Badago iragarki berri bat telebistan. Italiako herri pintoresko bat iradokitzen digu, musika sentsuala eta irudietako koloreak epelak ditu. Logela bateko gortinak haize leunak mugitzen ditu, eta balkoitik jardin polita ikusten da. Gelan ohe gainean emakume eder bat dago erdi etzanda, sexytasuna adierazteko erabiltzen diren pose bihurri horietako batzuk egiten. Artista ezaguna da andrazko hori, eta bularretako eta kulero konjunto eder bat darama jantzita, enkajeduna. Satinezko négligé-a ere badauka soinean (Ai! gaztelaniazko salto de cama logela mantala ematen dit Zehazki hiztegiak!). Dena primeran konbinatuta. Emakumea gustura eta disfrutatzen dago, ez dakigu zer dela eta, baina dantzan dabil, irribarretsu.
Barruko arropa marka baten iragarkia da, bistan denez. Arropa ederra da, baina etxean lasai egoteko ez da batere erosoa, ezta praktikoa ere. Etxean gustura egoteko ez ditugulako gure piezarik onenak janzten, baizik eta gusturen sentiarazten gaituztenak. Nork ez dauzka kaxoian kulero batzuk kalerako moduan ez daudenak, baina goxoak eta nasaiak direnak? Beharbada, etxeko arropa zahar hori barrukoa nahiz kanpokoa, ez dago kanpoko inork ikusteko moduan, baina bada gure intimitatearen parte atsegina, ondo sentiarazten gaituena.
Izan ere, etxerako-kalerako dikotomia oso zorrotza da gurean. Kalekoa ezin etxean erabili, zikindu eta hondatzeko arriskua daukalako. Eta etxekoak kalean janzteak barregarri bihurtuko gintuzkeelako gizartearen begietan. Barruko arroparekin ere gertatzen da hori; nahiz eta kalean daramagunean, printzipioz, inork ikusten ez duen. Baina gurean, behintzat, txikitatik sartu ziguten buruan azpiko arropa egokia —garbia eta ez oso zahartua, kurioso, berba baten— jantzi behar genuela kalerako, ezer gertatuz gero, inor lotsa ez zedin —etxekoak, alegia—. Kulero zikinak edota zulodunak zaintza onaren adibideetako bat zirelako, eta kanpoko jendearen iritziak zeukan garrantziaren erakusgarri. Dena dela, gure nagusiek ez zuten imajinatzen ezbehar hipotetiko hori gertatuta, artatuko gintuztenak kopla barik ibiliko zirela, begiratu gabe zelako arropa generaman. Artaziak hartuta klis-klas moztu eta aurrera.
Iragarkiak beste kontu bat ere iradokitzen du: zoriontsu eta ondo egoteko horrelako arropa jantzi behar dugu. Sexy egotea beste erremediorik ez zaigu geratzen. Lehen esan dudan moduan, janzki horiek ez dira erosoenak. Sexytasuna eraikitako zera bat da, batez ere emakumeoi ezartzen zaiguna. Erakargarriak izan behar dugu, sexurako prest gaudela adierazteko moduan. “Iradoki, erakutsi barik” premisa zaharra. Horrez gain, beti perfektu egon beharra, ohetik jaiki berri bagaude ere. Anuntzioko artista bezala: buruko ilea ganoraz, eta beste ile guztiak desagertuta.
Markak aurkezten diguna badakigu ezinezkoa dena, fantasia hutsa. Baina bada gutaz espero dena, modu xumeagoan bada ere. Eta hori egiazta liteke, adibibidez, jendeari entzuten zaizkion txantxazko iruzkinetan, batez ere kulero altuak eta erosoak ikusiz gero. Zigortxo bat da, eraikitako sexytasun horrekin talka egiten duelako, barregarri lagata halakoak janzten dituztenak.
Jakingo balute giltzurrunak eta sabelaldea zein ondo babesten dituzten, zein erosoak diren! Ziur nago iragarkikoak ere jantziko lituzkeela, lanean ez balego!
Leave a Reply