Laida Goiburu
Gero eta emakume gehiago txirrindularitzara —eta, zehazki, errepideko txirrindularitzara— bultzatzeko asmoz, duela bi urte Emakumeak Errepidera egitasmoa jarri zuten martxan Leire Olaberria eta Chari Rodriguez txirrindulari profesional ohiek. Herriz herriko topaketetan parte hartu duten emakumeek elkar ezagutzeko eta bizikletarekin gozatzeko aukera izan dute harrezkero. Bihar egingo dute aurtengo Emakumeak Errepidera topaketako lehen saioa, Tolosan; uztailaren 1era arte, sei saio izango dituzte guztira, sei udalerritan. “Gozatuz eta eroso sentituz”, emakumeek dagokien tokia aldarrikatu nahi dute errepidean.
Txirrindularitzak harreman sozialak saretzeko eta jarduera fisikoa egiteko eskaintzen duen aukera baliatuta, emakume bakoitzaren behar pedagogiko, sozial eta fisikoei erreparatzen die programak, eta txirrindularitza zaleak interes bera dutenekin harremanetan jartzea sustatzen du. Egutegian egun batzuk zehaztuta, emakumeak elkartu eta martxa zikloturistak egiten dituzte. Lehiarik gabeko egitasmo bat da, eta ateak zabalik dauzka interesa duen ororentzat. Parte hartzeko, mezu bat bidali behar da emakumeakerrepidera@gtxe.eus helbidera.
Ainhoa Ostolaza txirrindulari profesional ohi eta Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko emakumeen arloko arduradunak azaldu duenez, errepidean bizikletan ibiltzen direnei zein hasiberriei zuzendutako proiektua da Emakumeak Errepidera. “Ibilbideak ez ditugu aurrez definituko, baina bi arlotan sailkatuko ditugu: hasi nahi dutenentzako ibilbideak, eta asteburuero errepidera irteten direnentzako eta saio eder bat egin nahi dutenentzako ibilbideak”. Ibilbide horiek “moldatzeko, luzatzeko edo murrizteko” aukera eta “horietan trebatzeko tresnak” ematen dizkiete parte hartzaileei. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak, gainera, furgoneta bat eramaten du beti topaketara, edozer gertatzen dela ere arta emateko.
Taldeak sortzeko asmoa
Ostolazaren esanetan, ez da erraza izaten emakumeen egutegiak bateratzea eta lotzea; pixkanaka, baina, ari dira pausoak ematen: hirugarren urtea izango dute jada aurten. “Normalean, emakume gutxik topo egiten dugu errepidean, baina ea aukera honekin gehiago elkartzen garen”. Federazioarentzat “ekimen garrantzitsua” dela esan du Ostolazak, zeren, egitasmo lehiakorra ez denez, uste baitu baliagarria dela lanketa bat egiteko. “Beldurra edo errespetua sentitzen dutenei laguntzeko gaude gu, beldur horiek galduz joan daitezen”.
Txirrindulari hasiberri eta amateurrek ez ezik, profesionaletan aritutakoek ere parte hartuko dute aurten ere topaketetan. Iaz, Ostolazak berak eta Abraham Olanok parte hartu zuten, besteak beste. “Arantzazu Azpiroz, Ainhoa Artolazabal… Garai batean profesionaletan aritu ginen txirrindulariei deitzen digute, eta hori da politena, erreferente batzuk haiekin ibiltzea”. Lehia alde batera utzita, esperientziak partekatu, errepideko txirrindularitzaz gozatu eta jakintza askotarikoak barneratu nahi dituzte emakumeek, topaketetatik harago etorkizunean errepidera aterako diren taldeak sortzeko.
Azken urteotan errepidera “geroz eta emakume gehiago” ateratzen direla nabarmendu du txirrindulari ohiak, eta federatutako txirrindulariei dagokienez ere “txukun ibiltzen diren neska dezente” daudela azpimarratu du. “Berdintasun arloan lanean ari gara, lasterketak eta jarduerak antolatzen ditugu, geroz eta emakume gehiago dabiltza gogotsu errepidean, eta taldeek ere geroz eta proiektu osatuago eta politagoak dituzte”, adierazi du Ostolazak.
Emakumeek bizikleta gainean segurtasuna, teknika eta independentzia lortzea eta txirrindularitza zaleen sare bat sortzea dute helburu Emakumeak Errepidera proiektuarekin. Bakoitzak eman dezakeena kontuan hartuta. “Gurpilean joateko aukerarik ez duena, aldapa behera joateari beldurra diona, piñoiak eta platera aldatzeko eskuak askatzeari beldurra diona… Gauza horiek lantzeko ere bada proiektua”.
Leave a Reply