Aitziber Arzallus
Bakardadea sentipen hedatua da gizartean, adinekoen artean, batez ere. Sentipen horren zenbatekoa neurtzeko helburuarekin, bakarrik bizi diren 65 eta 80 urte bitarteko herritarren egoera aztertzeko ikerketa egin du Azpeitiko Udalak. COVID-19aren pandemiak haiengan izan duen eragina neurtu nahi izan du erakundeak, eragin horiek murrizteko neurriak hartzeko eta baliabideak eskaintzeko; adibidez, haiei konpainia egiteko boluntarioak.
Ikerketa egin ostean, hiru ondorio nagusi atera dituzte. Batetik, parte hartu duten pertsonek “osasun ona eta ohitura osasungarriak” dituztela; alegia, gehienak autonomoak eta independenteak direla, eta ez dutela laguntza formalaren edo informalaren beharrik. Bestetik, COVID-19aren ondorioak “uste baino leunagoak” izan direla haiengan, familia zein lagunarte eta gizarte harremanei dagokienez. “Ikusi da herritar gehienek badutela sare sozial sendo eta estu bat, eta bakardade sentipena urritzen du horrek”. Baina, eta hirugarren ondorio gisa, ikusi dute bakardade sentipena “espero baino hedatuago” dagoela. Izan ere, ikerlanean parte hartu dutenen ia erdiek —alargunak gehienak, udalak zehaztu duenez— aitortu dute batzuetan bakarrik sentitu izan direla.
Elkarrizketatutako asko bakardade sentipen horri aurre egiteko boluntarioen laguntza jasotzeko edo boluntario izateko prest agertu direla jakinda, udalak erabaki du bakardadeari aurre egiteko egitasmo bat garatzen hastea, Adinkide erakundearekin elkarlanean. Hain justu, adineko pertsonen bakardadea arintzeko lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundea da Adinkide, Gipuzkoako Foru Aldundiak duela sei urte pasatxo martxan jarritakoa.
Harreman afektiboak
Oraingoz, bakarrik sentitzen diren adineko herritarrei konpainia egiteko prest leudekeen boluntarioen bila ari dira Azpeitian. Garazi Etxaniz gizarte langile eta Adinkideko Azpeitiko arduradunak azaldu du “aukeratutakoa ez den bakardade sentipen horri aurre egitea” dela helburuetako bat. “Adinekoen eta boluntarioen artean harreman afektiboak eraikita; zahartzaroaren inguruan dauden estigmak, uste oker eta estereotipoak apurtzea ere bai; adinekoek gizartean duten parte hartzea sustatzea; eta belaunaldien arteko harremanak eraikitzea”.
“Boluntarioei eskatzen dieguna da gutxienez astean bi orduz elkartu daitezela dagokien adinekoarekin, hitz egiteko, ibilalditxo bat egiteko, kafe bat hartzeko edo biek adostutako beste edozein ekintza gauzatzeko”, azaldu du Etxanizek. “Dena dela, asteroko konpromiso hori hartu ezin duten herritarrek ere izango dute boluntario izateko aukera, beste ekintza batzuetan parte hartuz”. Hilean behin, berriz, boluntario eta adineko guztiek elkarrekin ekintzaren bat egiteko asmoa ere badute. Boluntarioek “adinez nagusiak” izan behar dute, eta 16 eta 18 urte artean dituztenek “legezko tutorearen baimena” beharko dute. “Pare bat orduko oinarrizko formakuntza saio bat” egin beharko dute azken horiek.
Konpainia ziurtatu nahian
Adinkideko kidearen esanetan, “ahalik eta boluntario sare handiena osatzea” da lehenengo helburua. “Zerbitzuaz baliatu nahi duen adineko bakoitzeko bi boluntario lortu nahiko genituzke, badakigulako boluntarioei ere beste konpromiso batzuk sor dakizkiekeela. Ez genuke nahi proiektuan parte hartzen duten adineko horiek konpainiarik gabe gelditzerik”.
Leire Goenaga Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuaren arabera, badaude zantzuak pentsatzeko etorkizunean bakardade sentipena izango duten herritarren kopurua handituz joango dela. Horregatik, uste du egungo proiektua “hasiera bat bakarrik” izango dela. “Herritarrentzako behar-beharrezko proiektua da zaintza komunitarioaren ikuspegitik”.
Biek ala biek herritarrei eskatu diete proiektuan parte hartzeko eta boluntario izatera animatzeko. Egitasmoan parte hartu nahi duten herritarrek Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara jo dezake, edo 607-61 24 70 telefono zenbakira deitu.
Leave a Reply