Orain arte Lurraldebus izan duten erabiltzaile gehienek txartel horrekin jarraitu ahalko dute hemendik aurrera ere. Dena den, 18 urte baino gehiago dituzten gazte txarteldunek, 65 urtetik gorakoek eta urritasunen bat dutenek frogatu beharko dute ez dituztela gainditzen gutxieneko diru sarrerak, Mugi sistemaren onurak jasotzen jarraitzeko. Diru sarrera gaindituz gero, Mugi txartel arrunta eskatu beharko dute. Orain arteko txartela erabiltzen jarraitu ahal izango dute, baina astelehenetik aurrera ezingo dute txartela diruz kargatu, errenta eskakizuna betetzen dutela egiaztatu arte. Egun hauetan, prozesua nola egin azaltzeko eskutitza jasoko dute etxean.
Bestalde, Lurraldebusen umeentzako txartela desagertu egingo da; bost urtetik gorakoek Mugi Gaztea txartela eskatu beharko dute. 5 urte baino txikiagoek ez dute ordaindu beharrik izango.
Mugi sistemara pasatzearen ondorioz, Donostiako hiri barneko autobusetan ere aldaketak izango dira. Dbuseko bonu arruntak erabiltzeko azken eguna igandea izango da; martxoaren 14a arte, Kutxan edo Euskadiko Kutxan berreskuratu ahalko dute erabiltzaileek txarteletako saldoa. Dbusen Bonobus soziala edo Dbusen hileko bonua dutenek, berriz, astelehenetik aurrera ezingo dituzte txartel horiek diruz gehiago kargatu. Dena den, txartela guztiz agortu arte edo gehienez ere irailaren 3a arte erabili ahalko dute Bonobus soziala; hileko bonuaren kasuan, iraungi arte erabili ahal izango da.