera ematen die orduen %10 nahierara erabiltzeko”, azaldu du Zubeldiak. “Alegia, dei zaitzakete egun batetik bestera lanean agertzeko”. Aldaketa horren alde azaldu dira Gipuzkoako enpresak, baina diputazioak ez die onartu, eta sindikatuek ere gogor egin dute kontra. “Lana eta familia bateratzeko zailtasun handiak eragingo lituzke horrek”, esan du Zubeldiak. Halaber, lan hitzarmen berrian ager daitezen, lanaldi murrizketak errazteko hainbat baliabide ere zerrendatu dituzte.
Lan erreformari ikusten dioten beste arrisku bat da arbitratze zerbitzuei ematen zaien aparteko lekua. “Izan ere, auzitara jo beharrean arbitratzeetara bideratzen dira gatazkak; eta bide horretan ari dira poliki-poliki lan baldintza kolektiboak urritzen”, ohartarazi du Zubeldiak. Horregatik, soilik “bi aldeek” egoki ikusten badute arbitratzera joateko zehaztapena egin dute langileek eta aldundiak defendatzen duten proposamenean. Bestalde, lan hitzarmen kolektiboa ez betetzeko zirrikituak itxi dituzte.
Protestarako orduan langileen atxikimendua ia erabatekoa izan dela dio Zubeldiak. “Langile hauek badakite lortu duten guztia borrokaren bidez lortu dutela”. Enpresek esan dute diputazioak eskaini duen diru gehigarria lanpostu berriak sortzeko erabili beharko litzatekeela. Baina argudio hori funtsik gabea dela dio ELAko ordezkariak. “Azken urte hauetan enpresak kalitatea urritzen ari dira; hobekuntza guztiak kendu egin dituzte, eta langile taldeak txikitu egin dituzte… Eta orain lana sortu nahi dutela diote? Ezin da lan gehiago izan lan hori prekarioa bada. Ez gaude prekarietatea areagotzeko prest”. Baikorra da. “Uste dugu irabaziko dugula; diputazioak egindako proposamena aintzat hartuko dute azkenean”.