U. Zubeldia
Alex Prior (Donostia, 1991) “amaren ekimenez” hasi zen eskriman, “2008-2009 inguruan”. 15-16 urterekin udalekuetara joateko aukerarik ez zeukala-eta, amak esan zion ez zela etxean geldituko; oharkabean topo egin zuen eskrimarekin; probatu, eta gustatu egin zitzaion.
2 urte zeuzkala, Perthesen gaixotasuna diagnostikatu zioten Priorri: odol fluxuaren gabezia dela eta, izterrezurraren buruari eragiten dio gaixotasun horrek; hezurra deformatu egiten da. Bizpahiru ebakuntza egin behar izan zizkioten gaztetan, eta badaki ziurrenik protesi bat beharko duela etorkizunean —ibiltzeko, makuluekin moldatzen da gaur egun—. “16-17 urterekin, ebakuntzak egin zizkidaten garaian, ikusi nuen gurpil aulkiko eskrima ere bazegoela”. Eta erabat lotu zuen kirol hark ere.
Hainbeste lotu zuen, COVID-19aren pandemiak soilik urrundu zuen Tokioko Paralinpiar Jokoetatik; aukera dezente zituen hara iristeko. “Amorru handia eman zidan, oso ondo bainengoen. Pena izan zen, baina…”. Hurrengo urteko Parisko Paralinpiar Jokoei begira dago Prior jada. “Goi mailako kirola da hau, oso zaila, baina uztailean dugu Munduko Kopa, Jokoetarako puntuagarria, eta gogotik saiatuko naiz”.
Fortuna eta Salto Bera Bera
Kirolak “bizia” eman dio donostiarrari. “Entrenamendu bakoitza poza da niretzat. Umetan, jolas nintekeen pixka bat parkean, lagunekin, baina 16 urterekin, adibidez, ezin nuen jokatu futbolean; gogorra izan zen niretzat”. Kirol egokituari esker egiten ari da gaztetan egin gabe utzitakoa. Donostiako Fortuna taldean aritzen da eskriman, eta Salto Bera Beran gurpil aulkiko saskibaloian. Aulki berezi bat erabiltzen du kirol jarduera bakoitzerako. Irunen lan egiten du, Likale enpresako laborategian, teknikari, 06:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean izaten ditu entrenamenduak.
Priorren ustez, herritarrek ez dakite benetan Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak zenbateko lana egiten duen. “Ez dituzte lizentziak bakarrik ematen; ikastetxeetara joan eta gaia umeekin lantzen dute, itsuen egunerokoa islatu… Edonork izan dezake zorte txarra, eta gurpil aulkian bukatu; eta oso garrantzitsua da kontzientziazio lana egitea”. Begiradari eman dio garrantzia donostiarrak: “Egunero nabaritzen da ‘gaixoa’ esanez bezala begira dagoela norbait, baina guk ez dugu pena eman nahi”. Begirada hori pixkanaka “zuzenduz eta normalizatuz” joatea espero du.
Leave a Reply