Miren Garate
Justizia Zerbitzu Publikoaren Antolamendu Efizientziari buruzko Lege Organikoaren aurreproiektuak aurrera egiten badu, desagertzear egon daitezke bake epaitegiak. Mahai gainean dagoen testuaren arabera, justiziako udal bulegoek ordezkatuko dituzte epaitegi horiek, «eta haien figura ordenamendutik desagertuko da». Ondorioz, bake epailerik ere ez da izango. XIX. mendetik daude udalerrietan.
Kontuan hartuta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak urtea amaitzerako izango direla, baliteke laster heltzea berriz ere gaiari Madrilgo gobernuak, legea agintaldi honetan onartu ahal izateko. Sustatzaileen arabera, lege berriaren helburua da gaur egungo behar berberei erantzungo dien egitura berri batera igarotzea, «baina egungo gizartearen eskaerei hobeto egokituta».
Azkenean lege horrek zer aldaketa ekarriko dituen jakin bitartean, Gipuzkoako dozena bat herritan baino gehiagotan daude martxan bake epaileak hautatzeko prozesuak asteotan. Lehen Instantziako Epaitegirik eta Instrukzio Epaitegirik ez duten udaletan egoten dira, baita herri txikietan ere. Lau urtean behin berritzen dira, eta, kargu hori bete ahal izateko, ez da beharrezkoa Zuzenbidea ikasketak izatea. Era berean, bateragarria da beste lanpostu batzuekin, nahiz eta salbuespen batzuk egon.
Hainbat zeregin
Jendea ezkontzeko eskumena da bake epaileen zereginen artean ezagunenetakoa. Haien kargu egoten da erregistro zibila, eta, ondorioz, jaiotzen, heriotzen eta ezkontzen inskripzioak, bizi agiriak eta egoera agiriak, jaiotza eta ezkontza agirien lekualdatze eskaerak eta abar ere egiten dituzte bake epaileek.
Demanda zibiletan, 90 eurotik beherako erreklamazioak azter ditzakete. Adiskidetze ekitaldiak ere zuzendu ohi dituzte, gertaerak epaiketara iristea saihesten saiatzeko. Era berean, herritarrek, polizia etxeetan ez ezik, bake epaitegietan ere jar ditzakete salaketak.
JOSE ANGEL IGARZABAL
(Zumarragako bake epailea. 50 urte karguan eman ostean, Zumarragako bake epaile izateari utziko dio)
«Baliagarria sentitu naiz herritarrentzat»
Bake epaitegira joan beharrik ez izatea «arraroa» egingo zaiola aitortu du Jose Angel Ibarzabalek. 50 urtean izan da bere herri Zumarragako bake epaile, eta laster da kargua uztekoa, 80 urterekin. «50 urte hauetan, bake epaile izateak oso beteta sentiarazi nau, eta, era berean, baliagarria sentitu naiz herritarrentzat». Zeregin horri esker, uste du Zumarragako gizartearen ikuspegi «osoagoa» eta «gertukoagoa» lortu ahal izan duela. «Nire iparra beti izan da elkarbizitzari laguntzea».
Garaiak aldatuz joan dira, eta bake epaileek ez dituzte zeregin berberak Igarzabalen lehen urteetan eta gaur egun. Garai batean, esate baterako, hilotzak altxatzea ere bake epaileen zeregina izaten zen. Hura zen, Igarzabalen ustez, lanaren alderik gogorrena edo desatseginena. «Orain, guardiako epaitegiek egiten dute, baina nire lehen urteetan gure ardura zen. Senideak hor dituzu, eta ukitu gizatiarra jartzea dagokizu.
Ez da batere samurra minez beteta dauden senideen ondoan egotea. Halakoetan, hildakoarekin egin beharreko tramitazioak arintzen saiatzen nintzen».
Ezkontzak, gutxitzen
Zereginen aldaketei lotuta, beste mugarri garrantzitsu bat izan zen 2015ean: Espainiako 1/2015 Lege Organikoa indarrean sartzearekin batera, desagertu egin ziren falta arinak, eta, ondorioz, gutxitu egin ziren bake epaileen lanak, ordura arte bake epaitegiek baitzuten falta arinen gaineko eskumena. «Zigor arloan, bake epaileok ez dugu eskumenik orain».
Lanaren alderdirik atseginena, berriz, ezkontzak iruditzen zaizkio Igarzabali, eta kontatu du arlo horretan ere hainbat aldaketa igarri dituela azken hamarkadetan. Artean, frankismo garaia zen Igarzabal bake epaile lanetan hasi zenean, eta, lehen urte haietan, ezkontza zibil bakarra zuzendu zuen. Ordutik, ordea, 640 bikote ezkondu dituela kontatu du. «2005ean, 79 ezkontza izan ziren Zumarragan: 52 kanonikoak eta 27 zibilak. Gogoan ditudan azken datuak 2013koak dira, eta orduan 22 izan ziren zibilak eta bederatzi kanonikoak». Azaldu du gero eta jende gutxiago ezkontzen dela. «COVID-19aren pandemiaren eraginak alde batera utzita ere, joera hori ikusten da, izatezko bikote egitea erabakitzen dutelako, edo ez dutelako formalizatzen beren harremana».
Kontatu du Zumarragako ezkontza zibil gehienak Legazpi dorretxean egiten direla, pianoa dagoelako han. «Anekdota moduan, behin bikote bati bere txakurrak eraman zizkion eraztunak». Hala ere, Igarzabalek zehaztu du ezkontza guztiak ez
direla zorionez beteak izaten. «Ospitalea daukagu Zumarragan, eta hiru ezkontza egin ditut in articulo mortis; hau da, bietako bat hilzorian zegoenean».
«Betetasun sentipen handia» lortu izan du adiskidetze ekitaldietan ere, berak esku hartu izanari esker arazoa epaitegietara ez iristea lortu denean. Azaldu du adiskidetze ekitaldiak gatazka zibiletan izaten direla; adibide bat izan daiteke norbaitek ez diola iturginari ordaindu. «Epaitegietara ez iristeaz gain, arazoa konpontzea lortuz gero, egundoko poza izaten da». Halako egoeretan, erabateko diskrezioari eustea ezinbesteko baldintza dela dio.
Udalaren omenaldia
Bake epaile kargua bateragarria da bestelako lan batzuekin, eta hainbat zereginetan aritu izan da Igarzabal. «Administraria izan naiz Zumarragako siderometalurgiako enpresa batean». Kazetari lanak ere egin izan ditu; hala nola, La Voz de España eta Unidad egunkarietan, Efe berri agentzian eta Segura Irratian. Iaz, berriz, Jose Maria Iparragirre, una crónica para el recuerdo liburua argitaratu zuen. «Bake epaile izanda, botere judizialeko kide zara, baina ez zara graduko epaile, eta ez duzu zuzenbidean lizentziatua izan beharrik».
Lau urtean behin berritzen dira bake epaileak, eta Igarzabali ere maiztasun horrekin berritu diote kargua. Prozeduraren arabera, lau urteak igarotakoan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak udalari jakinarazten dio hutsik dagoela bake epailearen kargua. Orduan, udalak ediktu bat jartzen du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, nahi duenak izena emateko aukera izan dezan. Aurkeztutako hautagaien artean bat aukeratzen du udalak, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jakinarazten dio, izenda dezan. Ondoren, barruti judizialeko buru den epaitegian hartzen du kargua bake epaileak.
Uneotan, prozesu hori amaitzear dute Zumarragan, eta Mikel Lizarralde izango da bake epaile berria. «Aholkurik ez dut harentzat», dio Jose Angel Igarzabalek. «Nire ustez, zentzua izatea da garrantzitsuena». Bake epaitegian egindako lana eskertzeko, iazko uztailean omenaldia egin zion Zumarragako Udalak. Herriko makila ere oparitu zioten. «Poz handia eman zidan. Gustura noa».
PILAR IPARRAGIRRE
(Oiartzungo bake epailea)
«Ezkontzak gustatzen zaizkit gehien»
Agente judiziala izatea zen Pilar Iparragirreren hasierako asmoa, «baina oposizioak eta abar egin behar dira, eta ez da erraza». Bake epaileen berri izan zuen, eta erabaki zuen bere burua aurkeztea lan horretarako. Errenterian sei urte eta erdian izan zen bake epailearen ordezkoa, eta Oiartzungo bake epailea da 2018tik aurrera. «Lan polita iruditzen zitzaidan, gustura egingo nuen lan bat. Hain zuzen ere, gustatu egin behar zaizu lan hau, diru gutxi kobratzen baita». Bake epaile izateaz gain, zahar etxe batean lan egiten du Iparragirrek (Donostia, 1968), erizain laguntzaile gisa.
«Ezkontzak gustatzen zaizkit gehien. Paperengatik ezkontzen direla esaten dute askok, baina ikusi egin behar da zer ilusio izaten duten». Era askotako bikoteak ezkondu izan ditu. «80 urteko jendea ere ezkontzen da. Bizi osoa elkarrekin egon ostean, orain ikusten dute agian bietako bat faltako dela laster, eta ezkontzen ez badira, pena horrekin geratuko direla». Iparragirreri ere egokitu izan zaio bikote bat presaz ezkondu behar izatea, minbiziaren eraginez oso larri zegoelako bietako bat: «Beti izan omen zuen ezkontzeko ilusioa, baina beti utzi eta utzi, eta hilzorian zegoenean ezkondu zen azkenean. Donostiako epaitegira joan nintzen dokumentuen bila, eta hiru egunera ezkondu nituen».
Iparragirrek kontatu duenez, bikoteak benetan ezkondu nahi duela egiaztatzea izaten da bere zereginetako bat; hau da, tartean ez dagoela interes ekonomikorik eta bestelako interesik. «Ea elkar ezagutzen duten, elkar maite duten eta abar begiratzen dut, eta, horretarako, isil gordeko entzunaldiak egiten ditut. Lehen, nik inkesta bat bidaltzen nion fiskalari, eta hari zegokion onartzea. Orain, nik ematen dut oniritzia». Elizan edo udaletxean ezkontzen diren bikoteen dokumentuak sinatzea ere bake epaileari dagokio.
Erdibidearen bila
Bake epaileen zereginen artean, adiskidetze ekitaldiak iruditzen zaizkio konplexuenak. «Donostiako epaitegira joan aurretik, bi aldeak ados jartzen saiatzen gara ekitaldi horietan. Askotarikoak izan daitezke gatazkak; adibidez, bizilagunen elkarteetakoak». Iparragirrek kontatu du bi aldeei entzuten eta esaten dutena ondo ulertzen ahalegintzen dela halakoetan. «Erdibide bat egoten da, eta saiatzen naiz horra iristen, baina beharrezkoa izaten da biek zerbaitetan amore ematea».
Errenteriako eta Oiartzungo egoera bertatik bertara ezagututa, aldeak igarri ditu bi herrien artean. «Errenteriako biztanleak Oiartzungoak halako lau dira, eta askoz lan gehiago zegoen han. Adiskidetze ekitaldietan ere laguntza handiagoa eskaini behar izaten zen». Nabarmendu du bake epaile izateak herritar asko ezagutzeko aukera eman diola.