Astegun buruzuria, 10:15. Donostiako Poliklinika ondoan dagoen geltokian gizon bat dago autobusaren zain, txakurra ondoan duela. Hori da bidaiaren abiapuntua; autobus eta trenean joan da Gipuzkoako Hitza, tarifa sistema berriari buruz garraio publikoaren erabiltzaileekin hitz egiteko. Hernanira jaisteko autobusaren zain dago Luis Gorrotxategi. Garraio publikoaren eta, batez ere, autobusaren ohiko erabiltzailea da, eta Lurraldebus txartela erabiltzen du ordaintzeko; ikusmen urritasuna duenez, orain arte hobari berezia egiten zioten garraio publikoa erabiltzerakoan. Orain, tarifa sistema berriarekin, diru sarreren arabera izango du hobaria. Horren berri ematen zion gutuna etxean jaso zuen. “Ziurrenik diru sarrerak gaindituko ditut, eta urritasunagatik nuen hobaria galduko dut. Kasu horretan, Mugi txartel arruntera pasako naiz”. Urritasunen bat dutenen taldean sartuz gero, txartel arruntarekiko %108ko hobaria izango luke. Halere, sistema bateratua Gipuzkoan “aurrerapauso handia” izango dela uste du.
Adoracion Santacruz ere autobus geltokira iritsi da. Andoainera doa; ia egunero hartzen du autobusa, baina ez dauka Lurraldebus txartelik, eta ez du Mugi txartela ateratzeko asmorik ere.
Minutu gutxira iritsi da ospitaleetatik Donostia erdigunera doan 28. autobusa. Noizbehinkako txartela 1,55 euro kostatzen da. Astelehenetik aurrera, 1,60 euro balioko du; Mugi edo Lurraldebus txartelekin ordainduz gero, 0,88 euro kostako da gehienez.
Teresa Otxoa autobusean doa. Amaran bizi da, eta Donostiako hiri autobusaren erabiltzailea da; Lurraldebus txartela dauka. 65 urte baino gehiago ditu Otxoak, baina ez du hemendik aurrera Mugi txartelarekin izango diren aldaketen berririk. “Ez zaizu Lurraldebusetik etxera eskutitzik iritsi?”, galdetu dio Mari Carmen Villastrigok, atzeko eserlekutik; hark badaki 65 urtetik gorakoei dagokien %108ko hobaria izateko lehenengo diru sarrerak frogatu behar dituela. “Nik dagoeneko dokumentuak aurkeztu ditut. Orain erantzunaren zain gaude”. Dbus Donostiako hiri autobusaren txartela izan du orain arte Villastrigok, eta hori laster desagertu egingo da. “Gastatu arte erabiliko dut Dbus. Mugi txartel berria ere eskatu dut”.
Autobusa jendez lepo iritsi da erdigunera. Ondoren, Euskotrenen geltokian ere mugimendu handia dago. Zarautzera joateko treneko noizbehinkako txartelak 2,20 euro balio du; astelehenetik aurrera, 2,30 euro ordaindu beharko da. Baina Lurraldebus edo Mugi erabiliz gero, 1,27 euro. Izan ere, Mugi edo Lurraldebus txartelarekin trena ere ordain daiteke.
Nagore Uranga eta Leire Esnal Oriora doaz trenez. Biak Donostian igo badira ere, Uranga Errenteriatik dator; Donostian tren batetik jaitsi eta beste batera igo da. Bi trenak Euskotrenenak direnez, Mugi txartelarekin ordainduko balu, bidaia merkeena ez luke ordainduko. Baina Urangak eta Esnalek urteko bonua daukate, eta oraingoz ez dute beste txartelik ateratzeko asmorik.
Irene Aizpurua eta Kontxita Arratibel ere tren berean doaz. Egunero egiten dute Usurbildik Donostiarako joan-etorria. Autobusa ere badute, baina trena erosoago egiten zaie. “Asteburuetan hartzen dugu autobusa, goizean goiz trenik ez dagoelako”. Trenak maizago izatea gustatuko litzaieke. Hileko bonuarekin ordaintzen dute trena. Arratibelek Lurraldebus txartela ere badu autobuserako. 65 urte baino gehiago ditu, baina ez dauka informazio askorik; ez daki txartela aldatu behar duen edo ez.
Kontxita Letamendiak, aldiz, argi du Mugi txartela aterako duela. Donostiatik Zumaiara doa ahizpa bisitatzera, hamar bidaiako bonuarekin. “Dbus txartela dut, Donostiako autobusetarako; baina hori desagertu egingo da. Mugirekin trenak eta autobusak denak txartel berarekin ordainduko ditut”. Josefina Urkidi bidaiariak bere kexa azaldu nahi izan du. “Txartel berriarekin Eibarreraino bakarrik ordain daiteke. Baina ni Zaldibarrera noa”.
Autobusa, merkeago
Zarautzen trenetik jaitsi eta autobus geltokia nahiko gertu dago. 2,05 euro balio du Zarauztik Donostiara joateko txartelak; trenak baino 15 zentimo gutxiago. Tarifa sistema bateratuarekin ez da horrelakorik gertatuko; trena edo autobusa hartu, bi herriren arteko zerbitzuak prezio bera izango du.
Oriora doa Iñigo Aiertza. Aian bizi da, eta ez dago oso gustura autobus zerbitzuarekin; Aiatik Zarautzera eta Oriora jaisteko autobusak asko gutxitu dizkietela dio. Lurraldebus txartela dauka duela bost urtetik, baina Mugi txartel berria ere eskatu du. Leire Osa, berriz, Zarauztik Donostiara doa lanera. Ez du autobusa askotan erabiltzen, baina Lurraldebus txartela badauka: “Gutxi erabili arren, Lurraldebusekin egiten didaten deskontuak merezi dit”. Usurbilen igo da autobusera Eunate Artola. Autobusaren eta trenaren ohiko erabiltzailea da. “Orain arte, bi edo hiru txartelekin ibili behar nuen. Deskontuak egiteko treneko eta autobuseko bidaiak kontatzea ere abantaila izango da”.
Donostian, ospitaleetara igotzeko autobusa hartu, eta hor amaitu da bidaia. Hiru autobus eta tren bat hartuta, eskudirutan ordinduta, 7,35 euro kostatu da. Tarifa sistema berriarekin, garraio aldaketetan deskontu handia egingo dute; beraz, 2,98 euro kostatuko litzateke bidaia, Mugi edo Lurraldebus txartelekin.